Danele Sarriugarte, idazlea: «Azpimarratu da sexualitatearena, eta morbo pixka bat sortu dela uste dut»

Igor Susaeta / 2014-05-02 / 795 hitz

Zeresana eragin du ‘Erraiak’ haren lehen nobelak. Abandonu baten ostean, bakarrizketa bidez, «eta amorruz», botatzen ditu emakumezko batek harremantzeko moduei buruzko sentipenak.

Erraiak (Elkar) gehiegikeria bat dela esan, eta Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) onartzen du bere lehen liburua definitzeko modua. 2012ko Igartza saria irabazi eta gero, martxoan atera du plazara. Hura idazteak exijitu zion intentsitateaz mintzo da, esaterako, eta etorkizunerako buruan daukan lana, tonuan behintzat, estreinakoarekin konparatuta oso diferentea izango dela dio. Bartzelonan dago Literaturaren Teoriaren eta Literatura Konparatuaren masterra egiten, eta itzulpen lan txiki batzuk ere egiten ditu enkarguz.

Ez da izaten ohikoena egile baten estreinako lanak horrenbesteko ikusmina piztea. Zergatik gertatu dela pentsatzen duzu?

Ez dakit. Argitaratu aurreko aste horietan igartzen nuen hizketa hori, eta niri ez zitzaidan askorik gustatu; urduri samar nengoen. Jendeak, orokorrean, pentsatzen zuen gustatuko zitzaiola. Orduan, pentsatzen duzu presiorik eduki gabe eta sorpresaz iristen bada hobeto funtziona dezakeela… Ikusminari dagokionez, batetik izan daiteke Igartza bekak ematen duelako ikusgarritasuna; eta, bestetik, Elearazi blogeko jarduna gehiago zabaldu dugulako eta jendeari gustatzen zaiolako gure lana. Hor ikusten dira zeintzuk diren nire literatur gustuak, nire lan egiteko modua, eta, agian, horregatik ere izan daiteke.

Haustura sentimental batetik abiatuta, 25-30 urteren bueltan dabilen emakumezko obsesibo baten barneak modu ezin gordinagoan erakutsi dituzu nobelan, horretarako bakarrizketa moldea baliatuta. Pudorerik gabe. Zuri zeuri iruditzen zaizu ez dela «batere euskalduna» gauzak hala azaltzea. Beharbada horregatik sortu du ikusmin hori?

Pudorerik gabe kontatzearena, ba, Mendebaldeko herrialde batzuetan hasi ziren autore batzuk pudorerik gabe idazten, baina ez zait iruditzen hainbeste zirenik ere; gainera, askotan izan dira, nolabait, minoritarioak. Orduan, ez da bereziki euskaldunen kontu bat, baina editoreak esan zidan, eta tira, broma egitearren-edo… Jendeak asko azpimarratu du sexualitatearena, gordintasunarena. Hortaz, morbo pixka bat badagoela uste dut. Izan daiteke…

Zuk zuek diozu Mendebaldeko literaturan ez direla asko pudorerik gabe mintzo direnak. Rara avis bat sentitzen zara, beraz?

Editorearekin komentatzen ibili nintzen aurretik zeintzuk izan diren pudorerik gabe idatzi dutenak, eta nik behin baino gehiagotan aipatu dut Uxue Apaolazaren literatura. Sexua, eta taberna giroa ere agertzen da Edorta Jimenezen hasierako liburuetan… Uste dut ez dela hainbeste egin, baina ez zait iruditzen ez denik egin erabat. Baina jendeak momentuz oso ondo jaso du. Ez dut rara avis sentitzeko arrazoirik.

Eta zer azaldu nahi izan duzu Erraiak-ekin?

Ez dut bereziki ezer azaldu nahi izan. Kezkatzen ninduten gauza batzuk atera nahi nituen.

Zerk kezkatzen zaitu?

Emakumezkoaren egoerak euskal gizartean, adibidez. Harremantzeko dauzkagun moduak: familian, lagunartean, kuadrillan, bikoteetan…

Kosmopolita da protagonista, eta herra bat nabaritzen zaio bai bere familiarekiko, bai betiko lagunekiko, bai jaioterriarekiko. Zer dela eta?

Nobelaren tonuan egoera ere kontuan hartu behar da. Protagonista etxera iristen da, eta bat-batean dena jausten zaio. Orduan, badago nolabaiteko mendeku bat-edo, edo zor batzuk kitatzeko nahia; momentu horretaraino irentsi duena botatzen du hutsetik hasteko. Ordura arte mantendu dituen forma hipokrita horiek ezabatu eta erauzten ditu txartzat emanez, eta hortik abiatzen da. Hurrengo egunean edo denbora pasa eta gero idatzitako nobela izango balitz, alegia, abandonua pairatu eta gero ondutakoa, nolabaiteko arantza atera eta katarsi unearen ondoren ekin izan balio idazteari, ziurrenik ez luke hala jokatuko.

Bakarrizketa horretan, hitz jario etengabean, norantz jotzen du protagonistak? Zein galderari erantzun nahi die?

Esan didate harri baten modukoa dela lehen kapitulua, oso gogorra, eta gero tentsioa altxatu egiten dela. Baina bukaeran, eta horietako oin oharretan, presenteago dago ironia eta auto-ironia. Ez dakit eboluziorik daukan… Baietz uste dut… Hurrengo egunean, esaterako, botakarekin topo egiten du, eta horri aurre egiten dio.

Formari dagokionez, ariketa estetiko bat egin duzula esan daiteke.

Banuen asmo estetiko garbi bat, erritmoari lotutakoa batez ere. Sortzen nituen irudietan ere ez nien topikoei tira egin nahi, eta sentimendu batzuetarako zehaztasun bat topatzen ahalegindu naiz, era berean.

Sintaxia ere ez da ohikoa: ez dituzu koma gehiegi erabili, eta esaldi batzuk korapilatsuak ere izan daitezke. Horrek guztiak irakurketa zaildu dezakeela esan al dizu inork?

Gustatzen zaizkit esaldi luzeak, eta une batzuetan, gainera, iruditzen zitzaizkidan egokiak zirela pertsonaiaren egoerarentzat; hor dagoelako, gainezka, eta dena batera bezala esan nahi duelako. Orokorrean jaso dudan feed back-aren arabera, ez dira korapilatsuak.

Kritikariren batek esan du oin oharrak liburuaren amaieran biltzeak irakurketa trabatu dezakeela ere. Zergatik horrela? Zein asmorekin?

David Foster Wallacek ere erabiltzen du teknika hori. Ikaragarri gustatzen zait estrategia estetiko moduan. Liburuari berari, gainera, momentu batzuetan ondo zetozkion, bazeudelako gauza batzuk nik kontatu nahi nituenak baina eteten zutenak historiaren beraren erritmoa. Ekarpenak egiten dizkiote testuari. Izan ere, testuaren beraren tragedia horri-edo pisua kentzen diote. Traba eragin dezakeela aurrera eta atzera ibiltzeak? Irakurlearen araberakoa izango da.

Eragin literarioak, musikalak, zinemakoak, artistikoak, etengabe aipatzen dituzu: Low, Jack Kerouac, Charles Bukowski batez ere, Pulp Fiction, Dennis Hopper, Frida Khalo… Zein intentziorekin?

Pertsonaiaren eraikuntzarako nahiko baliagarria iruditu zitzaidan. Erakusteko, adibidez, garrantzi handia ematen diola arteari eta bizi dela eredu horiei begira. Beste kasu batzuetan helduleku bezala erabili ditut, hausnarketarako abiapuntu bat emateko. Pertsonaiaren giroa, gainera, oso kultureta da.

.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude