Lapse It, paisaien argazki ederrak ateratzeko

Aitor Aretxaga / 2014-05-21 / 329 hitz

Denboraren igaroa da time-lapse-a. Argazkilaritza eta bideogintzan joera bihurtu den teknika ezagunari dagokio. Wikipediaren arabera, bideo sekuentzia baten abiadura azkartzean lortzen den teknika bat da; gauzak errealitatean baino azkarrago mugitzen dira.

Bideo arrunt bat grabatzen segundoko jasotzen diren irudi kopurua baino gutxiago jasota lortzen da efektua. Adibidez, ohiko bideo bat, 25 fps edo irudi segundoko abiaduran jaso, eta abiadura berean erreproduzitzen da normalean. Time-lapse itxurako bideoa sortzeko, berriz, hamabi segundoko tarteetan irudi bakarra jasoko da, eta, ondoren, bideo hori abiadura normalean egikaritu. Ezarpen horiek bakoitzaren nahien arabera doitu daitezke, noski. Dena den, hodeiak, autoak, hiriko argiak edo zerukoak aitaren batean igarotzen ikusten diren sekuentzia bitxiak lortzen dira horrela egiten denean. Irudimena gainezka dutenek panpinekin film laburrak grabatzeko baliatzen dute teknika.

Bideoen ezaugarri teknikoetan haria galdu dutenentzat, xehe-xehe azaldu genuen Zibergelan berriki: http://zibergela.bitarlan.net/2014/04/03/bereizmen-handiaren-amarruak/.

Denbora igaroa lortzeko ez da tresneria berezirik behar, kamera digital bat eta ordenagailuan bideo edizioko programa bat besterik ez. Are gutxiago beharko dute Lapse It aplikazioa deskargatzen dutenek. Sakelakotik bertatik eskuratu daitezke irudiak, eta baita editatu ere.

Gainontzeko argazki aplikazioekin alderatuta, prestakuntza batzuk beharrezkoak dira hemen. Sakelakoa patrikatik atera eta kliskagailua etengabe zanpatzea baino landuagoa da prozesua: telefonoarentzat tripode bat edo euskarria, eta telefonoa elikatzeko aparteko bateria edo entxufe bat eskura edukitzea gomendatzen da, dardarak saihesteko eta argi kontsumo handia hornitzeko.

Kapturen ezaugarriak nahieran doitu daitezke Lapse It aplikazioan. Erabiltzaileak grabatzen hasi orduko ezarriko ditu batzuk, eta gainontzekoak ondoren. Hasi orduko: iraupena, irudien arteko denbora tartea, argazki kopurua edo hark eskuz geratuko duen ezarriko da. Bereizmena eta argitasuna ondo aukeratzea erabakigarria da, eta, besterik ezean, proba-akats bidez gustuko sekuentzia lortu arte eutsi. Bukatzeko: bideora bihurtu edo renderizazio garairako ezagunenak diren formatuetara bihur daiteke sekuentzia: MOV, MP4 edo FLV, eta, aldi berean, bideoaren irudi maiztasuna eta abiadura erabaki. Oso motel grabatzen denez, 25 fps jarrita ere denbora geldiro ikusiko da igarotzen; baina, efektua areagotzeko, 50 fps edo gehiagora ezar daiteke. Aplikazioak aukera bakoitzaren azalpentxoak dakartza han-hemenka, inor gal ez dadin. Musika ezarri, besteen lanak ikusi, denetarik egin daiteke.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude