Gaudik ere ezingo zuen ondu

Amaia Portugal / 2014-03-20 / 768 hitz

Oriotik hasi eta Hondarribiraino, Jaizkibel formazio geologikoak harribitxi ugari gordetzen du itsaslabar eta haitzulo artean; urak hareharrian zizelkatzen dituen elementuotako batzuk bakarrak dira munduan.

Gipuzkoan bada beste flysch bat. Ez da Zumaiatik Mutrikura zabaltzen dena bezain zaharra eta ikonikoa, baina ezin uka ikusgarria dela. Jaizkibel formazio geologikoa da; izen bereko mendia, Ulia eta Igeldo hartzen dituena. Oriotik Hondarribira arteko kostak gordetzen dituen zenbait kolore eta forma Antoni Gaudi arkitekto kataluniarrak berak zizelkatuak dirudite. Eta, hala ere, ez dira batere ezagunak.

Bilatzen jakin behar, eta Carlos Galanek badaki. Aranzadi zientzia elkarteko Espeleologia Saileko ikertzailea da, eta taldekideekin, hamar urte daramatza Gipuzkoako ipar-mendebaldeko inguru hori aztertzen. «Bertako leku ikusgarrienetara iristeko asko ibili behar da, eta gero, ezinbestekoa da hormetatik zintzilikatzea, itsaslabarretan dauden haitzuloez ari baikara. Espeleologia bertikaleko edo eskaladako teknikak behar dira», azaldu du.

Ez dira iristeko gune batere errazak, beraz. Eta Galanen ustez, hobe hala izatea, kontserbazioaren mesedetan. Izan ere, ikertzaile horrek nahiago du harribitxi geologiko horien kokalekuei buruz xehetasunik ez eman: «Toki horiek ez diote masa turismoari eusten. Gaur egun oso ondo kontserbatuta daude, nagusiki inork ez dituelako ezagutzen. Oso hauskorrak dira, eta jendeak ukituko balitu, edo jendea haien gainean jarriko balitz, puskatu egingo lirateke».

Zulo irregularrak dituzten horma gorriak, erlauntzen itxurako formak, itsaslabarrean gainjarrita ageri diren banda modukoak… Elementu geologiko horietako batzuk bakarrak dira munduan, ezagutzen diren bakanenetakoak beste batzuk. Zergatik Jaizkibelen? Hareharrizkoa delako.

Venezuelan bezala

«Hemen haitzulorik gehienak kareharrien gainean sortu dira. Are gehiago, hareharrian halakorik egotea ezinezkoa zela uste zen», dio Galanek. Baina ez da hala. Argentinan, Brasilen eta Venezuelan lan egindakoa da ikertzaile hori, eta Venezuelan ere halako zerbait gertatu zitzaiola azaldu du: «Venezuela hegoaldea kuartzitaz josita dago. Eraldatutako hareharria da hori, oinarrian; silizeaz lotutako kuartzo aleak. Han ere uste zuten ezinezkoa zela haitzuloak egotea, baina aurkitu dituzte pixkanaka, eta gaur egun hamabi kilometro baino gehiagoko garapena eta 700 metrora arteko desnibela duten barrunbeak daude identifikatuta».

Kuartzitan haitzuloak nola sortzen diren argitu zuten Venezuelan ikertzaileek, Galan tartean zela. Jaizkibelen mekanismoa antzekoa dela argitu du. Ale arteko disoluzioa izenekoa da gakoa. Hau da, hareharrizko aleak lotzen dituen materialean (zementua) urak zer bide egiten duen. «Hareharri honetako zementua karbonatoa da, orduan, erraz disolbatzen da. Zementuaren disoluzio partziala gertatzen da hemen, ez erabatekoa. Kuartzo aleetan ere bai neurri batean, eta gutxiago ageri diren beste osagai batzuetan ere bai. Disolbatu ahala, arrokak gero eta koherentzia gutxiago du», dio Galanek.

Izan ere, Jaizkibelgo hareharrian, sistemak askotariko osagaiak ditu, kimikaren zein mineralogiaren ikuspegitik. Horregatik, akuiferoetan gertatzen diren disoluzio prozesuek konplexutasun handiagoa dute. Hala sortzen dira bertan dauden askotariko geoforma bereziak: gelaxka poligonalak, erlazuloen modukoak, kolorazio bandak… horrelakorik ez da ageri kareharriaren gainean.

Inon baino ikusgarriago

«Uraren disoluzioak ez ditu inon zizelkatzen formak apeta handiagoz hareharrietan baino. Eta badaude antzeko gauzen adibideak hortik zehar hareharrian, baina Jaizkibelen baino eskala txikiagoan, eta ez, inondik inora, bertan bezain ikusgarri eta koloretsu. Hegoafrikan eta Australian daude adibide horiek batez ere, baina Jaizkibelgoak dira, alde handiz, munduko ikusgarrienak», dio Galanek. Beste geoforma batzuk, gainera, munduan orain arte ezagutzen diren bakarrak ere badira. Hala dira, esaterako, bertan topatutako forma kordatuak, Moebiusen bandak eta box-work erraldoiak.

Formak ez ezik, Jaizkibelgo txoko ezkutu horietan dauden harribitxien koloreak ere ez dira nolanahikoak. Galanek azaldu bezala, «egia da arrokei azaletik erreparatuz gero, oro har herdoilduta daudela, zianobakterioz eta likenez estalita daudela. Baina ebaki batzuk eginda, tonu argiagoak ikusten dira jada: horiak, zuriak… Eta haitzuloek barrualdea ikustea ahalbidetzen dute, eta arrokaren jatorrizko kolorea ageri da hor».

Jaizkibelgo formazioa agerian geratu aurretik, oraindik itsaspean zegoenean, metatu ziren haren labarretan orain ikusgarri dauden material horiek. Galanek adierazi bezala, «azken arroka sedimentarioak dira, itsas arrokak. Handik aurrera, ozeano sakonean zeuden arroka horiek lurrazalera igaro ziren, eta higatzen hasi ziren».

Gorri koloreko itsaslabarrak ageri dira tartean. Horiek dira guztietan deigarrienak, eta joan-etorriko bidaia egin dutela azaldu du ikertzaileak: lurrazaletik itsasora eta atzera lurrazalera. «Aldi Triasikoko hareharritik datoz ziurrenik. Aldi epela zen hori, eta arrokak kolore gorrikoak ziren. Higatu egingo ziren, eta hondarrak itsasoraino iritsi. Hondar horiek eraldatu, eta arrokak sortu zituzten berriz beste prozesu batean», esan du.

Geologiaren ikuspegitik, Orio eta Hondarribi arteko kostalde honek duen interesa eta «edertasun estetikoa» azpimarratu ditu Galanek, baina kontserbatu behar direla gogorarazi du. Ez direla jendez betetzeko moduko parajeak, alegia.

Era berean, berak eta Aranzadiko beste taldekideek hura ikertzeko laguntzarik eta finantzaketarik ez dutela izan salatu du neurri handi batean, Pasaiako superportuaren proiektua tartean zegoelako.

Orain babes juridiko handiagoa eman bazaio ere, babes horrek biologiaren alorrari egiten dio erreferentzia bakarrik, geologia alde batera utzita. Hori ez dela nahikoa uste du Galanek: «Guri iruditzen zaigu Jaizkibel formazioak dituen balio geologiko eta biologikoak parke nazional izendatzeko modukoak direla. Munduan aparta da, eta hori ez diot nik bakarrik, mundu osoko adituek baizik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.