Errelatoak, fikzioak kara

Mikel Asurmendi / 2014-05-11 / 458 hitz

  • Izenburua: Errateko nituenak
  • Egilea: Pello Salaburu
  • Argitaletxea: Erein

Errateko zituen, baita gogotik erran ere (Pello Salaburu, Arizkun, 1951). Jainkoa Arizkungo ala Cuscokoa izan, alajainkoa edota hala jainkoa! Erratzuriz etxaldean sortu ttalla ezagutu dugu, hala Baztan nola Cuzco poxi bat gehiago ezagutu ere. Areago, ttalla edo mutiko hura ez ezik, gizakia bilakatu gaztea ere bai.

Nafarroa Garaia baino goitiago dagoen Peruko Cusco hiriraino eraman gaitu Salaburuk, hegaz eraman ere. Hagitz goitik egin du hegan: Paris, Amsterdam, Arizona edota Txilen gaindi ibilki da, lur arrasean ibili ere. Mundualdiko kronika izan ezik, Euskal Herrikoa kronika taxutu du.

Autobiografia bada ere, liburua ez da arras biografikoa. Ez da nobela, ez poesia, ez ipuina, ezta historia erreala ere. Alta, dena erreala bailitzan irentsi daiteke. Irentsi! Bai horixe. Mikel Laboaren Baztan kantuak gaztetan irentsi —Joxan Artzeren eleetan— gintuen antzera.

Pello Salaburu ez dut ezagutzen, ez dut behin ere kara kara izan, alabaina, Errateko nituenak irakurri ondotik, berarekin topo eginez gero, bertzela behatuko diot. Kontakizunok errealitatean eraikitako fikzioak kara dira —fikzioak antzo, baztandarren moldean erranik—. Idazleak ironia darabil, eta zenbaitetan irakurleoi adarra jo ote digun inpresioa daukat. Ironia goxo-goxo dario bere eleoi alta, Sylvia Kristelen behako eztiak kara.

Cuzcoko kronika istorioen bidez kontatutako —gure eta bere— historia da. 2012ko urriaren 1etik urriaren 6ra bitarte narratua, astelehenetik larunbatera. Igandea, Arizkungo erratzuriztarrek egin legez, atseden eguna harturik. Kristau jaioak gara euskaldunok, bai horixe! Gizaldi honetara bitartekook bederen. Gerokoak nolako izanen diren, jakizu! Anartean, gure historiaren errelatoa egin beharra dugun garaion, ongi jinak Pello Salaburuk errateko zituenak.

Liburuaren azaleko armarria abiaburu harturik, kontakizunak antzinatik etorkizunera ibilarazten gaitu, presenteaz ere mintzo delarik: goitik ibilita, xumeen ingurumaria narratuz. Cuscotarrek greba egunak egiten duteinoko egunak kontatuz, konparazione. Idazlea cuscotarrez ari denean gure buruaz ari ote? Ironikoa dirudi, hori horrela galdetzea ere. Edonola dela ere, Euskal Herria tipia eta xumea da eta Cuzco hiria habitatzen duten indigenak bezala, euskaldunok historia ere xumea dugu. Alabaina, Inka inperioaren indigenen antzera, gu ere konkistatuak eta konkistatzaileen arrimuan aritutakoak gara.

Errateko nituenak izenburuak berak ohartarazten gaitu liburuaren asmoaz eta jakitez. Seminarioan lehenik, ttalla zelarik. Gaztea zelarik gero, unibertsitatean zaildua. Unibertsitatean eta Euskaltzaindian —Bazkaltzaindia-ko bilkura surrealistetan— azkartua gero, ekinez eta jarraituz jalgi zen mundura Salaburu! Konparazionera hau ere: ez du ahoan bilorik, ez sexualitateaz ari denean —Sylvia Kristel behin eta berriz oroit— ez Juan Jose Ibarretxe —lehendakariaz, alegia deus ez!— nahiz Miren Azkarate bidaide eta lagunen pasadizoez ari denean. Atseginez mintzo zaigu Elisa eta Carmina lagun berriez; artean Janire Marling lokamuts duelarik.

Pizarro, Anquetil edo Koldo Etxandi ere aurkituko dituzu kontakizunean, bertzeak bertze. Lehen bien izenak ezagunak zaizkizu, bigarrena ez. Fikziozko izena duzu, hagitz erreala haatik. Koldo Etxandi inguratzen gaituzten estatuetako espetxe batean aurki dezakezu preso. Bertatik irteteko eskubidea dauka, «nola» atera baina! Hori errealitate gordina. Errateko nituenak errelato gisakoa da, benetakoa, fikzioak kara ederki narratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.