Kezkatuta ‘now’

Zihara Enbeita / 2014-12-04 / 244 hitz

Bai, kezkatuta nago aspaldian gero eta gehiago zabaltzen ari den joerarekin. Eta Euskararen Egunaren biharamun honetan ezin aipatu gabe utzi. Dagoeneko ia denok baikara moda berri horren bezero. Askotan hitz egin dut horretaz batekin baino gehiagorekin, eta eztabaidaren bat edo beste ere izan dut. Ingelesaren gehiegizko erabileraz ari naiz, ingelesa erabiltzeaz dela eraikin berri, dela enpresa edo negozio adar, dela kanpaina edo manifestazio izendatzeko. Ez dut ezer ingelesaren kontra; are gehiago, bizitzaren kontuengatik gure amaren lehenengo hizkuntza izan da nola edo hala. Lagungarri izan zait munduan zehar ibiltzeko. Bai horixe. Eta horixe bera da ingelesa erabiltzeko joera horren atzean dagoen arrazoia, munduan ibiltzea. Bai, gaur egun nazioartera begira gaude denok, nazioartean gure berri izatea nahi dugulako batzuk, nazioartean saldu gura dugulako beste batzuk, nazioartean salatu gura dugulako ere bai asko eta asko. Baina ez al da hobe nazioartera garen moduan agertzea? Gure izate, desberdintasun eta nortasunaz. Ostean elkarrizketa ingelesez izango bada ere edo, are hobe, lekuan lekuko hizkuntzan.

Esango nuke joera horren atzean zelan edo halan gure konplexuak ezkutatzen direla. Euskarak, gure hizkuntzak, nazioartean geure burua aurkezterakoan balio ez balu moduan. Euskal Herrian bai, baina handik kanpora ez. Eta kuriosoena edo ulertzen zailagoa da Euskal Herrian espainiera eta frantsesa goiburutzat ez dugunok zergatik erabili behar dugun nazioartean ingelesa goiburutzat. Diogun moduan ulermen kontua bada atzean dagoen arrazoia.

Gauza jakina da, gainera, ingelesez izateak ez duela ziurtatzen nazioartean interesik ez duenak entzungo gaituenik eta interesa duenak euskaraz bada ere ulertuko gaituela Txinako zein Australiako puntan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.