Mikel Asurmendi / 2014-02-02 / 478 hitz
- Izenburua: Nevadako egunak
- Egilea: Bernardo Atxaga
- Argitaldaria: Pamiela
Nevadako bizipenak kontatu ditu Nevadako egunak-en Atxagak. Ez da egunerokoa, ordea. 150 piezaz osaturiko lana da, genero gisa sailkatzen zaila. «Kronika bilakatutako nobela» legez sailkatuko nuke neronek. Iruzkingile originala izan gabe, ausart izan nadin: liburuak Jose Irazu izenez behar ote lukeen nago.
Kronika-nobelaren pertsonaia nagusien izenak irrealak izan arren, Angela emaztea (Asun Garikano), Izaskun eta Sara alabez beste (Elisabet eta Jone Irazu), badira izen errealak: Irazuren aita Jazinto eta Izaskun ama. Badira ere benetako izenak eta izanak: Mary Lore, Bob Earle edo Mannix lagunak, lagunen lagunak Dennis Horace Wilson eta Brianna Denison funtsezko pertson(ai)ak. Pertsona(ia)k anitz dira. Iraganeko Paulino Uzkudun edo Nabokov, bi aipatu aldera, hala nola Barack Obama. Egungo bakarra aipatzearren.
Orainean gauzatua izanda ere, obra honek egilearen oroimenean —oroi eta minean— hartzen du funtsa. Egileak «iraganeko Obaba egungo Obaman txertatu du». «Amets atxagiarra egungo amets amerikarrean txertatu du Irazuk». Tira, bi esaldiz ebatzi dut «zioa». Kontua konplexuagoa da baina.
Atxaga Gaztelako Villamediana herrira joan zen gaztetan eta orain pertsona nagusia Nevadako Renora. Villamedianan, nerabezaroko Asteasu Obaba bihurtu zuen. Ameriketara joanik, berriz, Obabako ametsak amets iparramerikarrekin uztartu ditu. Amerikar ametsaren eraginez pertsonok gero eta pertsonaiagoak bihurtuz goazen honetan, Obabako pertsonaiekin uztartu ez ezik, Irazuk Obabako mundu magikoaren funtsezko protagonistak oroi-minean dituela eraiki du kronika-nobela hau. Berbarako, Jose Francisco autistaren istorioa Nevadako bizialdian ageri da. Bi anai gogoratu zait, Irazuren bi anaien arteko gorabeherak irakurtzean.
Atxagak —artean zertu gabeko iragana dugula— nerabezaroko ametsak zertu ahala gauzatu zuen Obabakoak. Areago, Obabakoak-en genesia Etiopia-n dago: «Obabatxue obabatxue obabatxue / doian orduen / zaldi urdinen gainean / Beste mile gehiago joango dire atzean» (Bizkaiko lo-kanta). Nevada Etiopia-ko basamortuan dago: zaldiak, urmaelak, zisneak edota mapatxeak… Etiopia-n Bonny eta Clyde, King Kong edota Francis Picabia daude, baita Nevadako egunak-en ere. Obaba dago Nevadan, eta bereziki —sailkatzen ere zaila den— Obabakoak idatzi zuen egile(h)aren oroi-minaren oihartzunak.
Renora iritsi da Atxaga. Obamaren hirietako bat. Alabaina —tamalez edo zorionez—, Obaba laga ostean idazleak desiratzen zuen —eta guk berarekin, mundu magiko hark liluraturik desiratzen genuen— hirira ez da / gara arribatu. Utopikoak ez ezik, utopiko ausart fantastiko lotsabakoak bilakatu gara. New York Gasteizen dugu: «Zorionak guri, yougurt fantastikoekin aurreratzen dugun diruarengatik». Martetarrak ez dira gure mundura etorriko, gu goaz Martera. Marterako ametsezko bidaia erreala eta gauzagarria da honezkero.
Bidaiak bidaia, Etiopia. Obabakoak. Gizona bere bakardadean. Behi euskaldun baten memoriak. Zazpi etxe Frantzian… Zein baino zein hobeak dira, baina denak ez dira maila berekoak. Literaturak —sailka gaitza barne——poesia dakar edo ez.
Tamala edo zoriona nola, halaxe bizi dut neronek literatura. Nire gustuko, ideiekin baino gehiago hitzez idazten da. Gakoa emozioa da, ez arrazoia. Ez nau Marteko argiak —edo Iparramerikakoak—— liluratzen, Marteko balizko argi-liluraren distira-k baizik. Liburu bakoitzaren barruan liburu argal bat dago, kanpora atera nahian. Hara, horiek esanda, ez naiz originala. Ausart beste baikor izan nahi dut, alta. Liburu honen baitatik beste bat ernatuko den esperantza atxikitzen dut.