Itziar Ziga, idazle eta aktibista feminista: «Kontatu izan diguten feminismoa laido bat da gure historiarentzat»

Maddi Ane txoperena Iribarren / 2014-10-26 / 587 hitz

Kontakizun ofizialetatik kanpo gelditutako zortzi emakumeren historiak idatzi ditu Zigak argitaratu berri duen ‘Malditas’ liburuan. Gaur egun bizi duen feminismoaren jatorriak azal ditzaketela uste du.

Valerie Solanas, Sojourner Truth, Sylvia Rivera, Louise Michel, Annie Sprinkle, Olympe de Gouges, Kathleen Hanna eta Laura Bugalhoren historiak bildu ditu Itziar Zigak (Errenteria, Gipuzkoa 1977) Malditas, una estirpe transfeminista liburuan. Joan den astean aurkeztu zuen, eta jada deika ari zaizkio bertze hamaika lekutatik. «Feminismotik idatzitako liburu bat argitaratzeak duen alde ona da: talde feminista guziek nahi dute aurkeztera joan zaitezen».

Pozik dago emaitzarekin, baina ez du nahi liburua bertsio bakartzat hartzerik: «Ez da feminismoaren bertze historia bat, bertze historia batzuk baizik». Bere «genealogiaren» parte diren zortzi emakume hautatu eta gaur egun bizi duen feminismoari egin dizkieten ekarpenak atera nahi izan ditu argitara.

Nola bururatu zitzaizun liburua idaztea?

Beti gustatu izan zaizkit asko genealogiak, eta iritsia zen une bat denbora asko neramana murgilduta nagoen feminismo bati buruz hizketan. Susperraldian dagoen feminismo bat da, oso indartsua eta gai ugari lantzen dituena. Jatorrira itzultzeko gogoa nuen, nondik gatozen erakustekoa.

Feminismoaren historia ofizialetik at kokatzen dituzu zortzi emakumeok.

Historia bakar baten eraikuntza, maiz, boterera iritsi diren pertsonen historia izaten da. Historia horrek eragina du gugan, eta feminismoan ere gauza bera gertatu da. Adibidez, askotan, feminismoaren inguruan dugun ikuspegia feminismo liberalarena da; berdintasunaren feminismoarena, ilustratuarena. Eta orduan, iruditzen zaigu feminismo guzia Ilustrazio garaitik datorrela, ikasketak izan zitzaketen emakume burges horiengandik, eta ez emakume baztertu eta izorratuenengandik. Kontakizun hori laido bat da gure historiarentzat. Ezen, ez baikara soilik zuriak eta burgesak. Bagara euskaldunak ere, eta langileak, edo txiroak. Lesbianak ere bagara, eta gure historiak ez du zertan etorri feminismo heterosexualetik.

Garapenaren ideiaren aurka ere egin nahi nuen. Badirudielako dena izan dela lineala, goranzkoa eta askatzailea, eta Ilustrazioak arrakala bat ireki zuela historian, baina hori baino lehenago ere bazeuden matxinadak.

Nola egin duzu topo emakume hauekin?

Beti erraten dut nire lagun ikusezinak direla, urteetan jarraitu izan didatelako. Hainbat bidetatik ezagutu ditut, eta harritu izan nau neure burua haien matxinadekin oso lotua sentitzeak. Ez dut asko pentsatu behar izan hautatzeko: horregatik erraten dut hau ez dela ez bilduma bat ez eta aniztasun edo osotasun bat ere. Nik proposatzen dudan genealogia bat da, baina bakoitzak egin behar du berea.

Zaila izanen zen informazioa bilatzea…

Kazetaritza ikasi nuen Leioan, eta karrerako lau urteetan ez zidaten behin ere feminismoaz hitz egin, eskolan behintzat. Bertze bide batzuetatik elikatu naiz, mugimendu feministatik bereziki: emakumeen dokumentazio zentroetan aurkitu dut informazio gehiena, eta gero, noski, hitzaldietan, eta Interneten ere bai. Batzuen inguruan bazegoen informazioa, adibidez Olympe de Gougesi buruz, baina haren inguruko historia zuritua eta burgestua izan da: nire interpretazio propioa egin dut.

Bertze batzuei buruz, berriz, oso informazio gutxi dago: Sylvia Rivera adibidez, ez du inork oroitzen, baina oso garrantzitsua izan zen sexu askapen mugimenduarentzat 1968ko ekainaren 28an egin zuen ekintza, erraterako.

Ez da kasualitatea historiatik baztertu izana, ezta?

Feminismoaren historian kokatu izan direnek genero zapalkuntzaren aurka egiten zuten soilik. Nik aurkezten ditudanek bertze arlo batzuetan ere egin dute borroka: egin dute arrazakeriaren aurka, klase zapalkuntzaren aurka, aukera sexualen zapalkuntzaren aurka… Identitateek beti eragin izan digute soilik zapalduenoi.

Eta zergatik «madarikatuak»?

Ekintzako emakumeak dira guztiak, eta ez dute sekula boterea bilatu —ez eta lortu ere—. Batzuk idazleak ziren, baina bereziki isilik egon ezin ziren emakumeak ziren, ezin izan ziotenak borrokatzeari utzi. Horietatik zazpi kartzelan egon dira, eta bat esklaboa zen: nahiko adierazgarria da.

Liburuak zein erantzun izatea espero duzu?

Positiboan idazten dut beti, eta espero dut jendeak irakurtzean irribarre batekin bukatzea; gauzak egiteko gogoz. Beti da aberasgarria ikustea iragan bat dugula: ez gatozela ezerezetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude