Harriaz urre egin zuena

Iñigo Astiz / 2014-05-22 / 693 hitz

Bizirik irauteko eredu bat eskaini zion euskal literaturari Gabriel Arestik. Hori da, Bernardo Atxagaren ustez, bilbotarrak egindako ekarpen nagusietariko bat: «Lizardiren ereduarekin ez zen etorkizunik izango».Alkimista bat. Horra Bernardo Atxaga idazleak atzo Bilbon Bilbozaharra euskaltegiak Harri eta herri liburuaren 50. urteurrena ospatzeko antolatutako hitzaldian aurkeztu zuen Gabriel Aresti. Harriaz urre egin zuen idazlea. Jorge Oteizaren paraleloan kokatu zuen horregatik Bilboko idazlea. Biak profeta, biak alkimista. «Harreman estua dago bien artean. Aritmetika bera dago bi bizitza horietan». Artistak txalapartarekin egindako bera egin baitzuen Arestik herri literaturarekin. Garaikoek arrunkeriatzat zutena abangoardia bilakatu zuen berak ere. Balioa eman zion bere garaian iraingarritzat jotzen zenari. Literatur hizkuntza atera zuen garaikoek «mordoilokeria» deitzen zutenetik. Eta hala, bizirik irauteko eredua eskaini zion euskal literaturari. «Ez balitz etorri gizon hau, Aresti gure hau, eta ez balu esan ‘kontuz, ereduak hemendik joan behar du, eta ez garbizale jendeak dioen toki horretatik’, ez zen etorkizunik izango».

«Harri eta herri eskuratu nuenean niretzat idatzia izan dela pentsatu nuen, eta halako uste orokor bat izan zen hori». Arestiren liburuarekin izandako lehen enkontrua izan zuen gogoan Atxagak atzo. Eta Ibon Sarasola hizkuntzalari eta ikerlariaren hitzak izan zituen gogoan topaketa hartan gertatu zitzaiona azaltzeko. Sarasolaren hitzetan, Harri eta herri izan baitzen euskal irakurleen eta idazleen artean zegoen zubi traketsa gainditu eta irakurleak lortu zituena. Eta hain zuzen horixe bera gertatu baitzitzaion berari ere. «Aurrez ahalegindu nintzen Lizardiren Biotz-begietan irakurtzen, baina ezin izan nuen aurrera joan». Kontrara, propio sentitu zuen Arestiren liburua. «Nik hartzen dut liburu hau euskal literatura modernoaren abiapuntutzat».

Eredu borroka bat aipatu zuen Atxagak. Lizardik ordezka lezakeen garbizaleena, batetik, eta Arestik ordezkatzen duena, bestetik. Biak ziren indarrean orain 50 urte, baina historiak arrazoia Arestiri eman diola uste du idazleak. Berriz ere basamortuaren ideia: «Lizardiren eredu harekin eta hura baino garbizaleagoak zirenen ereduarekin ez zen egongo etorkizunik». Baina egon, egon da etorkizunik, eta Arestiren ereduaren garrantzia nabarmentzen du horrek, Asteasukoaren hitzetan. «Besteentzat akats izugarria zena, euskara mordoiloa deitzen zuten hura, Arestirentzat dohaina da. Hori da herriaren euskara. Hori da espresioa daukan euskara. Berak ikusten zuen hortik etorriko zela literatura berria, eta esan behar dut hala izan dela».

Izan ere, hizkuntza da Arestiren ekarpen nagusia, Atxagaren iritziz. «Haren helburu nagusia eta guk jaso dugun herentziarik handiena izan da hizkuntza. Hartu zuen hizkuntza eta guri, hurrengo belaunaldioi etorri zitzaigun hizkuntza bat trebea, iaioa eta ahozko tradizioarekin lotura zeukana. Ez zuen hori berak bakarrik lortu, baina bera izan zen zorrotzena eta arte gehiena zuena».

Bidegile eta profeta aurkeztu zuen Atxagak Aresti, baina baita bakarti ere. Bi munduren artean. Euskaltasunari lotuegi garaiko alderdi komunistaren babesa jasotzeko; elizaren aurkakoegi garaiko giro euskaltzalean babes hartzeko. «Tartean gelditu zen. Ez talde batekin eta ez bestearekin». Eta horregatik jasan zituen erasoak, eta horregatik lanturuak, eta horregatik minak. Profetaren bakardadea izan baitzen Arestirena, Atxagaren hitzetan.

«Poeta da profeta»

Eta hor Oteizarekiko lotura. Gainontzekoek arruntzat zituztenen atzean balioa ikusteko gai izan zirelako biak. Horregatik izan zen kapaza Aresti Txirritaren bertsoen atzean poeta sozialaren eredua ikusteko. Horregatik izan zen kapaza herri antzerkiaren atzean Bertolt Brechtek proposatutako antzerki eredu berria igartzeko. Eta horregatik izan zen kapaza Axularren euskara eredua baloratzeko. «Zer da poeta?». Galdera horri Arestik emandako erantzuna hartu zuen ahotan Atxagak une batez. «Poeta da profeta bat. Poeta da gizon bat egia maitatzen duena. Egia hori hitzaren medioz esplikatzen eta kantatzen duena, eta horregatik persegitua izanen da, armaz ez bada, orduan gezurrez eta bortxaz edo lausenguz, baina mundu honetatik aparte egongo da».

Eta Atxagak azalpenaren jarraipena: «Egia esateko, beste toki batean egon beharra dago. Horregatik esaten du egia umeak. Horregatik esaten du egia mozkorrak. Horregatik esaten du egia eroak. Eta horregatik esaten zuten egia François Villon eta poeta asozialek. Ez da bereziki jakintsuak direlako edo ausartak edo teoria bat dutelako, baizik eta beste toki batean kokatzen direlako, eta beste toki horretan kokatuta esan dezakete poetak esan dezakeen gauza bakarra: egia». Eta idazlearen hitzetan, horixe zen Arestiren jarrera. «Oteizaren kasuan txalapartari begiratzen dionean, eta Arestiren kasuan Txirritari eta halako bertsolariei begiratzen dienean dago begirada bat, dago ideologia bat, dago mundua eta zehazki artea eta literatura ikusteko modu bat». Eta Arestiren esaldiak laburtzen du modu hori: «poeta da profeta».

Harri eta herri liburuaren etenik gabeko irakurketa antolatu du gaurko Bilbozaharra euskaltegiak Arriaga ondoan jarritako karpan. Goizetik gauera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude