Itxaropena, harrizko laginetan

Koldo Nuñez / 2014-03-20 / 612 hitz

Zientzialariek sarritan behar baino lagin eta datu gehiago jaso ohi ditugu. Nik neuk Artikotik milaka lagin eta datu ekarri nituen. Haietako parte bat nik neuk erabili nuen nire ikerketetan. Beste zenbait beste ikertzaileei pasatu nien, nire jakintzaren arlokoak ez zirelako, eta beste asko unibertsitate eta ikerketa zentroen biltegietan geratu ziren gordeta, ongi sailkatuta. Horrela egin da helburu zientifikoko laginketa askotan gizakiak lehenengo ikerketak abiatu zituenetik. Jakina, aurreneko ikerketa asko deskriptiboak ziren, eta datuen bilduma zuten helburutzat. Hori maiz horrela izan da natur zientzien inguruko lanetan. Hasierako lan haietan bildutako materiala biltzaileak berak edo haren kolaboratzaileek lantzen zuten neurri batean, baina asko geratzen zen ikertu gabe. Zenbat aurkikuntza egin dira museo eta unibertsitatetako biltegietan aurreko mendeetako espedizioek ekarritako materialen artean!

Esaterako, XX. mendearen hasieran Robert Falcon Scottek Antartikan egin zituen bi espedizio, batetik Hego Polora iristen lehenengoa izateko asmoz eta, bestetik, Antartikaren ingurumena ezagutzeko. Lehenengoa 1901. eta 1904. urteen arteko Discovery Espedizioa izan zen, eta Britainia Handiko Errege Elkarteak eta Errege Geografi Elkarteak bultzatu zuten. Espedizio horren buru zientifikoa John Walter Gregory izan zen, geologoa eta Melbourneko unibertsitateko katedraduna. Haren gidaritzapean, hainbat zientzialari joan ziren espedizio horretan, esaterako, Edward A. Wilson biologoa eta Hartley Travers Ferrar geologoa. Azken hori aritu zen Victoria Land aldean kartografia geologikoa altxatzen, eta horrela, Antartikan egindako lehen azterketa geologikoa egin zuen egun Ferrar glaziarra esaten zaion inguruan. Elurrak itsututa, hotzak jota eta ia tresnarik gabe, bertan Beacon supertaldea definitu zuen, eta horren hareharri eta ikatzak aztertu. Saiatu zen fosilak aurkitzen, baina bere ustez, ez zuen ezer lortu. Geroago berak Inglaterrara ekarritako laginak Londresko Historia Naturaleko museoko W. N. Edwards geologoak aztertzean, harri bat zabaldu, eta bertan Glossopteris landarean hosto fosil eder bat agertu zen 1928an. Hori izan zen Antartikako lehorraldean bildutako lehenengo fosila.

Scotten bigarren espedizioa, Terra Nova espedizioa, 1910. eta 1913. urteen artean egin zuten, eta helburu zehatza zuen: hego polora iristea. Horretan, berriz, zientzialari nagusia Edward A. Wilson biologoa izan zen. Bera, Scott eta beste hiru gizon hego polorantz abiatu ziren 1911ko azaroaren 1ean, eta 1912ko urtarrilaren 17an iritsi ziren bertara. Hantxe jakin zuten Amundsen norvegiarra bost aste lehenago heldu zela bertara. Ahal bezala, jo zuten atzera. Bidean bi hil ziren hotzak eta nekeak jota, eta, azkenean, 1912ko martxoaren 19an azken kanpalekua jarri zuten ekaitz gogor baten erdian. Jateko guztia agortuta, erregairik gabe, hotzak hartuta eta indarrak ahituta, hantxe eman zituzten azkeneko egunak. Guztira, 18 kilometro baino ez zitzaizkien geratzen salbaziora iristeko. Azken egunotan, Scottek hainbat gutun idatzi zituen bere senide eta kideen senideentzat, eta azkeneko sarrerak egin zituen bere egunkarian. Itxuraz, martxoaren 29an hil ziren izoztuta. Azkenean, espedizioko kideek aurkitu zuten kanpaleku hori azaroaren 12an. Bildu zituzten espediziokoen hainbat gauza, esaterako egunkariak, argazkietako materiala eta bildutako laginak, eta bertan utzi zituzten gorpuak, denda barruan. Egun, kalkulatzen da bertan utzitakoa 25 bat metroko elur geruzaren azpian dagoela, eta dagoeneko 40 bat kilometro mugitu dela iparralderantz. Horrela segituz gero, datorren mendean itsasora daitezke iceberg batean.

Lehen esan bezala, aurreko espedizioan gutxienez bi geologo egon ziren. Edward A. Wilson bi espedizioetan egon zen, eta lehenengoan, bere kide geologoekin hainbat gauza ikasi. Horregatik, haren gorpu izoztua aurkitu zutenean, 16 kilo harri zituen bilduak aztertzeko, eta horiek ederki erakusten zituzten Glossopteris landarearen hosto fosilak. Orduan oraindik ez bazekiten ere, hosto horiek frogatzen zuten garai batean Antartika eta Australia bat izan zirela, Gondwana superkontinentean eta ondoren, Pangeakoak izan zirela. Hostoen fosilak bildu ziren, Wegenerrek 1915ean kontinenteen jitoaren teoria argitaratu aurretik. Wegener Groenlandian ibili zen, munduaren beste muturrean eta hantxe bururatu zitzaion inoiz kontinente guztiak bakar batean bildu zirela eta ondoren mugitu egin direla. Wegenerrek berak Antartikako fosilak, besteak beste, erabili zituen bere teoria frogatzeko. Batzuen laginak, besteen aurkikuntzak. Inoiz ez dakigu guk bildutakoa inori lagungarri bihurtuko ote zaion zerbait berria aurkitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.