Bi mundu ez hain desberdinak

Amaia Portugal / 2014-02-27 / 862 hitz

Literaturan matematikari egindako erreferentziak maiz agertzen direla erakutsi dute Marta Macho ikertzaile eta irakasleak eta Javier San Martin zientzia kazetariak, Bilbon eman duten hitzaldi batean.

Elipsea, hiperbola eta parabola hitz hirukotea geometriari lotzen zaio; kono baten ebakidurak eman ditzakeen kurba motak dira. Elipsiak, hiperboleak eta parabolak, berriz, idaztearekin eta ipuinekin zerikusia duten kontzeptuak dakartzate gogora. Bokal bat aldatzea aski da lehenengo bi kasuetan, eta horren beharrik ere ez hirugarrenean, matematikak eta literaturak bat egiteko.

Sofia Kovalevskaia ikertzaileak berak (1850-91) esana da ez dagoela matematikari izaterik poeta arimarik eduki gabe. Eta badaude esaldiari buelta ere eman dakiokeela pentsarazten duten zantzuak, idazleek keinu mordoxka bat egin izan baitiete zenbakiei. Hitz jokoak ez ezik, zifra jokoak ere oso maitatuak dira literaturan. Horri buruz lekukotza zabala eman zuten herenegun Marta Macho EHUko matematikariak eta Javier San Martin zientzia kazetariak, Bilboko Hika Ateneon aurkeztu zuten hitzaldian.

«Matematikaria naizen aldetik, matematika gure bizitzan dagoela pentsatzen dut, eta edonon dagoenez literaturan ere badagoela. Idazleek matematika baliatzen dute beren idatzietan, beste gauza asko baliatzen dituzten bezala. Ez dute propio hitz egiten matematikari buruz, erabili egiten dutelako baizik. Goizero ohetik jaikitzen garen unetik bertatik dagoelako matematika gure bizitzan», dio Machok.

Literatura klasikoan zein garaikideagoan, topa daitezke horren adibideak. Esaterako, Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak ezagunean esaten da zehazki bederatziehun liliputar behar izan zituztela sokez eta bestelako tresnez lagunduta Gulliver altxatu eta gurdira eramateko. Matematikak erakusten du eleberrian egindako kalkulua ez dela ausazkoa: liliputarrak Gulliver baino hamabi aldiz txikiagoak, laburragoak eta argalagoak zirenez gero, 123 aldiz arinagoak ere baziren. Horren arabera, zilegi da haientzat erraldoia zen gorputz hori mugiarazteko bederatziehun lagun behar izatea. Liliputar bakoitza bere pisua halako biri eusteko gai litzatekeela esan nahiko luke horrek, eta soken eta habeen laguntzaz posible litzateke hori.

Zorroztasun handiz egindako matematika agertzea ohikoa da eleberrietan. Jose Zorrillaren Don Juan Tenorio aipatu du San Martinek: «Gulliverrekin bezala, Tenoriok urtebetean zenbat emakumez burlatu den kalkulua egiten duenean, ondo egina dago». Zehazki 72 emakume izan direla esaten da eleberrian: bost egun eta ordubete behar omen zuen emakume bakoitza erakarri eta atzera ahaztu eta «ordezkatzeko». Biderketaren emaitzak 363 egun ematen ditu, zehazki. «Ez dakit idazleek matematika propio erabili zuten, baina, behintzat, ondo erabiltzeko ardura hartu zuten», dio zientzia kazetariak.

Obra garaikideak

Kalkulu arruntak egiteaz harago zihoan, bestalde, Edgar Allan Poe. «Ez zuen zientzia ikasketarik, baina zientzialari amateurra zen. Kriptogramak zituzten asmakizunak proposatzen zituen egunkarietan, mezu ezkutu bat aurkitzeko», azaldu du Machok. Horixe bera egin zuen Urrezko kakalardoa piratei buruzko istorioan ere. Izan ere, kriptograma bat dago idatzita ipuinean agertzen den pergamino batean, eta Legrand pertsonaiak xehe azaltzen du deszifratzeko bidea. Gaur egun, kreditu txarteletan baliatzen da, besteak beste, kriptografia.

Literatura modernoagoari dagokionez, badago matematikaren unibertsaltasuna fikziorako baliatu duen idazlerik ere. Pierre Boulleren Tximinoen planeta, horren erakusgarri. Hizkuntza komunik ezean, protagonistak Pitagorasen teorema irudikatzen duen hiruki bat marrazten du, tximinoari frogatzeko izaki adimentsu bat duela aurrez aurre. Antzeko zerbait gertatzen da Carl Saganen Contact eleberrian ere, protagonistak zenbaki lehenak irudikatzen dituzten seinaleak jasotzen baititu, eta Lurretik kanpo bizitza adimentsua badagoela ondorioztatzen du horrela.

Matematika literaturarekin lotzen duten adibide estetikoagoak badaude, hala nola Bizitza izeneko Jacques Roubauden poema bitarra. Informatika lengoaia baliatuz, soilik 1 eta 0 zifrekin osatutako olerki bat da. «Zoragarria da, eta bikain transmititzen ditu olerki batek dituen sentimenduak, zer eta zenbakien bidez. Itxuraz kontrajarrita dauden bi mundu elkartzen ditu. Hitzaldian erakutsi nahi genuenaren paradigma aparta da», dio San Martinek.

Machok, berriz, Frantzian 60ko hamarkadan sortutako Oulipo literatura taldeak egindako lanak azpimarratu ditu, eta, bereziki, Raymond Queneauren Cent mille milliards de poèmes poesia liburua (Ehun mila bilioi olerki). Hamar orri ditu, eta hamalauna lerroko soneto bana orri bakoitzean; baina lerroak tiratan ebakita daude, orri bateko eta besteko lerroak konbinatu eta hartara soneto berriak sortzeko aukera emanez. «Halako jokoetan, matematika forman agertzen da, edukian baino gehiago. 1014 poema desberdin irakurtzeko aukera dago. Liburu hori irakurrezina da berez, kalkulua egiten baita, eta milioi bat mende beharko genuke poema guzti-guztiak irakurtzeko. Asko kosta zitzaion lan hori sortzea, poema guztiek zentzua izan behar baitute: gramatikari dagokionez, bederen», dio Machok.

Jorge Drexler konpositore uruguaitarrak egin du literatura, musika eta matematika lotu dituen saiakera berrienetako bat. Queneauren bidetik, eta Aplicanciones egitasmoaren barruan, 1010 abesti desberdin sortzeko aukera ematen duen sakelako aplikazio bat sortu du. «Bisualki zoragarria iruditzen zait, fraktal bat ematen duelako ia [sakelakoaren pantailan kartaz egindako gaztelu piramidal baten itxura hartzen du aplikazioak]. Gainera, matematika mordoa dago horren atzean, eta teknologia berriei oso lotuta dago», esan du San Martinek. Bitxikeria moduan, aipatzekoa da Aplicanciones proiekturako doinuetako batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituela Drexlerrek.

Oinarrian, matematika ederra eta jostagarria izan daitekeela erakutsi nahi izan dute Machok eta San Martinek herenegungo hitzaldiarekin, eta ez zaiela zertan beldurrik izan. «Horrelako hitzaldiekin, jendeari ulerrarazi nahi diogu matematika zaila izan daitekeela neurri batean; baina fisikarekin, literaturarekin eta artearekin gertatzen den neurri berean. Une batetik aurrera, edozer giza jarduera bihurtzen da konplexu, lanean serioa izan beharra dagoelako, eta gai bat ondo ulertzeko zorrotz ikasi behar delako», dio Machok.

Are gehiago. Zientzien eta letren arteko bereizketa artifiziala deuseztatzeko saio bat ere badira halako hitzaldiak. Izan ere, EHUko ikertzaile horrek adierazi bezala, «matematika kulturaren parte da. Guk ez dugu uste zientziak eta letrak daudenik, kultura baizik, eta kultura orokorra duen pertsona batek trebakuntza askotarikoa izan beharko luke. Denetarik jakin behar da pixka bat».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude