Lilura

Goizalde Landabaso / 2014-02-11 / 260 hitz

Willem de Kooning-ek badu Woman izeneko margolan sorta bat. Oso aspaldi izan nuen nik horren berri, literatura irakasleak agindutako irakurgai bati esker. Baina egia esatera, horren berri izan eta urte askoz geroago ezagutu eta gozatu nuen margolan sorta. Ez ditut akorduan literatura irakasleak; baina ondo gogoan dut irakasle hura. Egunotan nonbait ikusi dut Maggie, indazu kamamila eta beragaz gogoratu naiz. Nerabe nintzela irakurri nuen. Joseba Sarrionandia batek idatzia. Berrirakurtzeari ekin diot, eta, flashback itzel batean, izan nintzen nerabe harengana itzuli naiz.

Memoriaren zokondo ilunen batetik irakaslearen berbak azaldu dira. «Oso idazle berri ona da, etorkizun handia izango duena». Literaturak kutsa gaitzan saiatzen zen hark asmatu zuen asmatuko zuela jakin barik. Ipuinak gomuta asko ekarri dizkit. Maggie-ren istorioak asaldura ekarri zidan. Maiteko ote zuen Mahattango etxe estu huran Maggie-k senarra, horrek Maggie maite adina? Hura zen bortizkeria, hura grina, hura hil nahia. Zenbat aldiz ez ote nuen hiztegia begiratu; Ihardetsi, haboro, laket, Amatto, ahuen, kausitu, aiherkundea eta New York hits. Asebete utzi ninduen irakurketak. Amaitu, eta atoan atzera be irakurri nuen. Lehenengo sentsazio hura bezalakorik, ezin. Frustrazioa berehala ikasten den lezioa da.

Urteak igarota, narrazioa osterantzean irakurri dut. Amaitutakoan, lehenengoz irakurri nuen sentsazioa oroitu dut, baina ez dut sentitu. Harrezkero liburu asko pasatu dira esku artean. Batzuekin gozatu dut, asko. Baina ezer Maggie-ren kamamilak eragindako eztanda horren antzerakorik. Pentsakor utzi nau horrek. Amatatu egin ote da orduan nuen zerbait? Sarrionandiaren idazketa ere asko aldatu da. Horrek ere zer pentsa eman dit. Amatatu zaio orduan zuen zerbait? Beharbada, beste barik, denbora joan da, eta nik ezberdin irakurtzen, eta berak ezberdin idazten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude