Chopinen gauak batu ditu

Gorka Erostarbe / 2014-11-11 / 448 hitz

Musikariaren hamar nokturno eta haiek oinarri dituzten poemak bildu dituzte Harkaitz Canok eta Arkaitz Mendozak ‘Malgua da gaua’ lanean.

Ausarkeriaz. Hala jokatu omen du Harkaitz Canok Frederic Chopinen nokturnoetan oinarriturik poemak idazteko orduan. «Chopinen musikak ez du behar hitzik. Ez du behar poemarik. Ez du behar ezer».

Enkarguz iritsi zitzaion egitasmoa, izen bereko musikariak eginik, Arkaitz Mendoza piano jotzaile eta BERRIAko musika kritikariak, hain zuzen ere. Aurrez ere elkar ezagutzen zuten, baina Chopinen eta haren piezek sendotu dute bien arteko harremana, lankidetza. Konpositore poloniarraren nokturnoetan oinarriturik poemak idazteko eskatu zion Mendozak Canori, eta liburuxka-CD batean bildurik aurkeztu dituzte, nola testuak hala hautaturiko musika piezak ere, Etxepare Institutuaren eskutik, eta Donostia Musika eta Kutxa Fundazioa laguntzaile izanik.

Chopin bizi zela argitaraturiko hemezortzi nokturnoetatik zortzi aukeratu zituen Mendozak proiekturako, eta postumo gisa kaleratu zituzten beste hiru piezatatik bi hautatu zituen, eta hamarreko bilduma osatu.

Urtarrilean jakinarazi zion egitasmoaren berri Canori, eta maiatzean jaso zuen testuen bilduma. «San Frantzisko hiritik bidali zidan hamar poemako altxor eztitsuak, musika ikusi egin daitekeela ziurtarazten du, hamar pintzelkada gozo dira. Hitzaren erritmoan, hitzaren melodian eta hitzaren fantasiazko hegaldian maisu agertu da Cano, sorpresa zoragarria izan da nokturnoek lortu duten lilura» idatzi du musikariak liburuaren hitzaurrean.

«Tonu krepuskularra»

Hilabete eta erdi inguruz «behin eta berriro» entzuten zituen Chopinen piezak Canok, eta «modu inpresionista» batean erabili zituen poemak sortzeko. «Iradokitzen zidatenetik abiatuta uzten nuen neure burua joaten. Badirudi, eta neuk ere hala pentsatzen nuen, poemak izan behar duela zerbait zeure barruan modu intimoan gainezka egiten ari dena eta gero idazten duzuna, baina batzuetan bideratu daiteke, eta hau izan da adibide horietako bat», zehaztu zuen atzo Donostian eginiko aurkezpenean.

Poemek ere, ezinbestean, «tonu krepuskularra» dute, idazlearen hitzetan. «Eta badaukate idazketa errazten duen tonu inpresionista doi hori ere, malenkonia puntu batekin. Baina saiatu naiz umore printza batekin zipriztintzen noiz edo noiz». Tonu bikoitz horren berri ematen du, esaterako, Bokazioa izeneko poemak. Honela dio. «Mundu guztiak izan beharko luke bokazio bat. Eta zer, lausotu eta desagertzea balitz nirea? Zer? Behingoagatik arrazoi emango lidakeela biologiak».

Chopinen nokturnoek literaturarekin lotura izan dute aurrez ere. Gerardo Diego poeta espainiarrak idatzi zuen Ofrenda a Chopin lana, eta hura euskaratzeko aukera ere izan zuten burutapenetan Mendozak eta Canok, baina, azkenean, testuak sortzearen bidea hautatu zuten.

Arkaitz Mendozarentzat, «amets gauzatu» bat da Chopinen nokturnoekin disko bat grabatu ahal izatea, estreinakoa gainera; «gehien identifikatzen naizen musika da. Nire musika ikasketetan beti egon da presente Chopin. Askatasuna eman dit batez ere. Begiak itxi eta disfrutatzeko musika da».

Grabaturiko CDan Chopinen musika da entzun litekeena, huts-hutsean, hitzik gabe, baina Canoren hitzak entzuteko aukera izango da azaroaren 19an (20:00etan) Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko klub aretoan Arkaitz Mendozak berak eskainiko duen kontzertuan. Ekaitz Unai Gonzalez aktoreak errezitatuko ditu Canok sorturiko poemak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.