Grazia

Angel Erro / 2014-03-21 / 153 hitz

Hizketa dinamikoa egin nahi dugu, euskara graziaduna. Hori lortzeko, bada euskalkietara (ez hortik edatera, plisti-plasta ibiltzera baizik) jo behar duela esaten duenik. Euskalkirik gabeko euskaldunok tipo serioagoak ematen dugu eta seguruenik bagara (azken finean, teleberria aurkeztuko bagenu bezala kontatzen dugu bardako flirta); esaten ez badigute ere, ia barregarri, edo gutxienez bitxi, gelditzen gara nonbaiteko hizkeraren forma bat erabiltzen degunean, ez dugu aldiro hitz joko bat egiten (euskal graziyaren oinarrietako bat), ez dugu erdarazko hitza edo espresioa une egokian sartzen (beste oinarrietako bat); izan ere, horrelakorik egiteak gurean ezina adierazten du beste ezeren gainetik.

Esanen nuke sekula ez ditudala tontamentean bezalako adierazpide hibridoak erabili. Nire ustez jator itxurakeria darie. Gauza bera darie edo haren aldaera bat (jatortasun hegemonikoaren erakuskeria), jolas asmo handiagoarekin, akaso, berriki zabaltzen hasi diren beste hauei: sindudarik gabe, desde luegotik… (eta, zergatik ez luzatu zerrenda porsupuestoski, porlobistoagatik, enkonkretoan edo entretantoren artean bezalakoekin? Zailago, biensûr ongi eta of courseko, gaztelaniatik ez eratorritakoekin).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.