Historiaren amaraunean, alderrai

Hasier Rekondo / 2014-11-23 / 399 hitz

  • Izenburua: Kapital publikoa
  • Egilea: Jose Luis Otamendi
  • Argitaletxea: Susa

Jose Luis Otamendiren (Azpeitia, 1959) poemagintzaren gainean idatzi diren iruzkinetan maiz agertzen zaigu handitasuna, aldez eta moldez; arruntean, poeta handi baten aurrean gaudela adierazteko. Handitasun ezkutu bat nahi bada, txikitasun irmo batetik eraikitakoa apika, baina handitasuna azken finean. Barne erritmo definigaitz baten jabe, bere ortzi partikularrean karrankarik gabe barneratzen gaituen poeta handia, hitzen presentzia argitsua ondo neurtzen dakiena..

«…Ez naizela izango / maite ez dudan ortzi baten txori kantaria / eta behartuta ez bada / ez naizela biluztuko / neure gogoaren kontra inoren aurrean…», dio Hautua-n. Izenbururik aproposena hautatu ez duen arren, Kapital publikoa bere azken poemarioko (Susa, 2014) isla gardena dugu aipatu poema hori. Esan dezadan, bidenabar, poeta handiaren alderik ahulenak poemen tituluak izan litezkeela.

Kapital publikoa hiru ataletan banatuta dago, kapital aseezinari aurre egiteko xede tinkoaz. Juan Gelman edo Mario Benedettiren poeta hegoamerrikarren zipriztinak, besteak beste, nabarmenak dira Kapital publikoa-n. Poesia sozialaren eta pribatuaren arteko oreka hauskorra. Ni poetiko barnerakoiaren eta gu publikoaren arteko soka labainkorra. «Erabaki politiko sendoak hartu ditut gaur: / barre aire batean ibili naiz ibai bazterrean…».

Bake hotza lehen atalean, jazoera soziopolitikoak ditu hizpide poetak. Esango nuke liburuaren parterik zurrunena dela. Historiaren amaraunean alderrai dabil poeta. Historiaren pisua astunegia zaio, eta poesia ez zaio nahikoa historiaren testigu bihurtzeko. Poeta handiaren zantzuak agerikoak diren arren, Memoria eta Ortzian irakurle poemetan esaterako, «historiaren aro batetik bestera izurde urtetsu legez / geu garamatzala egun beti berdinen bestondotik ihesi», poema politikoenak lar aurreikusi daitezkeela begitandu zait. Batez ere, Jon Anzari eskainitako Murmurio halako bat, hezurtuko den desagerpen baten heriotza.

Bigarren atalean, poeta handiaren trebeziak agerikoagoak egingo zaizkigu. Jendea oinez horretan gatazkaren eta galeraren osteko egoeran balizko erantzunak ditu hizpide Otamendik. Nola erantzun behar diegun ideal lortu ezin baten osteko enbarazuei errealitate tranpati batean bizi bagara, suge baten gisara azala aldatu besterik ez duen kapitalean. Dukeko larraina Azkoitian (Hileta kanta)-ren handitasuna handiago egiten zaigu. «…geure gorputzak sortu / zelula matxinatuak oldartzen dira / hain luze ondu maitasunean / zauriak handizka irekiz / zelula asaldatu mulkoek / zelako errepublika hautsia osa lezaketen etsirik…». Hirugarren atalean, Gosaria eta legea izenekoan, liburuak maila gorenenak jotzen ditu. Aurtengo libururik onenen artean kokatzeko arrazoiak aurkituko ditugu bertan. Azken batean, Lo aurreko lurrun edo Master Class poemetan dohainik behinena azaleratzen du Otamendik, poesiaren amaraunean irakurlea amilarazteko duen trebezia fina. Kapitalari sakrifikatu ezin zaizkion barneak eta kanpoak egosten ditu azken koda horretan poeta handiak, txikitasuna baliatuz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.