Eguneroko artifizioetatik ihes egiten

Igor Susaeta / 2014-04-24 / 304 hitz

Juan Ramon Makusok «pozez» erreparatu dio bizitzaren zentzuari ‘Hitzak argi’ poema liburuan.

Euskal literaturan egunerokotasunaz eztabaidatu izan da azkeneko hamar urtean, Juan Ramon Makusoren iritziz (Errenteria, Gipuzkoa, 1961). Eta horrek «artifizioa» azpimarratzea ekarri duela pentsatzen du. «Literaturak nabarmen jo du fikziora». Gizakia, ezinbestean, horretaz konturatu delakoan dago, ordea. Beraz, eta poesiak aipatutako artifizioei ihes egiten diela iruditzen zaionez, bizitzaren zentzuari buruz mintzo da, «pozik, batez ere», Hitzak argi (Pamiela) poema liburuan. «Izan ere, bizitzan ibilbide bat eginda daukazunean, ohartzen zara benetakoa denak ematen dizula zure existentziaren esanahia».

Makusoren laugarren poema liburuak bizipoza, kantuak, natura, maitasuna eta beste ditu hizpide, Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak, atzo Donostiako aurkezpenean adierazi zuenez. «Horiek hitzak dituzte bidelagun». Gizakiak harremanetarako daukan tresna delako hitza, Makusoren esanetan. Eta betiko obsesioak islatu ditu azkeneko lanean, Bizitzeak hil egiten du (Beta, 2004), Hiri gorazarre (Elea, 2006) eta Huntza hezur berritan (Erein, 2009) aurrez kaleratutako liburuetan egin bezalaxe. «Bizitzaren gordintasunaz hitz egiten dut, baina, batez ere, eskaintzen dituen pozez».

Bizitzen duenari buruz idazten du. «Bestela, ezingo bainuke ez hori papereratu, ez gero publikatu». Bizitzan bakoitzak bere txokoa duela uste du, eta poesiak eskaintzen dion eremuan hartzen du Makusok aterpe. «Poema bat leku bakana baita munduan». Baina arraroa den oro baztertzeko ohitura dagoela irizten dio. «Ahaztu dugu, ordea, poesiak baduela bere lekua, denok hurbiltzen garela harengana». Gabriel Garcia Marquez hilberria izan zuen gogoan atzo, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira Gipuzkoa plazan egindako agerraldian, eta aipatu zuen hark poesiaren garrantzia nabarmendu zuela, 1982an Literaturako Nobel saria eman ziotenean egindako diskurtsoan. «Gainera, Homero eta Hesiodotik hasita egun arte, poesiak beti eman digu aurrean daukagunari buruzko ikuspegi bat».

«Esaten dena» gutxietsi egiten dela pentsatzen du, eta, hori berreskuratzeko saioan, bere ahalegina poesiaren bidez egiten du Makusok. «Txikitatik estali dizkidate liburuek nire ezjakintasunak, ezintasunak, eta hori funtsezkoa delakoan nago». Artifizioei ihes egiteko, 70 poema labur bildu ditu 90 orrialdetan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude