Hiru egia berdadero

Imanol Mercero / 2013-12-15 / 206 hitz

  • Izenburua: Ez da munduan min handiagoa ematen duenik
  • Idazlea: Paco Livan
  • Ilustratzailea: Roger Olmos
  • Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea
  • Argitaletxeak: Txalaparta eta OQO

Literatura ongi pasatzeko bada, ezinbesteko baldintza da haurren gustuekin bat egitea, eta ematen du hori lortzeko liburu egin-berriak eta proposamen modernoak bilatu behar ditugula ezinbestean. Baina ez da hala, zeren gure arbasoengandik jasotako tradizioaren alerik zaharrena ere balekoa da, formatu egokian badator.

Demagun Boli Kostako herri-ipuin batean oinarritutako Livan & Olmosen album ilustratu hau: fabula tradizional tipikoa da, egitura antzinakoa du, animaliak protagonista ditu, eta, disimulurik gabe, irakaspen moral garbi bat irakatsi nahi du, fabuletan ohikoa den bezala. Eta, hala ere, oso ongi funtzionatzen du bospasei urtetik gorako haurrekin, zeren obra ongi eginda badago ezaugarri horiek ez dira eragozpen, baizik eta dohain.

Ipuin honek testu soila eta eraginkorra du, edergailurik gabea, elkarrizketak gehiena, zuzen doa bizitzaren egia bat adibidez janztera: gezurra da minik handiena. Albuma izanik bi-orriko osoak hartzen dituzten ilustrazioak ditu, iruditegi asaldagarriarekin eta marrazketa ganberroarekin, guztiak karikaturaren eta errealismoaren erdibidean kokatzen diren proposamenez beteak. Itzulpenak sintaxi bihurria erakusten du juxtu giltza diren pasarteetan, baina ez dira irakurketa oztopatzeko adinako kaltea.

Aitzakia gutxi dago hiru egia berdaderoren jabe den lana irakurtzeko: literatura ongi pasatzea da, zaharra ez da txarra, gezurrak ematen du minik handiena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.