Hatzak zaurian sortzen duena

Igor Susaeta / 2014-03-12 / 585 hitz

Bikote haustura baten ondorengo obsesioak kontatu ditu Danele Sarriugartek ‘Erraiak’ bere lehen liburuan.

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen iritziz, Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) badauka erraietara iristeko eta horietan arakatzeko abilezia. Natural, idazkerari lotsa eta konplexuak erantzita, kontatzen ditu, esaterako, sexu eszenak eta gorputzaren erreakzioak, eta nazka puntu bat ere eragin dezake kontaketak, Mendizabalen esanetan. Halere, hori sorrarazi nahi izan duela aitortu du Sarriugartek. Hatza zaurian sartu eta sentsazio guztiak muturrera eraman dituelako Erraiak (Elkar) aurreneko liburuan. Bikote haustura baten ondorengo obsesioak dakarrena kontatu du 2012ko Igartza sariaren irabazleak —Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dute—, horretarako bakarrizketa moldea aukeratuta.

Horren aldeko hautua egin du egileak, kontaketan beste ahots bat sartuz gero narratzailearena erraz ezeztatzen dela iruditzen zaiolako. «Gainera, ikuspuntu partzial bat eman nahi nion narrazioari, eta beste bat edo beste batzuk sartzeak inpartzialtasuna dakar». Halere, argi utzi nahi izan du Erraiak ez dela autobiografikoa. Pentsatzen du, gainera, horrek ez duela garrantzirik eta ikuspuntu literariotik hori galdetzea ez dela egokia. «Behin liburua irakurri eta jendeari interesatzen zaion gauza bakarra alde morbosoa baldin bada, horrek esan nahiko du nik idazle eta zuk irakurle gisa zerbait gaizki egin dugula». Liburuak zer esana emango duelakoan dago Mendizabal. Pertsonaiaren barrunbeetan sartzeko eta hor aurkitutako guztiaren berri emateko ariketa egin duelako. Hustu egin delako. «Luma zorrotzez, gainera, idatzitakoari intentsitate handia emanez eta umore garratzez zipriztinduz».

Bikote harreman baten haustura da liburuaren abiapuntua. Deskribatzen du Sarriugartek urratu horrek eragindako obsesioa, baina ez dio hari horri soilik tira egiten. Baliatzen du egoera inguratzen duenaz mintzatzeko: giroaz, familiaz, gizarteaz, lagunarteaz… Ondokoa da liburuaren gai nagusia, egilearen beraren irudiko: «Zer diren harremanak gaur egungo Euskal Herriko gizartean; arazo handirik gabeko giro batean, alegia».

Eta idatzi du harreman horiei buruz, euskara aberatsa erabilita eta hainbat errekurtso literario baliatuta, Mendizabalen esanetan. «Bakarrizketa bat da, bai, baina erabiltzen dituen hizkuntza moldeek engantxatu egiten zaituzte, eta aurrera egiten laguntzen dizute». Kapituluka banatu du egileak estreinako liburua, eta horiei zenbakiak jarri dizkie. Esaterako, 0a dutenetan orainaz hari da, -2 zenbakia duenean iraganaz, eta -6koan are iragan urrunagoaz.

Narratzailea bakarra da, baina azaltzen dira beste pertsonaia batzuk. Horiei, ordea, izenik ez die eman, eta letra larriz izendatzen ditu. Dela Z, dela Y, dela P, dela U… Alde batetik, erosotasunagatik egin du; eta, bestetik, izenak jartzeak irakurketa baldintzatzen duela pentsatzen duelako. «Izan ere, izen batek eduki ditzakeen konnotazioek zama bat eragin dezakete. Gainera, izenik ez jarrita misterioari eusten zaio».

Sarriugartek plazaratu du liburua, eta iruditzen zaio egin duela egin beharrekoa. Ez du gogoko, gainera, obraz azalpen gehiegi ematea. «Ez da nire asmoa kaleratutakoaz tesi bat egitea». Haren hitzetan, orain irakurleari dagokio baloratzea. Eta irakurleak topo egingo du unibertsitateko ikasketak amaitzen ari den narratzailearekin. Ezin da esan Gasteizen bizi denik, baina usu agertzen da, eta Europako beste hainbat toki ere zerrendatzen dira liburuan; Berlin, esaterako. Kultur aipamen ugari egin ditu egileak, gainera: musikalak (Low, Pixies, Willis Drummond), literarioak (Jack Kerouac, Charles Bukowski…), zinemakoak (Pulp Fiction, Dennis Hopper…), artistikoak (Diego Rivera, Frida Khalo…). Erreferentzia horiek baietz, bere gustuen arabera aukeratu dituela nabarmendu du Sarriugartek.

Liburuaren berezitasunetako bati garrantzia eman nahi izan dio egileak. Ohikoena izaten da idazleek oharrak orrialde bakoitzaren oinean jartzea. 2012ko Igartza sariaren irabazleak, ordea, azkeneko 32 orrialdeetan bildu ditu ohar motzak, luzexeagoak eta luzeak; 64 guztira. «David Foster Wallacek ere horrela egiten du. Erosoagoa dela uste dut». Ziur mintzo da Sarriugarte. «Horrelakoa naiz». Testuetan ere nabaritzen delakoan dago. Itzulpengintzan lizentziatua, horretan dihardu lanean, eta iruditzen zaio testuak itzultzearen poderioz seguru sortzera iritsi dela. «Jada ez dut esaldi bakoitzean duda egiten». Elearazi itzulpen bloga kudeatzen du Garazi Arrularekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude