Pako Aristi, idazlea: «Dominazioa, arautzen denean, ikusezin bilakatzen da»

Maddi Ane Txoperena Iribarren / 2014-11-09 / 619 hitz

Euskarari buruz kontatu izan diren hamasei gezur azaleratu ditu Pako Aristik ‘Euskararen Isobarak’ liburuan. Euskaldunek gezurrok sinetsi izan dituztela dio, eta, hizkuntzak aitzina egin dezan, detektatzeari beharrezko deritzo.

Herenegun aurkeztu zuen Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963) Euskararen Isobarak. Hamasei gezur handi eta koda bat liburua, Donostian. Erdi Arotik gaur egunera euskararen inguruan erran diren gezurrak erakutsi ditu. Liburua gogoetarako «abiapuntu» izatea nahiko luke, ez «ondorio», eta horretarako aukera emanen du egunotan eginen dituen hitzaldietan: hilaren 10ean Bilbon, 17an Hernanin, 25ean Zarautzen, eta 27an Tolosan, bertzeak bertze.

Zergatik idatzi duzu liburu hau?

Atera zuten liburu interesgarri bat: 55 mentiras sobre a lingua galega, Xose Henrique Costasek idatzia. Galiziera, gurea bezala, hizkuntza gutxitu bat da, eta hor desegiten dira horri buruzko gezurrak. Liburuak asko emozionatu ninduen, identifikatu egin nintzelako: bat-batean ohartu nintzen guk ere gezur asko irentsi ditugula gure hizkuntzari buruz. Baina nola oso orokorrak ziren, eta mundu guztiak onartzen zituen, normaltzat hartu nituen nik ere. Dominazioa, arautua dagoenean, ikusezin bilakatzen da.

Zein eragin izan dute gezurrok euskaldunongan?

Gezur mota asko dago. Gezur batzuk dira paralizanteak. Eta gezur horietako bat da inposizioarena: euskara inposatu nahi dela. Inoiz esaten ez dena da hemen bi hizkuntza inposatu direla: espainola eta frantsesa. Inposatu dira militarki indartsuagoak zirelako, bai Espainia, bai Frantzia. Eta hori ez dut nik esaten. Andu Lertxundik esaten du, jasota dagoen elkarrizketa batean. Euskara ez da inoiz inposatu izan, besteak beste, hizkuntza bat bere lurraldean hitz egitea ez delako inposizioa; hizkuntzaren garapena eta normalizazioa da. Gezur horrek eraman izan gaitu beti elkarrekin ikustera gure garunean inposizioa eta euskara. Inposizioa eta frantsesa ez ditugu lotzen, eta inposizioa eta espainola ere ez.

«Inposizioa», «kolonizazioa»… Batzuentzat ez da hiztegi xamurra izanen.

Hizkuntza zehatza da: zer gertatu zen deskribatzen duen hizkuntza. Nik, dena den, liburu honetan epaiketa gutxi egiten dut; datuak jasotzen ditut. Orduan, askotan ezin izan dut beste hitzik erabili. Askotan, detektatu dut hemen egon dela etnozidioa, genozidioa ere egon da, gerrateak egon dira, eta gerrate horietan euskaldun asko hil dira, eta exiliora joan dira euskaldun asko eta asko; integrismo kulturala, integrismo linguistikoa, kolonizazioa, inperialismoa…

Kolonizazioaz ari garenean, adibidez, industrializazioa deitu izan zaion prozesu horretan, Bilboko biztanleria boskoiztu egin zen: 18.000 euskaldun bizi ziren Bilbon, ia denak euskaldunak XIX. mende erdialdean, eta, handik 40 urtera, 80.000 biztanle zeuden. Etorri ziren horiek guztiak erdaldunak ziren: espainola hitz egiten zuten, eta espainolak jan zuen euskara. Lurralde batek etorkinak integratzeko boterea daukanean, orduan ez da kolonizazioa; immigrazioa baizik.

Erdi Aroraino jo duzu gibelera. Zergatik?

Hizkuntza bat beti dago lotua herri bati. Herri batek hizkuntza bat dauka komunikatzeko. Eta hizkuntza hori hitz egiten duen jendeak batasun ideia bat dauka buruan. Gero, historian zehar batasun horri eman zaio forma politiko bat. Kontatu nahi nuen nola euskarak izan duen bere forma politikoa historian zehar.

Nafarroako Erresuman euskara normaltasunean bizi zen, hizkuntza hegemonikoa zen, eta gero konkista dator, eta dator horren desagerpen militarra, biolentoa. Eta orduan hasten da: hizkuntzak galtzen du botere faktikoen babesa, eta hizkuntza hasten da gutxitu bihurtzen, poliki-poliki. Batez ere, okupatu gaituzten inperioek hizkuntza hori suntsitzeko plangintza bat jarri dutelako martxan. Eta plangintza hori mendeetan zehar luzatu da. Prozesu baten ondorio da euskararen gaur egungo egoera gutxitua. Ez da gauza natural bat izan, ez da izan gure utzikeriaren ondorio: izan da prozesu politiko- historiko baten ondorio. Eta hori ezagutzea komeni da jakiteko gero nola erantzun egoerari.

Hain zuzen, nola egin aurre zuk aipatutako gezurrei?

Lehenengo egin behar dira gezurrak detektatu: ohartu gezurrak direla. Eta gezurrak bainoago, esango nuke gure aurkako mezuak direla, gure baitan txertatuak daudenak eta gure baitatik sortzen direnak. Gero, liburuan aipatzen ditut adibide batzuk, Estonian, Alemanian, Norvegian nola egin zuten hizkuntza indartzeko: ikasi beharrekotik ikasi behar da, eta okerrak baztertu. Hizkuntzaren alorrean dena dago inbentatua: niri interesatzen zaidana da gure ikuspegia, gure interpretazio ideologikoa aldatzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude