Twitter ekosistema

Gorka Julio / 2014-03-06 / 297 hitz

Twitter da momentuan denbora errealean gertatzen ari dena jakiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat. Horregatik, haren inguruan sortzen den edukia iragazteko, bistaratzeko, kudeatzeko eta abar, milaka zerbitzu sortu dira. Eduki horretan guztian, bilaketak egiteko beharra sortzen da lehenik. Twitterrek eskaintzen duen bilatzaileaz gain, badira beste hainbat ezaugarri gehituta horixe eskaintzen duten tresnak ere: Topsy.com, esaterako. Hainbat iragazki aplikatzeko aukera ematen du: adibidez, hizkuntza. Baina euskara ez dago horien artean.

Beste batzuek, berriz, sortzen den ezagutza hori mapa batean kokatzen dute. Horrela, munduan Twitterren jarduna geografikoki ere ikus daiteke. Onemilliontweetmap.com tresnak unean geokokatutako txioen berri ematen digu mapa batean. Bestalde, trendsmap.com zerbitzuak munduan hedatzen ari diren joerak ikusi eta aztertzeko bidea ematen du, hori ere mapa baten bidez.

Batek baino gehiagok pentsatuko du hori guztia ez ote den tresna sinple bati konplexutasuna gehitzea. Auskalo, baina, horretarako ere, Twitter (baita beste sare sozialak ere) kudeatzen laguntzeko, Hootsuite.com tresna dago. Kontu bat baino gehiago segitu eta kudeatzeko erraztasunak ematen dituen tresna bat da.

Bistaratze tresnak ere badaude; Twitterren gertatzen den hori erakustea lortzen dute. Bluenod.com zerbitzuarekin, gero eta errazagoa da mezu trukeak, aipamenak, sortzen diren harremanak eta komunitateak denbora errealean detektatzea. Egiten diren RT eta MT-ak (bertxioak eta aipamenak) denbora errealean sare moduan erakusteko, berriz, flocker.outliers.es tresna dago. Ikusgarria da; probatu.

Azkenaldian interes berezia piztu du nigan mention.com-ek. Ez bakarrik Twitterreko informazioa, baizik eta foro, blog eta sare sozialetakoa ere monitorizatzeko aukera ematen du; jario irakurgailuarekin egiten genuena, baina beste hainbat eremutara eramana, alegia. Alertak eta horiei erantzunak emateko gaitasuna ere badu tresna horrek. Horrela, jasotzen dugun informazio jario horretan guztian, alerta bereziak zehaztu ditzakegu, ondoren ekintza zehatzak egiteko. Edozein gailutan erabil daiteke, baita taldean ere, eta estatistikak eta datuak esportatzeko aukera ere badu. Tresna paregabea. Pena da halako tresna batek euskara kontuan ez hartzea; pena handiagoa oraindik software librea ez izatea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude