Erreferentzia euskaratua

Araitz Muguruza / 2014-05-21 / 565 hitz

‘Principles of Marketing’ marketinaren munduan libururik garrantzitsuenetako bat euskaratu du Deustuko Unibertsitateak.
Lorea Narbaiza eta Itziar Navarro irakasleek koordinatu dute itzulpen lana.

Hitz batean laburbil badaiteke Marketinaren oinarriak liburua itzultzeko egin den lan guztia, elkarlana hitza erabiliko lukete. Izan ere, sare handi bat osatu dute Deustuko Unibertsitatean liburua itzultzeko. «Elkarren artean egin dugu, Donostiako eta Bilboko campuseko irakasleek parte hartu dute, baina beste unibertsitate batzuetakoek ere bai. Beraz, hemengo eta hango itzultzaileak izan ditugu, eta marketin sailetik kanpo batzuek ere jarri dute beren aletxoa», azaldu du Itziar Navarro itzulpena koordinatu duen irakasleak; Lorea Narbaiza irakaslearekin batera aritu da itzulpen lana koordinatzen.

873 orrialdeko liburu mardula da Marketinaren oinarriak. Philip Kotler Chicagoko katedradunak eta Gary Armstrong Edinburgoko katedradunak idatzi zuten. Marketin ikasketak ematen dituzten ikastetxe eta unibertsitateetan erreferentziazko liburua da, modu argigarrian azaltzen baitituzte horren nondik norakoak. Liburuak duen arrakastaren adibide garbiena liburuari egin dizkioten itzulpenak dira. Guztira, 28 hizkuntzatara itzuli dute.

Unibertsitatean ikusi zuten liburua euskaratzearen beharra. «Duela 18 urte hasi ginen marketina euskaraz ere irakasten Deustuko Unibertsitatean, eta denbora joan ahala, ohartu ginen ikasketa horietan erreferentziazko liburuetako bat zena euskaraz falta zela», azaldu du Narbaizak. Gaineratu du, bestalde, liburu hori erabilgarria dela eskoletatik kanpo ere, euskara geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari baita enpresa munduan. Bi aukera horiei erantzuteko asmoz ekin zioten itzulpenari 2010ean.

Bakun itzulpen zerbitzuak eta Navarrok euskaratu dituzte edukiak. Irakasleek, berriz, berrikuspen lanak egin dituzte. Baina irakasleek baino gehiago ikasleek joko dute liburura, eta haiek ere gogoan izan dituzte itzultzeko garaian. Narbaizak zehaztu du: «Interesgarria iruditu zitzaigun ikasleen iritzia jasotzea, izan ere, haien tresna izango baita liburua». Modu ulergarri eta erabilgarrian dagoen edo ez adierazi dute ikasleek.

Liburua itzuliko zutela jakinarazi zieten egileei, eta atzoko aurkezpenean horien adierazpenak eman zituzten bideokonferentziaren bidez. Eskertuta eta oso pozik agertu ziren Kotler eta Armstrong. Euskarara ekartzeak «berebiziko» ilusioa egin ziela nabarmendu zuten.

Liburuaren aurkezpenaren ondotik, marketinaren eta euskararen inguruko harremanari buruz aritu ziren Eneko Astigarraga CodeSyntax informatika enpresako kudeatzailea, Gexan Sors Elkar argitaletxeko marketin zuzendaria eta Koldo Unanue Euskalteleko marketin zuzendaria. Hiru lagun, hiru enpresa, marketina modu desberdinean egiten dutenak.

Enpresa txikiaren eta ertainaren artean kokatzen du Astigarragak Codesyntax. Bezeroen %70 euskaldunak direla azaldu du. «Bertako merkatuan lan egiten dutenak dira gehienak; atzerriko merkatuan jarduten duten enpresak badira, euskarazkoa izaten da gurekin izaten duten harremana». Horregatik, garrantzi berezia ematen diote hizkuntzaren egokitasunari, baina produktuari ere begiratzen diote. «Produktu txukunak sortu behar ditugu, bezeroak euskaraz dagoenaren alde egin dezan». Izan ere, hizkuntza handiagoak aldamenean ditu beti euskarak, eta kontsumitzaileak gehienetan eleaniztunak dira; bi eskaerak bete behar ditu, beraz.

Euskara indartzeko asmoz

Enpresa baino gehiago fundazioa da Elkar, eta hor zehaztutakoa bete behar dute langileek. Euskara eta euskal kultura sustatzeko xedeak, hargatik, marketinean «bete-betean» eragiten duela azaldu du Sorsek: «Beti saiatzen gara euskara era positiboan diskriminatzen». Garai zailetan daudela nabarmendu du Sorsek, krisi ekonomikoarekin batera, kontsumo aldaketak izango direlako. Etorriko denari begira, esan du Elkar Interneten indartzea dutela hurrengo erronka.

Euskaldun izaera indartzen ahalegintzen dira Euskaltelen ere, Unanueren arabera. 90eko hamarkada erdialdean sortu zen enpresa, eta gogoratu du hasierako garaietan ia ezer itzuli gabe zegoela. Hutsuneak ikusten ditu, hala ere: publizitate kanpainak egiten dizkieten agentzietan ez baitakite ongi euskaraz. «Horrelakoetan kanpainak ez du funtzionatzen, euskaldunek ez baitute ongi ulertzen». Arrazoi horregatik, iragarki batzuk atzera bota dituztela zehaztu du Unanuek. Publizitate kanpainen bidez, euskararen erabilpena indartu daitekeelakoan dago marketineko zuzendaria: «Horregatik sartu genuen musu hitzaren laburdura (mx) aurreko publizitate kanpainan. Denborarekin jendeak ikastea eta erabiltzea nahiko genuke».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.