Haur liburu bana kaleratu dute Mendigurenek, Bilbaok eta Añorgak

Erredakzioa / 2014-05-20 / 157 hitz

Antton Olariagak, Ainara Azpiazu ‘Axpi’-k eta Jokin Mitxelenak egin dituzte narrazioak ilustratzeko irudiak.

Haur literaturako hiru liburu kaleratu berri ditu Elkar argitaletxeak: Leire Bilbaoren Doministripu jauna, Antton Olariagak ilustratua, Batela bilduman (6 urtetik gorako irakurleentzat); Pello Añorgaren Handia naiz, Jokin Mitxelenak ilustratua, sail berean (eta adin bereko irakurleentzat); eta Xabier Mendiguren Elizegiren Printzesa txizontzia, Ainara Azpiazu Axpi-k ilustratua, Kuku bilduman (8 urtetik gorakoentzat).

Doministiku egiten duen bakoitzean istripu bat gertarazten duen gizon bat da Doministripu jauna narrazioko pertsonaia nagusia. Pello Añorgaren Handia naiz narrazioak Igor du protagonista, ama haurdun dagoenez geroztik serio samar dagoen ume bat; horrela ikusita, aitak «haur ninia ematen duzu» esan dio halako batean, eta orduan Igorrek erantzun dio bera ez dela ninia, handia baizik, eta benetako ninia amaren tripa barruan dagoena dela. Xabier Mendiguren Elizegiren Printzesa txizontzia-k Karolina Potolinaren gorabeherak ditu kontagai; behin eta berriz pixa egin beharrak hainbat arazo sortzen zizkion Karolina Potolinari, eta arazoari konponbide bat bilatzen ahalegindu beharra egokitu zitzaion.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.