Alberto Ladron Arana, idazlea «Euskara horrelako istorioak kontatzeko egina dago»

Iker Tubia / 2014-12-13 / 899 hitz

Fantasia eta nobela beltza maite ditu Ladron Aranak. Azken boladan, ‘thriller’-ak idazten eroso dabil, hondarrekoa ‘Harrian mezua’ izan da (Elkar, 2014). Hilketak Nafarroan girotu ditu, ohi bezala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskolazain aritzen da Alberto Ladron (Iruñea, 1967). Arratsaldez, berriz, idazle. Bere lanak pentsatzeko aukera ematen dio: «Burua libre duzu lan honetan; nahiko mekanikoa da». Hurrengo lana fantasiazkoa izanen da.

Foruzain batek argitu behar du harrietako mezua zure eleberrian. Zergatik foru polizia?

Alde batetik, nahi nuen pertsonaia finko bat sortu. Ikerlari ez- profesionalak jarri ohi nituen nire nobeletan, eta, jakina, nobelatik nobelara ezin nuen pertsonaia hura berriz ere erabili. Batzuetan, bigarren mailako pertsonaia gisa ager zitekeen. Inbidia nien genero honetako beste idazleei; haiek ikerlari, polizia edo detektibe bat, baina beti pertsonaia bera erabiltzen zuten eta argumentua asmatu besterik ez zuten egin behar. Nik beti pertsonaia berriak egin behar nituen. Bestalde, irakurleek oso gustukoak dituzte horrelako pertsonaiak; etxean bezala sentitzen dira. Horregatik aukeratu nuen profesional bat, eta jada foruzainak erabili izan nituenez, beste foruzain bat asmatu nuen.

Poliziaren lan egiteko moduaz informatu zara.

Patxi Olaiz laguna da, eta horrek foruzainekin lan egiten du 112 telefonoan. Berak azaldu zidan, alde batetik, nola funtzionatzen duten larrialdi zerbitzuek, eta, bestetik, foruzainei buruzko istorioak kontatu zizkidan: batzuetan, foruzainak eta Guardia Zibila aldi berean iristen direla toki berera, eta zer-nolako kontuak dituzten kasuaren arduraren inguruan.

Kasuaren buruan, emakume bat.

Leire nire protagonisten modukoa da. Alde batetik, puntu oinazetua dute, arazoak dituzte, batzuek iraganean eta beste batzuek orainaldian. Halaber, ez da lehenbiziko aldia emakume bat jartzen dudala nire nobelako protagonista. Arotzaren eskuak eleberrian Ane jarri nuen, eta segur aski Leirek zerikusia du protagonista horrekin. Hasieran biek bat egitea pentsatu nuen, baina gero pertsonaia hutsetik hastea erabaki nuen.

Gai sozialak sartzeko aukera ez duzu alferrik galdu.

Gaur egungo Nafarroa agertzen da nobelan: eguraldia, paisaia… eta paisaia horretan arazoak daude, jakina. Ehun urte barru norbaitek irakurriko balu, segur aski gustuko izanen luke Nafarroan zer-nolako giroa zegoen jakitea. Azken batean, nobela beltzean ere tradizioa dago horrelako kritikak sartzeko. Nik beti egiten dut.

Benetako gertaerak ere bildu dituzu istorioaren muinean. Prostituzio etxeen afera, kasurako. Zergatik?

Bi tokitan ikusi nuen horren aipamena, batez ere Pepe Reiren ikerketa liburuetan. Beste liburu batzuetan hasi nintzen istorio hori irakurtzen, eta atentzioa eman zidan nola ematen zitzaion espioiari beste nortasun bat. Ordura arte pentsatzen nuen dena hobeki antolaturik egonen zela. Baina guztiz ilegala denez, bizitza asmatu behar zuten, eta halako metodo bat aukeratu zuten funtzionarioei ordainduz. Berehala ohartu nintzen horrek joko handia emanen lidakeela nobela batean. Azken batean, hildakoak berpiztu egiten dira, informatikoki, datu baseak manipulatuz. Epaiketa bat ere egon zen horregatik, eta funtzionarioa espetxean sartu zuten.

Euskal gatazka edo historian zehar izan diren beste gatazka batzuk ere, normalean, aipatzen dituzu zure lanetan.

Normalean, nobela beltza, XX. mendean, beti AEBetan kokatzen zen. Pentsatzen genuen Nafarroan eta horrelako toki txikietan ezin zela halako istoriorik gertatu. Baina zergatik ez hemen? Hemen dena dugu. Adibidez, Suedian eta Norvegian nobela beltzak boom izugarria izan du azkenaldian, hainbat egile agertu dira, eta thriller-ak egiten dituzte gurea baino aurrerakoiagoa den gizarte batean, eta askoz ere toki lasaiagoetan. Nik garai hartan dena hemen girotzea erabaki nuen. Gaur egun, nahiko normala da, ikusi besterik ez dago zenbat thriller argitaratu diren Nafarroan girotuak, baina garai hartan ez zegoen ezer, eta jendeari arraro egiten zitzaion. Nire ustez, hemen oso historia nahasia dugu: Espainiako gerratik hasita, pentsa zenbat istorio eta gatazka izan diren. Historia interesgarri horretatik hainbat eta hainbat argumentu atera ditzakezu.

Erritmo aldetik eleberria erraz irakurtzen da. Generoak eskatzen du hori?

Bai. Beti saiatzen naiz nobelei erritmo bizia ematen; irakurleek izugarri eskertzen dute. Nobela honek erritmo bizia eskatzen du, horretan saiatzen naiz, eta horrexek ematen dio erraztasuna. Ez zara ohartu ere egiten orrialdeak pasatu dituzula. Bestalde, suspenseari eusten dio nobela osoan. Orrialdeak eta orrialdeak pasatzen badira ezer gertatu gabe, haria galtzen ahal duzu.

Hizkuntza aldetik ere, arin. Erritmoarekin loturik dago?

Idazten hasi nintzenean, bost orrialdeko esaldiak egiten nituen; egitura zailak erabiltzen nituen… Zenbat eta gehiago idatzi orduan eta sinpleago idazten dudala ohartu naiz, dudarik gabe. Nire ustez, irakurleek eskertzen dute hori. Garai batean ohartzen nintzen amerikarren itzulpenak askoz ere errazagoak zirela hemengo idazleen nobelak baino. Gaztelaniaz ez da halako alderik, euskaraz zergatik egin behar da dena zaila? Euskara horrelako istorioak kontatzeko egina dago: esaldi laburrak eta estilo zuzena erabili behar izaten da honelako nobeletan.

Uste duzu lortu duzula irakurlea harritzea?

Hori da asmoa, irakurlea ustekabean harrapatzea eta sorpresak ematea. Geroz eta zailago izaten da, azken batean pelikula asko ikusten ditugu eta liburu asko irakurtzen ditugu, eta argumentu oso onak ikusten dira. Baina beti lortzen duzu tirakada bat ematea irakurleari. Beren mezuetan hori esaten didate behintzat.

Kritika batzuek zure estiloa filmekin alderatu izan dute.

Nik zinema oso gustuko dut, eta segur aski alde horretatik zerbait etorriko zait. Bestalde, idazten dudanean, saiatzen naiz eszena hori ikusten, eta irakurleari ere ikusarazten. Aski izaten da flash batzuk ematea irakurleari sentsazio horiek transmititzeko.

Eleberri beltza uzteko asmorik ez zaizu antzematen.

Nahiko eroso nabil genero horretan. Orain, garai batean idatzi nuen nobela bat berriz hartu dut, eta berridazten ari naiz. Fantasiazkoa da hori: Itzalaren baitan. Irun Hiria saria eman zioten, baina ahazturik geratu zen. Polita iruditu zitzaidan berriz ere argumentu hori hartu eta nobela bat egitea, orain dakidan guztiarekin.

Euskaldunak eleberri beltzen zaleak dira?

Beti harritzen nau nire liburuek duten harrera. Arotzaren eskuak nobelak zein harrera beroa izan zuen harritu ninduen. Gaur 20. edizioan dabil, eta urtero argitaratzen dira liburu berriak. Badago publiko bat. Nik behintzat lortu dut publiko txiki bat egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.