Jakintza liburua

Imanol Mercero / 2014-04-06 / 196 hitz

  • Izenburua: Katalin eta animalien liburu handia
  • Idazlea eta ilustratzailea: Liesbet Slegers
  • Itzultzailea: Lierni Ugartemendia
  • Argitaletxea: Ibaizabal

Urte batzuk eta gero Katalinen album berri bat iritsi zaigu. Egia esan, Liesbet Slegersen albumetan protagonistak ez du asko inporta; batzuetan Katalin da, besteetan Txomin, baita Urko edota Kepa ere berriki. Berdin dio.

Slegersenak guraso eta bitartekarien beharrei begira atondutako obrak izan ohi dira, gehienetan eguneroko bizipenak erakusten dituzten albumtxoak, baina aspaldion tamaina handitu eta beste irakurgai mota batzuk proposatzen hasi da. Esaterako azken hau, animaliei buruzkoa.

Bertan irakurle hauen ezaugarri nagusiak ustiatzen dira ekoizkin eraginkorra eskaintzearren: begietan atsegin (izurik ez), gaia interesekoa (abstrakziorik ez), testu eta ariketen antolaketa autonomoa proposatzea (luzamendurik ez).

Eta nire ustez bete-betean asmatzen du. Begietara atseginak diren forma eta irudiak daude liburuan. Pertsonaiak irribarrea ezpainetan dutela agertzen dira, kolore primarioekin margotuak, forma gozoekin eta fondo neutroetan ezarrita.

Abstrakziorik gabe, halako liburuetan mundua azaldu nahi izaten da, bizidunak, bizitza. Agian honegatik dira hain erakargarriak animaliak, fabulen garaitik, betidanik. Liburu honetan animalia ugari daude, gozotuta, baina gizatiartu gabe.

Luzamendutan ibili gabe, emozioak aginduta irakurtzen dute. Datuak buruz ikasi eta esatea, honek plazer handia eman ohi die. Nahikoa dutenean agur esan eta arreta beste nonbait jarriko dute. Kito.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.