Istorio bat, bi liburu (eta II)

Imanol Mercero / 2014-05-18 / 206 hitz

  • Izenburua: Munstro handiek ez dute negarrik egiten
  • Idazleak: Aslaug Jonsdottir, Rakel Helmsdal eta Kalle Guettler
  • Itzultzailea: Garbiñe Ugarte
  • Argitaletxea: Sushi Books

Munstro Txikik eta Munstro Handik izaera antagonista dute.

Munstro Txiki abila da eskulanetan, ongi ikasia zientzia zein arteetan eta hizketarako dohain paregabeak ditu; ziurrenera honegatik, Munstro Handik bere burua gutxietsia sentitzen du Munstro Txikiren aldamenean dagoenean. Munstro Txiki sasi-jakintsu bat dela iruditzen zaio, beti akatsa bilatzen ari zaiola eta egiten dituen ahaleginak ez dizkiola balioesten… gainera bere aita arraroa dela uste du! Gustura egingo luke negar Munstro Handik… Baina ezin du, munstro handiek ez baitute negarrik egiten!

Ai, nolakoa den Munstro Handi! Munstro Handi, bihotz handikoa da, alaia eta zaratatsua, txikikeriatan trabatzen ez dena; eta, ziurrenera, honegatik Munstro Txikik ezin du jasan Munstro Handiren izaera. Baldarra eta aho-beroa dela iruditzen zaio, ez daki jostailuak zaintzen, fintasun apurrik ez du eta animaliatxoak torturatzen dibertitzen da… baina ez da ezer esatera ausartzen.

Bien artekoak ezinezkoa dirudien arren, patuak elkarren aurrean jarri ditu. Zer egin? Bada, hitz egin.

Eta hauxe da bi liburu hauetan kontatzen dena, Jonsdottir islandiarraren, Helmsdal Faroe uharteetakoaren eta Guettler suediarraren testu labur, zuzen eta elkarrizketa askokoarekin.

Jonsdottirren ilustrazio lana adierazkorra da, testua ñabartzeko lagungarria eta informazio gehitzailea, ebakitako kartoi-mehe margotuan egina. Eraginkorra, hitz batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.