Haurren erabilera, kontrolpean

Aitor Aretxaga / 2014-05-21 / 566 hitz

Belaunaldi berriko gailuak doitu daitezke haurren erabilera edo jarduna mugatzeko. Gurasoen kontrolerako ezarpenei esker, erabilera programatu, adinaren arabera batzuk baliogabetu eta App dendarako sarbidea uka daiteke.

Haurrek ikusten dutena behar izaten dute. Eta, guztien artean, ukipenezko pantaila argitsu eta distiratsuak izugarri erakargarri zaizkie. Gailu elektronikoetan Parental Control edo Gurasoen Kontrola izeneko ezarpenak konfigura daitezke, eta ikusteko edukiak eta sarbideak mugatu. Lehentasunez debeka daiteke denda birtualetan ustekabeko erosketak egitea, edo nabigatzailean sartzea Interneten ibiltzeko. Era horretako kontrol neurriak, batez ere, tableta, telefono eta bideo jokoek izaten dituzte. Baina, tamalez, oharkabean pasatzen da.

Haurren gehiegizko erabilerak edota okerrak dira zaintzekoak. Adituek ez dute gomendatzen debekurik ezartzea, baina bai neurtzea. Bakarrik asteburuetan erabiltzen uzteak, esaterako, ezinegona edo antsietatea sor diezaieke. Eguneko edo asteko aisialdia gutxienez gustuko hiru egitekotan banatzea omen da egokiena. Premisa hori betetzen lagun dezake Gurasoen Kontrolak, hain zuzen.

Bideo jokoek aste osoko planifikazioa egitea ahalbidetzen dute. Gehieneko ordu muga bat edo kuota ezar dakieke, edo, xehatuago, asteko egun bakoitzerako ordutegia finkatu. Horietatik kanpo ez dira ibiliko. Edukiak zein jolasak adinaren arabera sailkatu eta saihestu ditzakete, Internet erabilera iragazkiekin bideratu edo informazio pertsonala partekatzea debekatu.

Telefonoen kasuan, erabilpena mugatzeko baino gehiago, debekuak ezartzeko bakarrik dira kontrol neurriak.

Android

Gurasoen Kontrola 4.3 Jelly Bean bertsioarekin iritsi zen iaz Android euskarrira. Traba izan daiteke, batik bat, eguneratze hori Nexus lerroko tableta eta telefonoez gain beste gutxik dutelako oraindik. Baina ezintasun hori dutenek Google Play dendan hainbat aplikazio dituzte aukeran zeregin berdinetarako. Ospetsuenak Kids Place eta Norton Family doakoak dira, eta bertsio guztietan balio dute.

Telefonoaren lehentasunezko Guraso Kontrola erabiltzaile bati debekuak jartzeko soilik da: Settings barruan, Add User or Profile aukeratu, eta han, Restricted Profile. Profila sortu eta izendatu; eta zerrendan ageri diren aplikazio batzuetarako sarbidea ukatu. Ez dago era bateko erabilpena zehazterik edo iragazkirik sortzerik.

IOS

IPhone, iPad eta azken belaunaldiko iPod gailuen kasuan ere, erabiltzaile batek erabil ditzakeen aplikazioak aurrez erabaki daitezke. Pasahitz bidez babestuko da, gainera, kontrara egiten saiatzean. Honela: Settings lasterbidean, General atalean Restrictions aukeratu.

Debekuen botoia han gaitzen da, eta jarraian pasahitza ezartzen. Zerrenda batean erabiltzeko pasahitza eskatuko duten aplikazioak ageriko dira behealdean. Ondoren, aukera gehiago ere badira; besteak beste, Apple etxekoak ez diren aplikazioak erabiltzeko debekua eta GPS geokokapena ezin kentzearena.

Kindle Fire

Ukipenezko pantaila goitik behera igurtzi, eta ezarpen apur batzuk ageriko dira. Settings hautatu, eta gero, Parental Controls. Umeek jakingo ez duten pasahitz bat ezarri. Indent-Placeholder debekatu, eta multzo horren barruko egitekoak pasahitza dakitenek bakarrik egin ahalko dituzte.

Xbox One eta Windows 8

Microsoftek, erabilera erraztu nahirik, Surface tableten Windows 8 eta Xbox One bideo kontsola ahalik antzekoenak egin ditu. Eskema bera errepikatzen dute: hasi saioa kontsolan; agintean menuaren botoia sakatu eta Settings hautatu; eskuineraino jauzi egin, Family aukerara; mugatu beharreko profila hartu; banaka, nahi diren debekuak ezarriz joan: zein informazio erakutsi eta Interneterako sarbidea debekatu, hainbaten artean. Xbox Live web ataritik erosoago egin daiteke. Aurreko kontsola Xbox 360 zein One berria ezarpen berberekin konfigura daitezke, erabiltzaile berbera partekatzen badute.

Play Station 4

Sonyren kontsolaren kasuan, erabiltzaile kontu nagusi bat edo kudeatzaile bat dago. Horrekin saioa hasteko, pasahitz bat ezarri beharko da, eta, Gurasoen Kontrola doitzeko, beste berri bat: Settings atakan, Parental Controls. Leku berean dago Manage Sub Accounts, eta horrekin haurrentzako kontua sortuko da, muga eta debekuak ezarriz unean: joko batzuk debekatu; aplikazioak, filmak, adinaren arabera; sarean jolastean ahotsa, testu eta bideo trukaketak saihestu; jolaskideentzat erabiltzaile gonbidatuak sortzeko aukera kendu; eta Play Station Store dendan erosketa mugak ezarri, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.