Ahotsa oinutsik

Hasier Rekondo / 2014-12-07 / 373 hitz

  • Izenburua: Beltzuria
  • Idazlea: Ixiar Rozas
  • Argitaletxea: Pamiela

Baina idazteak ere hori ere dakar: zaurigarri egiten zara. Esposizio horrek lotsa ekar dezake. Zeren lotsa ordea?» Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) sorkuntza lotsa mota guztiak «ahots-markatzeko», eta ahoskatu daitezkeen zein ahoskatu ezinezko xede anitzetarako, idatzi du 3.000 karaktereren moldean laburbiltzea naif gertatu litekeen liburu poliedrikoa. Alta, laburbildu behar izanez gero, irakurketaren gozamena berreskuratzen duten liburu horietakoa bat da Beltzuria (Pamiela, 2014). Plazeraren, politikaren eta oroimenaren arteko zubi kuantikoa osatu du, ildo linealik gabeko GPSrik gabe, Rozasek.

Generoen arteko mugak zeharkatzen ditu aitona Xamuio bertsolariaren historiaren atzetik abiatuta. Poesia eta saiakeraren arteko hibridoa dela esan daitekeen arren, dokumentalaren eta nobelaren zipriztinak ere barneratzen ditu. Generoak nekezak zaizkio lasartearrari, eta generoen arteko zutabe mugiezinak haustea laket zaio. Rif-eko gerrara 1921. urtean behartuta eramandako aitona Xamuioren oroimenean ezkutatutako bi bertso sortaren atzetik abiatzeak mcguffin auto-erreferentziala bihurtuta, emakume ororen isla den amona Lina Sanzberroren eta zuhaitz genealogikoaren erradiografia pertsonala baliatuz, Rozasen xedeak askoz ere sakonagoak dira: sorkuntza mota guztien, ez bakarrik gogo arrazionalarekin eraikitakoak, isiltasunetik ahotserainoko, eta ahotsaren ondorengorainoko, eremu deskribaezinen berri ematea, Sisiforen erronkaren parekoa dela jakin dakien arren. Auto erreferentzien ildoari jarraiki, Ixiar Rozasen ahotsean entzun dut testua, meditaziorako leiho berriak ireki zaizkit ustekabean.

Konpainia noblea aukeratzen du Rozasek ohar ederrez lagundutako meta-testu sailkaezin hau grial gisa irakurle egarrituari eskaintzeko. Lehenik eta behin, ia bere ibilbide literario guztian aita ponteko bilakatutako John Berger idazle britainiarra aingura kreatzaile gisa. Esango nuke Bergerren itzala lar pisutsua dela oraindik Rozasen literaturgintzan: kapitalismoaren eraginez galdutako arkadia baserritarraren nolabaiteko mitifikazioan oinarritutako itzala (bereziki hunkigarria, hildakoen eta bizidunen arteko harremanez Bergerrek idatzitako testuaren itzulpena). Bergerrez gain, liburuan zehar aipamen dibertsifikatuak barreiatzen dira: Joseba Sarrionandia, Italo Calvino, P.P. Pasolini, S. Mallarme, R. Barthes, eta abar, eta abar… Bidenabar, izenen esanahiek eta «eza-nahiek» berebiziko garrantzia dute artefaktu izendaezin honetan.

Isiltasunean eztanda egiten duen zeharkako estilo poetiko baten jabe, Rozasek literaturaz haraindiko tour de force miragarria eraiki du: detektibe nobela, saiakera politikoa, Zen filosofiaren ukituak dituen performancea, auto-fikzioa… Oroimen galduetan arakatzea, baztertua izan den ahotsaren peskizan galderak alkimizatuz, ez da nahikoa eta nahikoa izan liteke. «Idaztean, inora iristearen plazerra». Idazleak eta irakurleak bat egingo dute esanahiaren muga hertsiak elkarrekin zeharkatuz gero, hizkuntzaren alde fonikoez mozkortuta. «Esperientziari tarte bat eskaini. Akaso zure esperientziaren tartea izan daiteke ere».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude