Euskararako lehen lexiko zuzentzailea sortu dute

Maddi Ane Txoperena Iribarren / 2014-10-23 / 168 hitz

UZEI Terminologia eta Lexikografia zentroak Word testu editorerako euskarazko lehen lexiko zuzentzailea sortu du: Hobelex. Microsoft Officerekin erabil daiteke, doakoa da, eta 117.806 sarrerako datu basea du jada, egunez egun berrituko dutena.

Orain arteko zuzentzaileek ortografia akatsak zuzentzen zituzten, eta hori ere eginen du Hobelexek, baina berrikuntza garrantzitsu bat erantsita: lexikoa ere hobetuko du. Hain justu, zuzen idazteaz gain, «hobeto» idazteaz ere arduratuko da Hobelex, UZEIk azaldu duenez. Horretarako, ordenagailuko testu editorean idatzitako hitzak bertze hitz «hobe» batzuez ordeztuko ditu. Errate baterako, desarme idatziz gero, armagabetze proposatuko du zuzentzaileak.

Bi kolorez azpimarratuta eginen du hitzak aldatzeko proposamena. Alde batetik, azpimarra gorriz, akats ortografikoak, erabili behar ez diren forma okerrak eta hiztegian jasota ez dauden forma ezezagunak erakutsiko ditu. Bestalde, berdez, berez okerrak ez diren baina forma hobetsia duten hitzak azpimarratuko ditu.

Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen irizpideen arabera eraiki dute Hobelex zuzentzailea, eta «balio erantsi» bat izanen duela erran du UZEIk: oraindik jasota ez dauden zenbait izen propio eta laburtzapen txertatuko ditu, hala nola komunikabideetan erabiltzen direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude