Haustura eraberritzaile baten lekuko

Juan Luis Zabala / 2013-12-11 / 401 hitz

Pako Sudupek Eusebio Osaren pentsamendua aztertu du ‘Eusebio Osa: belaunaldi baten lekuko’ liburuan.

«Gure pentsamendua eraberritu zuen belaunaldi baten lekuko abantailatuenetako bat» izan zen Eusebio Osa (Bergara, 1936- Gasteiz, 1993), Pako Sudupe idazle eta EHUko irakasle eta ikerlariaren ustez. «Pentsamendu tradizionala hausten eta berria sortzen aitzindari izan ziren Krutwig, Txillardegi, Aresti, eta Rikardo Arregiren ildoan» garatu zuen bere pentsamendua Osak, Suduperen ustez, «Txillardegirekin talkan zenbaitetan, baina haiekin eta Joxe Azurmendi adiskidearekin». Osaren pentsamenduari buruzko liburua kaleratu berri du Pako Sudupek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959), Eusebio Osa: belaunaldi baten lekuko (EHU).

«60ko eta 70eko hamarkada pipermintsuak bizitzea» egokitu zitzaion Eusebio Osari, Sudupek gogora ekarri duenez, «eta 80ko hamarkada bareagoa baina ez barea, eta konpromiso eta engaiamendu handiz bizi izan zituen, borroka sozial-kulturaletan murgilduta». Gasteizko Olabide ikastolan eta alfabetatze eskoletan irakasle izan zen; 1976ko martxoaren 3ko grebetan parte hartu zuen; 1985ean, NATOn sartzearen aurkako koordinakundeko kide izan zen… «Pentsamendua eta praxia, biak elikatu zituen. Ez alderdi biak hein berean, haatik. Ezagutu zutenek gehiago kokatzen dute pentsalarien taldean, ekintza-gizonen artean baino; gehiago intelektual, aktibista baino».

Marxismoari estu lotuak izan ziren Osaren lehen pausoak politikan: OIC/EKEren kolaboratzaile, Iraultza aldizkariaren euskal orriaren arduradun 1977-78ko urteetan… «Demokrazia eta sozialismoa gauza bera zirela zioen Osak Espainian lehen hauteskundeak egin aurretik, benetako iraultza sozialaren alde paratuz», Sudupek dioenez. «Kuba eredu ona izan zitekeen, eta Frantzia txarra zen, eta indarrean zegoena frankismo faxistatik demokrazia burges kapitalista autoritarioranzko trantsizioa zen». Hauteskundeen emaitzak ikusita, eta batzarretan antolaturiko langileen borroka sindikatu borroka izatera igarotzean, espezializazio hori kritikatzearekin batera, Osak etsi egin zuen, eta kritika soziopolitikora eta lan kulturalera lerratu.

«Kritika soziopolitikoa Egin eta Euskaldunon Egunkaria-tik egin zuen, kutsu literario-filosofikoz zirtaturik testuak», dakar gogora Sudupek. «Hots handiko intelektual liberal espainiar eta amerikarren aurka egoki argudiatu zuen —Fernando Savater, Juan Aranzadi, Juan Pablo Fusi, Julio Caro Baroja, Octavio Paz…—, eta ez gutxiago salatu zuen estatubatuarren jendarme izaera, eta haien sarraskiak Amerikako kontinentean, eta munduan».

Euskara ‘mantxatuaren’ alde

«Beti euskaltzale eta euskal idazle izan zen» Eusebio Osa. «Hasieran nahiko tradizional, euskaldun fededun, aurrerago euskara mantxatuaren alde; euskara bai, baina ez zapaltzaileen alde erabiltzeko. Bere bizitzako azken hamabi urtean dena euskaraz idatzi zuen, tesia barne».

Pedagogia eta gizartea (Lur, 1971), Pentsakera eta kultura (Lur, 1974), Dialektikaz eta kulturaz (Kriselu, 1975) eta Euskararen hitzordena, komunikazio zereginaren arauera (EHU, 1990) liburuak argitaratu zituen, besteak beste, Eusebio Osak, artikulu ugariz gain. Horietako asko Barne-barnetik liburuan (Arabako Foru Aldundia, 1997) bildu zituzten Xabier Etxaniz Erlek, Jose Luis Ormaetxeak eta Patxi Salaberrik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.