Tabakoa bioetanola sortzeko

Irene Arrizurieta / 2014-04-23 / 660 hitz

Tabakoaren landareak etanolak bioerregaiak ekoizteko duen bideragarritasuna areagotu eginen lukeela ondorioztatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Agrobioteknologia Institutuak egindako lan batek.

Genetikoko moldatutako tabako landarea bioetanola ekoizteko alternatiba gisa erabil daitekeela ondorioztatu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Espainiako Agrobioteknologia Institutuko ikerlari talde batek. Landare horien bidez etanol ekoizpena %20tik %40ra bitartean handitu daitekeela ikusi dute. Horrek etanolak bioerregaiak ekoizteko lehengai moduan duen bideragarritasuna areagotu eginen luke.

NUPeko eta Espainiako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaile taldeak Mutiloan duen laborategian egin du ikerketa lana. Jon Beramendi Biologian doktorea izan da ikerketaren zuzendaria, eta harekin batera lanean aritu dira ikerlari hauek: Imma Farran, Alicia Fernandez eta Luis Larraya.

Landa lana INTIA Nafarroako Teknologia Institutuak Sartagudan dituen lursailetan egin zen. Virginia Gold eta Havana tabako aldaera komertzialak genetikoki aldatu eta landatu zituzten. Proiektuan Cener Espainiako Energia Berriztagarrien Zentroaren laguntza ere izan dute. Behin landarearen hostoa eta zurtoina bilduta, zentroak Sarrigurenen duen egoitzara eraman zuten, prozesu osoaren ikerketa bukatzeko. «Landa lan bat egin da bi tabako aldaera horiekin, eta frogatu da almidoia eta azukreak gehitzen direla tabako hostoan».

Tabakoaren hazkunde tradizionalak landareari garatzen uzten dio, hala hostoak hazteko eta handiagoak egiteko. Landarea hazten denean sintetizatzen da, hain zuzen ere, nikotina. Hala ere, landareak bioerregaien ekoizpenerako erabiltzen badira dentsitate handiagoko hazkunde bat egin beharko litzatekeela dio Beramendik, bazka landareen antzekoa. «Tabako landareak bata bestearengandik oso hurbil landatzen dira, eta zikloan zehar hainbat aldiz mozten dira. Belauneraino, 50 zentimetro inguruko garaieraraino, iristen denean landarea moztu egiten da, eta biomasa prozesatzeko faktoriara eramaten da».

Horrela eginez gero, produkzioa asko hazten da, eta kanpaina berean bizpahiru aldiz bil daiteke tabako uzta. «Zikloan zehar eta baldintza egokietan, hektareako 170 tona materia lor daitezke. Hori oso kantitate handia da». Beraz, bioetanola ekoizteko biomasa iturri egokia izan daiteke. Landare horien bidez etanol ekoizpena %20tik %40ra bitartean handitu daiteke, eta horrek etanolak bioerregaiak ekoizteko lehengai gisa daukan bideragarritasuna areagotuko luke.

Alternatiba

Bioetanola produktu azukredunen —azukre kanabera eta erremolatxa— hartziduratik lorturiko erregaia da. Lekale eta haien garauetatik —artoa, garia eta garagarra— ere lor daiteke, dituzten almidoiaren azukre hartzigarrien transformazioaren bidez. Egun bioetanola ibilgailuetarako gasolinaren ordezko moduan erabiltzen da, bakarrik edota bien arteko nahasketa bat eginez.

Azken urteetan energia iturri aukera berri moduan erabiltzeko aukera ikertzen ari dira, baina orain arte sekula ez da tabako landarearen aukera aztertu. Horregatik ere bada garrantzitsua ikerketa. «Tabako landareak bioetanola ekoizteko biomasa-iturri gisa erabiltzea ohiko hazkunde tradizionalaren alternatiba bat izan daitezke», dio Beramendi ikerketa taldearen arduradunak. Izan ere, tabako landaketa eta produkzioak atzera egin du azken urteetan AEB Ameriketako Estatu Batuetan zein Europan. Nafarroan, adibidez, Estellerriko Murieta herrian bakarrik ekoizten da gaur egun, eta hor ere oso gutxi.

Hori egiaztatzeko datu bat ikusi besterik ez dago. Azken hamar urteetan, tabako landarea hazteko erabili den eremua % 45 jaitsi da Europan. Bioerregaiaren ekoizpena izan liteke tabakoaren erabilera tradizionalaren alternatibetako bat, Beramendiren ustetan. «Hemendik aurrera, dentsitate handiko hazkunde eremuetan egin beharko dira saioak, eremu txikiak dituzten tokietan egindako landa lanean lortutako emaitzak berresten diren jakiteko».

Duela gutxi arte Ameriketako Estatu Batuak izan da produktore nagusia, baina produkzioa Asiako herrialdeetara joan da azken urteetan. Egun Txina da ekoizle nagusia. «Europako herrialdeak eta AEBak ezin dira lehiatu herrialde horiek dituzten produkzio kostuekin. Europan tabako landaketa ez da desagertuko, baina bazterreko landaketa gisa geldituko da. Beraz, produkzioa bioetanala egiteko erabil daiteke».

Beste produktu batzuk

Baina tabako landareari beste erabilera batzuk emateko aukera badagoela nabarmendu du Beramendik: «Etanolaren arloan jarri dugu arreta, baina balio erantsia emanen lioketen beste produktu batzuk ere lor daitezke tabako landarearen bidez».

Tabakoa biofindegi batean integratzen bada, beste azpiproduktu interesgarri batzuk lor daitezke: adibidez, proteinak. Tabako landarearen pisu lehorraren %30 dira gehienez ere. «Nutrizioaren ikuspegitik oso onak dira, eta behi-esnearen edo soja-esnearen proteinek baino proteina-efizientziaren tasa handiagoa dute; beraz, gizakiak edo animaliak elikatzeko erabilgarriak dira», nabarmendu du Beramendik. Solasenola ere aipatu du. E eta K bitaminak ekoizteko erabiltzen da. Eta xantofilak oilasko pentsuak egiteko gehigarri gisa erabiltzen dira egun. Beraz, aukera asko eskaintzen dituen landarea da tabakoa.

NUPeko eta Agrobioteknologia Institutuko ikerlariek elkarlanean egindako lana Molecular Breeding aldizkari espezializatuan ere argitaratu da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.