Talentuz blaitutako barneak

Hasier Rekondo / 2014-04-13 / 412 hitz

  • Izenburua: Erraiak
  • Egilea: Danele Sarriugarte
  • Argitaletxea: Elkar

Liburu honen oharretako batean aurkitzen dugun David Foster Wallace-ren La Broma infinita-ren gaineko iritzia, espainolezko bertsioan irakurtzen ari da protagonista, ondo baino hobeto egokitzen zaio Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) Erraiak (Elkar, 2014) lehen eleberri apartari: «….gutxienez astean behin ausaz aukeratutako orrialde batean zabaldu eta kontakizuna irakurtzeari berrekiteko tentazioari amore emanez». Eta ez da gutxi DFW miretsiarekin alderatzea liburuak sortzen duen menpekotasuna, eta, areago, lehen liburuaz ari bagara. Ezbairik gabe urteko liburuaren aurrean egon gaitezke, gainerakoak irakurri gabe hori esateak suposatzen duen atrebentzia, egileak barra-barra erakusten duenarekin pareka daitekeen arren.

Izan ere, XV. Igartza saria jasotako Erraiak honetan goi mailako literaturarako talentua besterik ez dugu aurkituko. Berezko talentua norberaren erraiak besteen aurrean gordin-gordinean erakusteko, larregizko gehiegikeria emozionaletan erori gabe. Eta gaiak bazuen gehiegikerietan erortzeko arriskua: Z. izeneko mutil batekiko haustura abiapuntutzat hartuta, gaztaroa zupatzen ari den (literalki eta metaforikoki) emakume baten bakarrizketa digresiboa dugu, letra larriz aurkezten zaizkigun amoranteen gaineko ibilbide formatuan. Narrazio teknika esperimentalak eta kortserik gabeko formak darabiltza inolako beldurrik gabe Sarriugartek; idazle berriari eskatzen zaion lotsagabekeria puntuak nobela kaskartu beharrean, hobetu egiten du. Sarerik gabeko jauzi literarioak bazuen arriskurik, pedantekeriaren amildegian burua haustekoa hain zuzen ere. Liburuaren azken ataleko oharretan, esaterako, badago pedantekeria kutsu ironikorik, baina protagonistaren barne-borrokaren onuran beti ere.

Nolabaiteko pornografia sexual eta emozional baten mugetan barrena, bakarrizketa adiktibo horretan zehar, irakurleak ez du atseden hartzeko aukera larregirik izango, plok-plok-plok onomatopeiaren lagun, gin-tonic bat prestatzeko eta irakurketari berriro ekiteko ez bada. Emakumezko protagonistaren erraiek eztanda egingo dute edozein generotako irakurle beraren barne-frustrazioetan, neo-kostumbrismo txatxu batetik urrunduta. Kontaketa sentimentala baino haratago, urraketa existentzial baten testigantza nihilista da, «gauza jakina da artistei erraiak oparitzen dizkiedala», urregin baten maisutasunez ehundutako irudi estasiatuez blai: «…edo harreman aske baten parodia txarra besterik ez dela gurea, hondoratuta dagoenetan erabil dezakeen joker afektibo bilakatu nauelako». Protagonistak ihesbide bakarra aurkituko du, Epikuroren ametsa betetzea: «carpe diem madarikatu horri izterrekin gogor oratzen baitio, ahalik eta sarrien jotzea, bidaiatzea, mozkortzea eta dantzatzea bilakatuz helburu goren».

Eleberriak ez ditu ezkutatzen eragin literarioak zein musikalak (nire gusturako askoz erakargarriagoak lehenak bigarrenak baino, baina gustuak gustu), eta narraziorako lanabes gisa darabiltza egileak: totem bilakatzen da protagonistaren baitan Bukowski-ren aipu gogoangarria («alferrik galdutako iluntze bat zure bizitza bakarraren aurkako biolazio larria da», ingelesetik apetaz nik neuk itzulitakoa), Nietzsche, Pynchon, DFW, Cortazar, Salinger… Heziketa musikalak ere badu lekurik, belaunaldi galdu baten gainekoa ere izan daitekeen «baloi-kanpokeriarik» gabeko kontaketa distiratsuan. Drummondarren «Noiz hasten da gure oraina?» parafraseatuz, Danele Sarriugarteren literatur oraina bere erraiak talentuz blaituz hasi da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.