‘Frankenstein’ eta ‘Mihia aske’ lanak kaleratu ditu Literatura Unibertsalak

Igor Susaeta / 2014-02-27 / 614 hitz

Mary Shelleyren nobela Iñigo Errastik itzuli du, eta Elias Canettiren autobiografiaren lehen zatia, Ibon Uribarrik.

Elias Canettik Die Gerette Zunge kaleratu zuen 1977an. Idazlearen autobiografiaren lehen atala da, eta horretan deskribatzen du munduratu zenetik 16 urte zituen arte Bulgarian, Zurichen, Vienan eta Londresen izan zuen giro eleanitza. Ibon Uribarrik itzuli egin du (Mihia aske), eta iruditzen zaio genero aldetik ere interesgarria dela lan hori euskarara ekartzea, gisa horretako asko ez daudelako. Literaturaren bidez baino ezagunagoa da Frankenstein antzerkian eta zineman hari buruz egindako moldaketengatik. Mary Shelleyk XIX. mendearen hasieran mito bihurtutako munstroaren nobela itzuli du Iñigo Errastik. Ia berrehun urte igaro dira liburuaren lehen bertsioa kaleratu zutenetik, baina itzultzaileak pentsatzen du zientziarekin eta horren aurrerapenekin zein arriskuekin zerikusia daukan edozer dagoela lotuta mitoarekin. Literatura Unibertsala bildumako 159. eta 160. zenbakiak dira; Eusko Jaurlaritzak diruz bultzatu, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), eta Erein eta Igela argitaletxeek editatzen dute.

Literaturako Nobel saria irabazi dutenetako bat da bildumara gehitutako bi idazleetako bat; izan ere, 1981ean eman zioten Canettiri (1905-1994). Kontuan hartzeko moduko pertsona da, Uribarriren esanetan. Familia sefardi baten barruan jaio zen, Bulgarian, eta «gaztelera zaharra» zuen ama hizkuntza. Itzultzaileak azaldu duenez, uda batean ikasi zuen alemana Zurichen, amak inposatutako metodo gogor bati jarraituz. Gurasoek alemanez egiten zuten beren artean, eta gerora, idazleak hizkuntza horretan idatzi zuen.

Gainera, jatorriz judua eta kulturalki sefardia izanagatik, II. Mundu Gerraren ondoren ere alemanez produzitzen jarraitu zuen, erbestera jo behar izan zuten beste idazle judu batzuek ez bezala. Londresen, hogei urte baino gehiago egin zituen, eta Erresuma Batuko herritartasuna lortu arren, inoiz ez zuen lanik argitaratu ingelesez. «Gauza berrien atzetik ibiltzen zen», nabarmendu du Uribarrik. Horregatik dauka, esaterako, nobela bakarra, gaztetan idatzitakoa. Bestela, aforismo bilduma bat, bidaia liburu bat, hiru ataletan banatutako autobiografia eta Masse und Macht saiakera laudatua (Masa eta boterea, 1960) argitaratu zituen. Zurichen lurperatu zuten, James Joyceren, «beste idazle ibiltari baten» aldamenean.

Shelleyk (Londres, 1797-1853) 21 urte besterik ez zuenean ondu zuen Frankenstein. «Nobela gotikoa dekadentzian zegoenean idatzia da, erromantizismoa jaiotzen ari zenean», argitu du Errastik. Horretan bazekien hitz egiten munstroak, baina, «dramatizazio prozesu baten bidez», mututu egin zuten, bai zineman, bai antzerkian ere. Idazleak nobelaren beste bi bertsio egin zituen, eta 1831koa aukeratu du Errastik itzulpena ontzeko. Haren iritziz, pertsonaiak badu garapen bat liburuan. «Esaterako, on egiten dute, baina, gertatzen zaizkion gauzengatik, dohakabe bihurtzen da».

Mito modernoa da Frankenstein, eta itzultzaileak jakinarazi du, adibidez, genetikoki aldatutako janariari Frank food deitzen zaiola Ingalaterran. Dena den, mito horren bilakaeran gauza asko galdu direlakoan dago: «Sinplifikatu egin da. Munstroaren eta zientzialari erdi eroaren irudia besterik ez zaigu heldu».

Egileak bizitza «gorabeheratsua» eduki zuen. 11 egun besterik ez zuenean hil zen haren ama, eta aitak, «muturreko filosofo batek», baztertu egin zuen. Hari esker ezagutu zuen, ordea, Percy Bysshe Shelley poeta erromantikoa eta filosofoa, senar izango zuena. Ingalaterrako «giro itogarritik» alde egin zuen bikoteak, eta uda batean Lord Byron erromantizismoaren erreferentearekin bildu ziren Genevan (Suitza). Han sortu zen Frankenstein idazteko ideia. Mamu ipuinak kontatzen zizkioten hirurek elkarri, eta Byronek horri buruz idaztera animatu zuen bikotea. Gau batean, ametsetan zegoela, Frankenstein-en historia etorri zitzaion burura Shelleyri, eta, beldurtu egin zenez, sentipen hori besteengan eragiteko grinaz hasi zen eleberria idazten.

Errastiren irudiko, «irakurketa franko» dauka oraindik ere liburuak. «Zientziaren inguruan gaur egun dauden eztabaida etikoekin lotzen da, esaterako, eta literarioki ere balio handia dauka».

Itzultzailea da Errasti Bizkaiko Foru Aldundian, eta, gainera, hainbat literatur lan itzuli ditu. Harold Pinterren obren antologia bat, esaterako (Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk), eta baita John Steinbecken Gizonak eta saguak ere. Uribarri irakaslea eta ikertzailea da EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio arloan, eta bai alemanetik bai japonieratik itzuli ditu literatur lanak. Horien artean daude, esaterako, Herta Mullerren Hatsaren kulunka, Thomas Bernharden Alferrikaldua eta Haruki Murakamiren Gauaren sakonean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.