Aingeru Epaltza: «XXI. mendean Axular batek idatziko lukeen bezala idatzi dut»

Iker Tubia / 2014-03-11 / 1.803 hitz

Azken boladan XVI. eta XXI. mendeen artean bizi ondoren, oraindik ere 2014. urtean kokatzen ari da Epaltza. Oraingoz, atzean utziko ditu iraganeko istorioak.

Hamar urteko lanaren emaitza da Erresuma eta fedea trilogia, eta hirugarren eta azken liburua berriki argitaratu du Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960): Gure Jerusalem galdua (Elkar, 2013). XVI. mendean girotutako eleberriak historia eta istorioa uztartzen ditu, oraingoan istorioa nagusi dela. Egindako lanarekin kontent da egilea, hirugarrenarekin borobildu duelakoan.

Gure Jerusalem galdua eleberriarekin bukatu duzu Erresuma eta fedea trilogia. Hamar urteko lan mardula.

Hamar urtez proiektu berarekin aritzen zarelarik, arrunt gauza obsesiboa bilaka daiteke. Ematen du azkenean ez duzula bertzerik buruan, eta, gainera, garai jakin batez ari zarenez, ematen du burua erabat proiektatua duzula garai hartara, azken batez esku artean darabilzun istorio hartara. Oraintxe bertan jet lag horrekin nabil, itzuli berria XXI. mendera, eta oraindik deskonpresio garai batean. Oso gogorra izan da. Ez naiz aritu bakarrik gorputz eta arimaz; gorputzaren eta arimaren zati bat trilogia honekin joan zait, eta osasunaren zati bat ere joan zait.

Zerk bultzatu zaitu trilogia idaztera?

Proiektu luze bat kezka edo ideia multzo batek abiarazten du. Trilogia hau ez nuke idatziko hor agertzen den pertsonaia historiko batek aspaldi hainbat biografia irakurrita sorrarazi zidan lilurarik gabe. Hori da Nafarroako Henrike III.a. Europako garai hartako pertsonaia historiko garrantzitsuenetako bat, eta, batez ere, hemen, Nafarroan, hain jende gutxirentzat ezaguna. Segur aski, Nafarroako azken erregea izanen zen. Gainera, duela hamabost urte hasi zen revival historizista horrek gogoa eman zidan garai hartaz gehiago jakiteko eta irakurtzeko, eta ikusteko hain ikuspegi ezberdinak daudelarik benetan zer gertatu zen. Eta, gero, apustu pertsonal bat: halako lan gaitz honi lotzeko gauza ote nintzen. Hasteko, segitzeko eta borobiltzeko gauza. Uste dut geure buruari apustuak egin behar dizkiogula, halako xedeak jarri behar dizkiogula aurrekoak baino garaiagoak. Irakurlearekin nuen apustua ez dakit irabazi dudan; hori ikusiko dugu.

Historia eta istorioaren arteko oreka bilatu duzu eleberri horietan. Eutsi diozu orekari?

Fikzio bat idatzi dut garai historiko jakin batean kokatua, eta nik uste dut horrek gertakari eta pertsonaia historiko nagusiei eta, batez ere, ingurumen historiko eta sozialari oso fidel izatea eskatzen duela. Eta, gero, fikzio istorio erakargarri bat eta fikziozko pertsonaia batzuekin idazteak ere arriskuak ditu: batzuetan historiak pisu handiagoa du istorioak baino, eta bertze batzuetan istorioa gailentzen zaio historiari. Irudipena dut historiak pisu handiegia izan duela pasarte batzuetan, historiak istorioa jan duela, baina, azken liburu honetan, nik uste istorioa gailendu zaiola historiari. Betiere testuinguru historikoa errespetatuz, baina nire istorioa idatzi dut. Alde horretatik, pozik gelditu naiz. Fikzio lan bat idatzi nahi nuen, eta hirugarren honetan historiak ez nau hainbertze lotu; batzuetan, historiatik ia-ia erabat askatzea lortu dut. Hirugarren honetan lehenbiziko bi liburuekin lortu ez dudan zerbait lortu dudala uste dut.

Beraz, borobildu egin duzu trilogia.

Bai, nik uste borobildu dudala. Orain arte etorri zaizkidan irakurleek horixe goraipatu didate. Nik uste dut zailena bukaera izaten dela beti —batez ere gisa honetako liburuetan—. Inoiz gertatu izan zait liburu ikaragarri interesgarri eta on bat irakurtzea, eta gero, bat-batean, bukaerara ailegatzea eta amaiera ez izatea liburuaren neurrikoa. Horregatik, iruditzen zait nobelagintzan gauzarik zailena liburua ongi burutzea dela. Kasu honetan, nik uste bukaerak ere baduela indarra eta, gainera, lehenbiziko liburutik hona arrastan ekarri dudan istorioari borobiltze egoki eta zentzuzkoa ematen diola.

Alde batetik, Joanes Mailu; bestetik, Pedro Agerre Axular. Batetik, fikziozko pertsonaia; bestetik, pertsonaia historikoa, biak ala biak protagonista.

Bi pertsonen artean gertatzen dena da Agerre azken finean fikziozko pertsonaia dela. Axularrez hain gutxi dakigu, ezen ia-ia historikoki gehiago dakigun Joanes Mailuz Axularrez baino [irri egin du]. Harrigarria da, baina zuk zeure buruari erraten badiozu «Joanes Mailu izanen da Henrike Nafarroakoaren anaia bastarta», horrekin istorioaren zati handi bat nolabait ere egina duzu; badakizkizu datu batzuk. Berriz, Axularrez idatzi den gauza bakarra da Villasantek haren lanaren eta bizitzaren gainean egin zuena. Baina liburu hori irakurrita, konturatzen zara Axularrez deus gutxi dakigula; azken batean, datu biografikoek bi orri betetzen dituzte. Zergatik? Azken batez, artxiboetan bilatuta Axularrez lau datu baizik ez dakizkigulako: non eta noiz sortu zen, noiz hil zen eta haren karrera eklesiastikoaren zera batzuk. Badakigu gutxi gorabehera noiz ailegatu zen Lapurdira, noiz egin zen Sarako erretore, baina deus gutxi. Ez dakigu zergatik bete zuen halako ibilbide eklesiastiko bitxia: hainbertze denboraz egon ondoren, Lapurdira aldatu zen bat-batean, hau da, Frantziako Erresumara, hau da, Espainiako Erresumarekin gerlan zegoen erresumara. Alde batetik, gerla zibila zegoen Frantziako Erresuman, baina, bertze alde batetik, Espainia zen borrokan ari ziren bi bando horietako baten sostengatzailea. Bat-batean nora eta hara, zergatia ez dakigu.

Gero, benetan ez dakiguna da Axular nolakoa zen. Liburu bat idatzi zigun, eta Axularri buruan zebilkionari buruz pista batzuk ematen ditu. Beraz, Axular bat asmatu behar izan dut nik. Alde horretatik, hor agertzen den Pedro Agerre ia-ia Joanes Mailu bezain fikziozkoa da. Nik interpretazio bat egin dut; nire gisako egin dut, nire intereserako eta nik kontatu nahi nuen istorioaren morroi zena.

Nahiko pertsonaia iluna da Axular eleberrian.

Ni nolabait Axularri buruzko mitologiari lotu natzaio. Pertsonaia historikoa da, baina, neurri batean, pertsonaia mitiko bat ere bada euskal iruditerian. Elezahar eta kondairetan, Axular deabruaren eskolakoa balitz bezala agertzen da. Garbi dago XVI. mendean jakinduria deabrukeriarekin lotua zela; batek anitz bazekien, ez zen parte onekoa. Gehiegi jakitea ez da inoiz parte onekoa izan, eta garai haietan, are gutxiago. Alde horretatik, nik marraztu dudan Axular iluna da, nolabait gaizkiarekin lotua. Pertsonaia mefistofelikoa da, deabruzkoa ia-ia. Nik asmatu dut, baina badu sostengu bat euskal iruditerian.

Gure Jerusalem galdua eleberriaren bigarren zatia Iruñean kokatua da. Orduko herriaren irudikapenak emanen zizun lanik.

Alde batetik, Iruñea agertzea ezinbestekoa zen; lehenbiziko bi liburuetan behin eta berriz aipatzen da, eta, gainera, trilogia Iruñean hasten da. Orduan, nire pertsonaia nagusiak Iruñera etorri behar zuen nahitaez. Trilogia guztian saiatu izan naiz garai historikoarekin zehatz eta fidel izaten. Bigarren liburu gehiena, adibidez, Parisen gertatzen da, eta, horretarako ere, lan handia eman zidan XVI. mendeko Paris nolakoa zen jakiteak. Istorioa Iruñera ekartzean, deskripzioak ahalik eta fidelen izan behar zuen, eta horrek lana dakar. Trilogia honetan, idazten baino denbora gehiago pasatu dut datuak bilatzen, historia liburuetan arakatzen, bibliografiaren bila, Googlen… Iruñeari dagokionez, gauza bera: handik eta hemendik ateratako plano zaharrekin, eta, hala ere, hor ere hutsuneak badirenez neurri batean, —zorionez— irudimenarekin bete behar izan ditut. Beharbada, etorriko da historialariren bat, eta esanen du ez dakit zein karrika zehazki pixka bat haratago zegoela, XIV. mendeko paper batek dioelako. Tira, nik ez dut ikerketa lan sakon bat egin; eskura etorri zaizkidan edo aurkitu ditudan liburu eta paperak erabili ditut, baina xehetasunak neronek bete izan ditut, ahal nuen bezala. Gainera, etor dadila norbait, eta esan dezala Iruñea ez zela horrelakoa [irriak].

Dudarik ez dago dokumentazio lan mardula egin duzula: tokiak, pertsonaia historikoak, zigorrak, neurriak eta abar agertzen dira eleberrian.

Ikaragarria da, adibidez, neurriena. Garai hartan zer neurri erabiltzen ziren distantziak neurtzeko, pisatzeko…? Batzuetan, erotu egin izan naiz bilatzen. Ez da batere erraza; orduan, beharbada, datu zehatz baten bila egun oso bat edo lau orduko eserialdi bat eman dut. Oraintxe bertan gehien izorratuko nindukeena da norbait etortzea eta esatea: «Hori ezinezkoa zen garai hartan». Horrek min emanen lidake. Eta ez soilik objektu baten kasuan, baizik eta pentsatzeko molde bat edo erreakzio bat ezinezkoa izatea. Alde horretatik, ikaragarri saiatu naiz haien buruan jartzen. Irudikatu ditudan pertsonaiak neurri batean oso primarioak dira: erreakzioetan, sexua tratatzeko maneran eta harreman afektiboetan oso hotzak irudikatu ditut. XXI. mendean maitasuna ulertzeko modua ez dut uste XVI. mendekoa izan daitekeenik. Orduan, batzuek esan didate «zer jende hotza den» edo «ez du inolako gupidarik gauza batzuetarako». Uste dut orduan biziak deus gutxi balio zuela. Baina, gaur egun ere, Afrikan biziak anitz balio du? Maiz egin izan ditut alderaketak. 12-13 urteko mutiko batek nola egin zitzakeen lehenbiziko liburuan agertzen diren gauza guztiak? Bada, zoaz Afrikara, eta ikusiko duzu haur soldaduena ez dela gaur asmatua; orduan ere haur soldaduak baziren, eta 12-13 urteko haur batek agian harreman sexualak zituen.

Hizkera ere oso landua, baina berezia. Gibel solasean onartzen duzu irakurleari astuna egin dakiokeela, baina pentsatzen dut beharrezkoa dela eleberri horietan.

Hor arriskua hartzen duzu. Bada jende anitz fikzio historikoa eta iraganeko denboretako istorioak maite ez dituena. Horri, gainera, hizkera eransten bazaio, zama gehigarri bat du. Nik uste nuen liburu honek bere hizkera behar zuela, hizkera berezi bat, eta, azken batean, liburuaren zatirik handiena XVI. mendeko pertsonaia batek kontatzen du, nika. Orduan, hizkera ezin zitekeen gaur egungo euskara estandarra izan. Hainbat bide nituen; ilunago ere egin nezakeen. Uste dut XXI. mendeko Axular batek idatziko lukeen bezala idatzi dudala. Hau da, XXI. mendeko hizkera da, baina XVI. mendeko pertsonaia baten bahetik pasatuta.

Bigarren kapituluaren izenburua Ez da gehiago Nafarroarik da. Hartu liteke trilogiaren laburpen gisa?

Orduko jendeak fideltasuna zion leinu bati, etxe bati, errege bati, familia bati… Baina ez zion fideltasunik zanpatzen zuen lurrari. Apartekoa da nire Joanes Mailu, behin eta berriz esaten duelako bera fidel dela erresumari eta fedeari; hau da, ideologia bati eta lur bati. Alde horretatik, ni seguru nago XVI. mendean horrela pentsatzen zuen nafarrik ez zegoela; hori anakronismo bat da, baina nahita sartu dudana. Horrelako pertsona batek pentsatu behar zuen: Nafarroako zati hau gaztelarren mendean dago, eta bertze zatia Frantziako Erresumaren mendean gelditzen ari da; orduan, ez da Nafarroarik gelditzen. Haren ikuspegian, Nafarroa izatekotan, bakarrik izan zitekeen erresuma independente gisa. Beraz, hor ikusten da: ez dago Nafarroarik.

Trilogiaren izena Erresuma eta fedea da, baina iduri du erresumaren aurretik dela fedea. Papista eta heretiko direnen artekoa da gatazka.

Gatazka ideologikoa da, eta erregek ere traizio egiten die. Ideia eta erresuma bati fidel geratzen den azkena da Mailu. Nik XVI. mendeko istorio bat idatzi nahi izan dut, baina ez dut ukatzen paralelismoak daudela gaur egungo ikuspegitik. Paralelismo batzuk nahita bilatuak dira; bertze batzuez liburua idatzi ondoren ohartu naiz.

Lehengo eta oraingo alderaketa hori oso ohikoa da azken urteetan; bi gizarteak lotzeko saioa egon da. Liburuan ez da hain argi ikusten lotura.

Nafarroako historiaz egin behar dugun irakurketak negatiboa izan behar duela pentsatzen dut. Hau da, Nafarroako historiak ez digu erakusten bidea zein den, baizik eta bidea zein ez den. Nafarroako historia, eta Euskal Herrikoa, tristea da. Eredu izatekotan, eredu negatiboa da. Zer ez du izan behar etorkizuneko Euskal Herriak? Irakurri Nafarroako historia [irriak]. Nafarroari bere klase politikoak egin zion traizio, eta herriari bost axola zitzaion. Nik liburuan egiten dudan interpretazioa hori da: herria azpian zegoen, eta aski zuen bizirik irautearekin. Bost axola zitzaien Ziudadelan zeuden soldaduek Nafarroako erregeri edo Felipe II.ari obeditzen zioten. Garbi dago jendearen fideltasuna interesen araberakoa zela. Alde horretatik, oso urrun dago Nafarroa hori, baina badugu horretaz zer ikasia. Proiektu politiko bat ezin liteke egin jendearen interesetatik urrun.

Nobela historikoarekin jarraitzeko asmorik baduzu, edo oraingoz utzi egingo duzu?

Deskonpresio garaian nago oraindik. Hamar urte franko dira lan bakar batean emateko eta, gainera, garai batean murgildurik egoteko. Hurrengo lana idazten hasia naiz. Ez da egonen halako garai batean kokatuta, eta ez da handia eta luzea izanen. Ipuin narrazioen bilduma batekin nabil, patxada handiz, eta horixe behar dut orain. Geroko ditudan asmoak ere XXI. mendeari lotuak egonen direla uste dut, oraingoz. Hemen eta orain kokatutako istorioa izanen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude