Piztia baten intziria isiltasunean

Iraitz Urkulo / 2014-11-23 / 356 hitz

  • Izenburua: 50
  • Egilea: Patxi Zubizarreta
  • Argitaletxea: Txalaparta

Gutako askok hainbeste maite ditugun artefakto eder horietako bat izateko osagairik ez zaio falta. Joserra Senperenaren musikak eta Mintxo Cemillan marrazkilariaren irudiek Patxi Zubizarretaren testua lagundurik, irakurketa-eredu tradizionalaren ordez esperientzia zabalagoa, bereziagoa eskainiko zidalako itxaropenez heldu nion 50 izenburuko disko-liburu ilustratuari. Tamalez, emaitza nahiko dispertsoa da, ez dut osotasun-sentsaziorik antzeman; areago, zenbaitetan aipu, musika, ilustrazio eta testuaren arteko ezinbesteko lotura topatzeko gai izan ez eta koherentzia handirik gabeko proposamena iruditu zait.

Literaturara mugatuz, ordea, inpresioa zeharo bestelakoa da. Liburuko protagonistak aspaldiko hiru lagun dira, bata pianista, bestea margolaria eta hirugarrena, narratzailea ere badena, idazlea. Hirurak aspaldiko lagunak, hirurak artistak eta zein baino zein patetikoagoa. Errezital bat eskaini behar dutelako aitzakian, eta haietako bat 50 urte betetzera doala ospatzeko aprobetxatuz, Panticosan egun batzuk elkarrekin igaroko dituzte. Pertsonaien oroitzapen eta hausnarketetan oinarritutako narrazioak bakoitzaren barne-krisian murgilduko gaitu eta, apurka-apurka, haien arteko sekretuen korapiloa askatzen joango da, misterioari ia azken lerrora arte eutsiz.

Planteamendua, bere originaltasunagatik, guztiz erakargarria egin zait. Egileak, adin jakin batera iritsita begirada atzera botatzen duenaren diskurtso malenkoniatsuari iskin egin, eta bizitzari buruzko ziurtasun oro suntsitzen du, zalantza nonahi hedatuz. Narratzailearen pentsamendu-jario etengabea gai batetik bestera saltoka dabil: denboraren iragatearen kontzientzia, bizitako porrot ugariek eragindako zauriak, arrakastarik gabeko ibilbide profesionalaren zama… eta, nola ez, artea.

Musika, margolaritza eta literatura uztartzen diren une iheskor hori, pertsonaiek bat egin eta beren buruei katarsi zoriontsua baimentzen dieten bakarra. Agerikoa da artearen bidezko salbazioaren aldarria, ez soilik lehen aipatutako diziplinen arteko nahasketa gorabeheratsuan, baizik eta testuaren beraren eraikuntzan ere. Intertestualitatea oso presente dago, testua pasarte literario eta musikal unibertsalei egindako erreferentziez josita ageri baita; ziurrenik, ugarienak Printze txikia ipuinaren ingurukoak direla. Halere, aipamen-zerrenda luzeegia dela eta, elkarrizketa batzuk bortxatu xamarrak, artifizialegiak antzematen dira.

Idazleak, giza harremanen erradiografia egingo balu bezala, hirukote protagonistaren arteko adiskidetasun prekarioa islatzean sentsibilitate berezia erakusten du. Era berean, tonua eta intentsitatearen erabilera ere nabarmentzekoa da. Tonuak irakurketa iradokitzaile eta, batez ere, sentiberari bide ematen dio. Intentsitatea, bestalde, pertsonaien barne-ekaitzarekin, haien baitako giro itogarriarekin estuki lotuta dago. Kontakizun osoan zehar in crescendo doa, heroirik izan ez arren, aspaldi irakurri dudan amaierarik epikoenean lehertu arte. Isiltasunean piztia baten intziria entzun arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude