Lurrari lotua bezain askea

Igor Susaeta / 2014-04-23 / 1.770 hitz

Gabriel Garcia Marquezek bere literatur lanetan hizkeraren joritasunari ateratzen zion txinparta nabarmendu dute bost euskal idazlek, baina baita kazetaritza lanetan erakutsi zuen jardun lehorragoa ere.

Cien años de soledad-ek, errealismo magikoa deitutako korronte literarioaren nobela gailurretako batek, munduratu zuen Gabriel Garcia Marquez (1927-2014) idazle zendu berria 1960ko hamarkadaren amaieran. Eta, hain zuzen, haren pasarteetako batzuk irakurri zituzten, herenegun iluntzean, Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregiaren kanpoaldean. Han, Mexikon —han bizi izan zen urte luzez —, azken agur jendetsu eta instituzionala eman zioten idazle kolonbiarrari. Gaur, berriz, El coronel no tiene quien le escriba-ren aldi bereko irakurraldia egingo dute Kolonbiako 326 herritan. Juan Manuel Santos herrialdeko presidenteak emango dio hasiera, eta telebista bidez zuzenean emango dute. Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur, aldi berean, eta munduaren luze-zabaleko hamaika txokotan gogoratuko dute 1982ko Literaturako Nobel sariduna. Bost euskal idazlek ere hitz egin dute Garcia Marquezen obra mardulaz eta haren eraginaz.

ARANTXA URRETABIZKAIA, Idazlea: «Txinparta bat sentitu nuen, baina, geroxeago, baita betekada bat ere»

«La hojarasca-eta lehenagokoak dira, baina nik Cien años de soledad-ekin ezagutu nuen, 1969ko udan. 22 urte bete berriak nituen. Ez dut gogoratzen nork gomendatu zidan, baina bai zein baldintzatan irakurri nuen: aita hilberria zen, ahizpa ezkonberria, ama kanpoan zegoen… Gurasoenean bakarrik nengoen aurreneko aldiz.

»Kontatzeko modu berri bat deskubritu nuen, oso desberdina zena nik irakurtzen nituen autoreenekin konparatuta; hori nabarmenduko nuke. Kontinente bat deskubritzearen modukoa izan zen, txinparta bat, baina berehala erabaki nuen kontinente hori bisitarako oso atsegina zela, baina ez, ordea, bertan bizitzeko. Hurrengo urteetan, haritik tiraka, Cabrera Infante eta Vargas Llosa irakurri nituen. Baina halako batean sentitu nuen, nolabait, betekada bat: baneukan nahikoa kontamolde horrekin. Hainbeste gauza daudenez irakurtzeko eta hain denbora gutxi daukagunez, beste hari batzuetatik tiraka jardun nuen, eta urtetan ez nuen hegoamerikar esparruko ezer irakurri.

»Halako batean, ordea, Anjel Lertxundik Crónica de una muerte anunciada gomendatu zidan, eta esan nion aspertuta nengoela kontatzeko modu horrekin. Baina tematu zen, irakurri nuen, eta gustatu zitzaidan, gainera. Ez naiz aditua, baina esango nuke urte horietan Garcia Marquezek ibilbide bat egin zuela eta berriro topo egin genezakeela nola edo hala. Niri gauza lehorxeagoak gustatzen zaizkit literaturarako. Dena den, haren kazetaritza lanak interesatu zaizkit; hain zuzen, kazetaritza konprometituaren alorrean lanak lehorregiak izaten direlako sarritan, eta berak, ordea, samurtu egiten zituelako. Halere, idazle gisa ez zait hainbeste interesatu. Berak aipatzen zituen bere aurrekari bezala William Faulkner edo Franz Kafka, eta nik, oro har, nahiago bi horiek errealismo magikoa beharrean».

JOXEMARI ITURRALDE, Idazlea: «Esaldi bakar batean dituzu metaforak, sinestesiak… Eta horrela liburu guztian!»

«Aspaldi-aspalditik nintzen haren zalea. Iruñean nengoen, unibertsitatean, Literatura ikasten, eta Sudamericana argitaletxe famatuak Cien años de soledad Espainian argitaratu bezain pronto irakurri nuen —oraindik ere etxean daukat alea—, 1968an edo 1969an. Eta tira… izugarrizko zartada izan zen niretzat! Ordura arteko Hegoamerikako literatura ezagutzen nuen, baina nobela hori, hain justu, izugarria da. Segituan konturatu nintzen lan horrekin gain bat jo zuela Garcia Marquezek. Literaturan bide asko daude, eta autore batzuek lortu dute bide hori muturreraino eramatea. James Joyceren Ulysses-ekin, esaterako, sentimendu bera eduki nuen bai nik eta baita beste askok ere. Pentsatzen duzu bide horretatik segitzen duenak egin beharko duela plagiatu, kopiatu, literatura ezin delako aurrerago eraman bide horretatik. Cien años de soledad mugarria izan zen.

»Beti pentsatu izan dut haren literatura dela lurrin denda baten modukoa. Haren literaturak dauka halako perfume usaintsu, indartsu bat. Ezin duzu hori alde batera utzi, horrekin zoaz, bai idazle, eta baita irakurle gisa ere. Orduan, egin behar duzuna da ahalik eta gehien urrundu bere maisutasuna onartuz, bestela egiten duzuna plagio bat edo kopia bat izango delako. Eta bere buruari ere hori gertatu zaio. Hurrengo liburuetan beste gai batzuk tratatu zituen, baina mugarritik haratago ezin jo. El otoño del patriarca ere oso ondo dago, baina mugarria jarrita zegoen lehenago, eta haren obran hori gertatu da: hortik aurrerakoa izan zela pixkana-pixkanakako beherako bidea.

»Baina jarraitu nuen haren zalea izaten. Dauzkat irakurrita haren liburu guztiak, eta ez bakarrik nobelak, baita ipuin liburuak, kronikak eta beste ere. Eta ez hori bakarrik: atera bezain pronto erosi eta irakurri, eta behin eta berriro. Gozatua hartzen dut.

»Nabarmenduko nuke estilo propio eta bakarra duela. Cien años de soledad hartzen duzu, eta haren esaldi guztiek eztanda egiten dute. Ez da narratzea, ez da kontatzea: eztanda egiten du. Ezin hobeto esaten du esan beharreko hori, modu paregabean. Esateko modu hor muturrera eramaten du. Esaldi bakar batean dauzkazu metaforak, sinestesiak, konparazioak… Eta horrela liburu guztian! Idazle batentzako hori da kriminala. Izan ere, ezin duzu jasan. Hasiko zara estilo horretan, ez zara ailegatuko inora, eta denek jakingo dute, gainera, kopiatzen edo plagiatzen ari zarela. Bestalde penagarria da haren lan gutxi egotea euskaratuta».

LAURA MINTEGI, Idazlea: «Adarkatze asko zeuzkan mundu fantastiko bat sortzeko gauza zen»

«Argitaratu eta berehala erosi nituen Garcia Marquezen liburu batzuk 1970eko hamarkadan. Etxean dauzkat Los funerales de la Mamá Grande, La mala hora, El coronel no tiene quien le escriba, Relato de un naufrago, Noticia de un secuestro eta Crónica de una muerte anunciada; eta bina ale dauzkat El amor en los tiempos de cólera eta El general en su laberinto-renak… Irakurle konpultsiboa nintzen, eta arrastoa segitu nion deskubritu nuenetik. Uste dut Pedro Páramo-ren [Juan Rulfo] bidez izan nuela haren berri. 1981ean urte osoa eman nuen Afrikan, eta han irakurri nuen Cien años de soledad; hango bati utzi nion irakurtzeko, eta ez daukat etxean. Ematen dit amorrua… Garai hartan ez nekien zer zen errealismo magikoa, eta gerora erraztasunez erabili dugu kontzeptu hori. Eta izan du eragina euskal literaturan; bereziki Anjel Lertxundirengan.

»Garcia Marquezi munduak sortzeko zeukan gaitasun hori nabarmenduko nioke. Tira, idazle guztiek sortzen dute mundu bat… Baina haren kasuan, adarkatze asko zeuzkan mundu fantastiko bat zen. Ez zen lineala, adar asko zituen; eta adar bakoitzetik bizia sortzen zen. Makila lehor batetik nola sortzen diren adarrak, eta adarretatik hostoak, eta hostoetatik loreak; ba horrela sentitzen nintzen haren literaturarekin. Gainera, kamera arinean balitz bezala da; hau da, urtaroak elkarren segidan joango balira bezala, udaberri etengabe batean adarrak, hostoak eta loreak loratzen».

»William Faulknerren eragina aipatu zuen Nobel saria jaso zuenean, bere diskurtsoan. Guk ere deskubritu genuen Faulkner, egitura paralelo eta ez konbergente hori. Baina Faulknerrek ez dauka Garcia Marquezen emankortasun hori; lehorragoa da. Erakutsi zigun literaturan garrantzitsua dela tempus-a, eta denborak zerikusi gutxi duela denbora kronologikoarekin».

ANJEL LERTXUNDI, Idazlea: «Gaztelaniaren jardun herdoildua zenari astindu handi bat eman zion»

«Cien años de soledad irakurri baino lehenago ezagutzen nituen Garcia Marquezen pare bat ipuin. Baina, dudarik gabe, Cien años de soledad-ek txunditu ninduen. Zarautzen irakurri nuen aurrenekoz, baina Erromara ere eraman nuen, eta berriro irakurri. Han idatzi nuen Hunik arrats artean nire lehen liburua, eta Garcia Marquezen arrasto nabarmenak daude; besteak beste, ipuinen trilogiatxo bati Macondo gogoan deitu nion.

»Nire hasierako obretan nabarmena da haren eragina. Modu batean, formalki, bai, eta aldi berean hemen ordua arte lantzen ziren kostunbrismoari eta ruralismoari beste buelta bat emateko ahalegina ere egin nuen. Gero, bazen beste elementu bat niretzat oso inportantea zena: mundu guztiz ez europar bati —kasu honetan oihanari, Hegoamerikako paisaiak-eta— liburuak [Cien años de soledad] ematen dion indar telurikoa. Hori batetik. Bestetik, hizkeraren joritasuna ere ikusten nuen. Liburu hark sorpresa handia eragin zuen Hegoamerikan baino gehiago Europan. Ezagutzen ez zen ahots batekin topo egin genuen. Gaztelaniaren jardun herdoildua zenari astindu handi bat eman zion.

»Gertutik jarraitu dut haren ibilbidea, baina momentu batean, eta nahiko laster, saturatu egin nintzen nolabait. Momentu jakin batean gutxiago interesatu zitzaidan. Izan ere, euskararen beraren elementu formaletan pentsatuz, hizkerari dagokionez, nire kasuan behintzat, bidea beste bat izan zitekeela pentsatzen nuen. Hasi nintzen Garcia Marquezen munduarekin zerikusi gutxi zuten beste bide batzuk ibiltzen.

»Bi Garcia Marquez daude: bat kazetaria, eta bestea nobelagilea. Nobelagile lanean lumari aske ibiltzen lagatzen diola dirudi, eta orduan hizkerari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen da. Kazetari baten lana, berriz, beste bat da. Berak bazekien batean eta bestean jarduten; modu desberdinean batean eta bestean, baina bietan maisuki.

»Zerbait argitaratzen zuen aldiro, gertakari bat zen. Dudarik ez dago. Beranduago kaleratutakoa da El otoño del patriarca (1975), eta berriro ere txunditzen zaitu, beste modu batean bada ere. Ezagutzen dituzu bere sekretuak, ezagutzen duzu bere aroztegia, eta ez zaitu hizkera horrek txunditzen, diktadore baten izaeran eta muinean sartzeko eta hori sinestarazteko daukan indarrak baizik».

JON BENITO, Idazlea: «Ez naiz haren literaturaren oso zalea, baina haren kazetari figura nabarmenduko nuke»

«Garcia Marquez ezagutzeko aukera eduki nuen euskal literaturan zuen eraginagatik. Duela urte batzuk, Joan Mari Irigoienen eta Pako Aristiren lehen lanetan, Kcappo eta haietan batez ere, bazegoen Latinoamerikatik zetorren errealismo magikoaren halako oihartzun bat. Beraz, bi urratsetan heldu nintzen Garcia Marquezenganaino. Euskaraz argitaratzen ziren eta garai hartan Latinoamerikan idazten zen literaturaren eraginpean egindako literatura hori irakurtzetik iritsi nintzen jatorrizkoraino; horrela deskubritu nuen Garcia Marquez.

»Anjel Lertxundirengan ere izan zuen eragina, baina batez ere gogoratzen naiz Aristiren hasierako trilogia hartaz: Kcappo, Irene eta Krisalida.

»Orduan hasi nintzen irakurtzen Garcia Marquez, bai Cien años de soledad edo Crónica de una muerte anunciada, baina denborarekin deskubritu nuen haren kazetari figura. Eta, hain zuzen, hori da nabarmenduko nahiko nukeena, behin hil denean niretzat balio garrantzitsuena duena. Ez naiz haren literaturaren oso zalea izan, eta ez zait haren lana bereziki gustatu edo bereziki adierazgarria iruditu. Elkarrizketetan-eta ez zion uko egiten bere kazetari figurari, eta azpimarratu ere egiten zuen behin baino gehiagotan; hau da, aipatutako liburuak edo El coronel no tiene quien le escriba bezalakoak idazterakoan ere bera oraindik ere kazetaria dela zentzu batean.

»Kazetari moduan hasi zen lanean. Zutabe berezi samar bat zeukan, eta ezizen batekin sinatzen zuen. Hor hasi zen bere begirada, bere munduan egoteko modua, bere kontatzeko modua, idaztearen zergatik, azaltzen. Kronista oso ona ere izan zen. Parisen egon zen berriemaile gisa, kronika oso politak ere egin zituen Kubako gertakariei buruz, egunkari bat sortzeko lanean aritu zen… Kazetaritzari buruzko haren hainbat liburu, niretzat oso interesgarrienak direnak, ez daude kaleratuta Espainian. Latinoamerikara bisitan joan diren lagunek ekarri izan dizkidate, eta asko estimatzen ditut: Periodismo militante, Notas de prensa, 1961-1984… Jauzi bat dago errealismo magikotik errealismo gordinera; beste Garcia Marquez bat da, errealitateari lotuago dagoena.

»1981ean jaiotakoa naiz, eta haren liburuak irakurtzen nituenean iruditu izan zait aldi berean irakurtzen nituen beste liburu batzuekin alderatuta atzean geratutako kontatzeko modu bat zuela. Ez zitzaidan askorik interesatzen Macondoren kontu hori eta. Garai batean beste kezka batzuk eta beste interes batzuk izango nituen. Horregatik izan zen sorpresa polita haren kazetaritza lanena; lurrari lotuago zegoen Garcia Marquez bat deskubritu nuen. Boom latinoamerikarrean badaude idazle oso-oso interesgarriak, baina asko zentratu da Garcia Marquezengan eta, batez ere, haren liburu batzuetan. Idazle bat hiltzen deneko momentuak eskaintzen du haren obran atzera begirako bat egiteko aukera.

»Gainera, beste arte batzuekin ere egin zuen elkarlan bat —antzerkirako idatzi zuen, kazetaritzan jardun zen…—. Arturo Ripsteinek ondu zuen haren nobela baten moldaketa zinemarako, eta iruditu zitzaidan Ripsteinek asko handitzen zuela Garcia Marquezen liburuaren magia, bere estetika ilun horrekin eta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude