Tristura irri izateraino leuna

Juan Luis Zabala / 2014-09-18 / 562 hitz

«Nostalgiazko tonu bat» dute Xabier Mendiguren Elizegiren ‘Arantzak barrurantz’ osatzen duten bost narrazioek, «fado batena».
«Sentimenduei dagokienez», pertsonaiak «umezurtz» sentitzen dira.

Azkeneko orduan aldatzea erabaki bazuen ere, Homeless sentimentala izenburua zuen pentsatua Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, Gipuzkoa, 1964) Arantzak barrurantz izenburuarekin Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen narrazio liburuarentzat, «sentimenduei dagokienez etxerik gabe eta umezurtz sentitzen diren pertsonaia batzuen istorioak» kontatzen direlako liburuak biltzen dituen bost narrazioetan. «Baina Homeless sentimentala garai hartan idazten ari nintzen eta amaitu ez nuen nobela baten izenburua da», azaldu du idazleak, «eta erabaki nuen izenburu hori nobela harena zela, eta ez ipuin liburu honena». Arantzak barrurantz izenburu berriak gogora dakar Joseba Sarrionandiak Martin Larralde poeman eta Ruper Ordorikak poema hori musikatuz egindako izenburu bereko kantuan aipatzen duten Axularren sagarroia, eta uste du izenburuak «liburuaren muina» biltzen duela: «Sufrimenduak barrurantz daramana, gauzak irentsi egiten dituena… Neurri batean, horrek guztiak badu zerikusirik istorio hauetako giroarekin. Beti dago zerbaiten arantza, zerbaiten mina. Ez normalean egoera oso dramatiko bati dagokion izugarrizko mina, baina bai halako begirada nostalgiko edo malenkoniatsu bat… Bizitza badoakigula esku artetik eta ez dakigula oso ondo zer egin, ez dakigula gure hautuak zuzenak izan diren, baina bizitza hau besterik ez daukagula eta bizitza honekin aurrera egin behar dugula».

Mendiguren Elizegik 2011, 2012 eta 2013an idatziak dira Arantzak barrurantz osatzen duten bost ipuinak. Banan-banan eta modu independentean idatzi ditu; ez dira aldez aurretik finkatutako ideia baten araberako liburu baterako pentsatuak. Hala ere, bostek bat egiten dute, neurri handi batean, tonuan: izugarrikeria dramatikorik gabe, tristura leun bat nagusitzen da guztietan; Antxiñe Mendizabal editoreari Dulce Maria Loynaz idazlearen aipu bat gogorarazten dion tristura leun bat: «Leunaren leunez, ia-ia irribarre baten parekoa da nire tristura». Egilearen aurreko liburu gehienen aldean, umoreak askoz ere presentzia urriagoa du Arantzak barrurantz bilduman. «Aurreko liburuetan saiatu izan naiz umorea tartekatzen, baina liburu honetan gutxiago dago», azaldu du Mendiguren Elizegik. «Dena dela, ez dut uste liburu triste eta iluna denik. Nostalgiazko tonu bat dauka, fado batena».

Itxi gabeko zauriak

Bigarren mailan bada ere, Euskal Herriko errealitate politikoak badu islarik liburuko kontakizunetan. «Bi ipuinetako protagonistak Euskal Herrira itzulitako iheslari politiko ohiak dira, eta beste baten kasuan jasandako torturatuaren oroitzapenak presentzia handia du ipuinean. Gatazkaren albo kalteak edo luzerako ondorioak agertzen dira, itxi gabeko zauriak. Ez da politikaz hitz egiten, aipamen txiki bat edo bestetik aparte, baina iragan hori duten pertsonaiak agertzen dira».

Azken urteetan helduentzako literatura gutxi idatzi du Mendiguren Elizegik, garai batean erakutsi zuen oparotasunarekin alderatuz gero bederen. «Beharbada alfertu egin naiz, besterik gabe», azaldu du. «Bestelako arrazoirik bilatu nahi izanez gero, urteekin gutxitzen ari zait zer esana edo idazteko premia, barruko bulkada… Esplikazio jantziago eta dotoreago bat eman nahian, esan daiteke azken urteetan dramaturgo bihurtu naizela eta antzerkilariekin nabilela lanean, eta ipuinetarako gogo edo denbora gutxiago geratzen zaidala».

Antxiñe Mendizabal editorearen iritziz, «behatzaile aparta» eta «giza kondizioaren ikerlaria» da Mendiguren Elizegi, eta behaketa eta ikerketa horien emaitzak «zehaztasunez eta argitasunez» islatzen ditu bere literatur lanetako prosan. «Ez dakit zein den bere metodoa, baina pertsonaiak beren estalki sozial, kultural eta moraletatik biluzten ditu, eta haien barruraino —arimaraino edo nahi duzuen bezala esan— iristen da. Pertsona arruntak dira, eta, haien barruko errealitatera gerturatuz, haien erretratuekin batera, gure errealitate kultural, sozial eta politikoa ere ondo islatzen du, argazki batek bezala». Mendiguren Elizegiren ipuinak «xehetasun gutxirekin asko esaten duten argazkien modukoak» dira, Mendizabalen ustez. «Kasu honetan zuri-beltzekoak direla esango nuke, gordinak eta gogorrak, izenburuak dioen moduan. Zauritutako pertsonaiak baitira denak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.