Eremu euskalduna, makaltzen

Garikoitz Goikoetxea / 2015-02-04 / 965 hitz

Euskaraz dakitenen kopurua igotzen ari da Nafarroan, batez ere ahulen dagoen tokietan.
Erabilerak ez du bide bera egin: jaisten ari da.
Ezagutza eta erabilera apaldu egin dira lekurik euskaldunenetan.

Motelaldian sartu ote den, euskararen garapenari buruzko gogoetetan susmo hori agertu da Nafarroan azken urteetan. Mantsotzea badagoela baieztatu du mapa soziolinguistikoak. Herrialde osoko zenbakiei erreparatuta, goraldian jarraitzen du ezagutzak: gero eta jende gehiagok daki euskaraz Nafarroan. Erabilera, aldiz, apaltzen ari da: orain dela hogei urte baino gutxiago egiten da euskaraz Nafarroako etxeetan. Beste herrialde batzuetan agertutako gaitza azaldu du Nafarroako mapa soziolinguistikoak ere: eremu erdaldunetan ari da lekua irabazten euskara etengabe, baina atzeraka hasia da herri euskaldunetan. Galera nabarmenak dira kasu batzuetan: etxeko erabilera bederatzi puntu apaldu da eremu euskaldunean. Hirutik batek egiten du euskaraz.

Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuen mapa atzo Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak; txostena ikusgai dago Interneten —gaztelaniaz bakarrik; euskaratzen ari direla azaldu dute Euskarabideko ordezkariek—. Deigarria izan da aurkezteko bidea. Orain hiru aste, agerraldi bat egin zuen Iribasek kazetarien aurrean; «hurbilpen bat», datu gutxirekin: euskararen ezagutza handitzen ari dela, baina erabilera zinez eskasa dela, eremu euskaldunean izan ezik. Euskararen legea aldatzeko beharrik ez zegoela, hori argudiatzeko eman zituen datuak —aldaketa bozkatzeko bezpera zen—. Ordutik, ezkutuan eduki dute mapa, esanez ezin zutela jendaurrean jarri parlamentuari aurkeztu baino lehen —nahiz eta ordurako datu batzuk emanak zituen Iribasek—. «Zirriborroa» da atzo aurkeztutako agiria —datuak ez dira aldatuko behin betiko txostenean—.

Nafarroako hizkuntz eremuen arabera eman dute informazioa:

EREMU EUSKALDUNA

Jaitsiera euskaldunetan ere

Euskara atzera egiten ari da eremu euskaldunean. Bi puntu jaitsi da euskal hiztunen portzentajea, eta orain hogei urteko datuaren azpitik dago. %58,2 herritar dira euskaraz mintzatzeko gai. Herriz herriko datu zehatzik ez du eman gobernuak, baina mapari erreparatzen bazaio, bistan daude galera batzuk. Baztan, adibidez, 2001ean baino maila baxuagoan ageri da. Erdaldun elebakarren kopuruan dago beste aldaketa: jaitsi egin zen 1991tik 2001era, eta igo egin da orain. Adinari dagokionez, bi berritasun: umeen artean igotzen ari da euskaldunen portzentajea —%86 dira orain—, eta helduen artean, gutxitzen —%67tik %54ra—.

Transmisioari dagokionez, pisua galtzen ari da etxea. Umetan lehen hizkuntza zein izan zuten galdetuta, gutxiagok agertu dute euskara: %43k —%52 ziren orain hamar urte—. Haurretan jaitsi da gehien: orain dela hamar urte, 14 urte baino gutxiagoko gaztetxoen %52k zuten euskara lehen hizkuntza, eta orain, %37k. Handitzen ari da euskara eta gaztelania, biak, lehen hizkuntza dituztenen portzentajea; %10 dira, orain hamar urte bano lau puntu gehiago.

Euskararen erabilera ere apaldu da etxean. Azken hamarkadakoa da jaitsiera: 1991n herritarren %41ek egiten zuten batik bat euskaraz etxean; %42ra igo zen portzentajea 2001ean; eta jaitsiera iritsi da 2011n, %34ra. Gora ari da gaztelania —%43tik %48ra—, eta beste erdara batzuk ere bai, nahiz eta %3ren azpitik jarraitzen duten.

Euskaraz badakitenen jokaera xeheago aztertuta, galera handiagoak azaleratu dituzte. Lehen hizkuntza euskara dute %70ek —hamabi puntuko galera hamar urtean—. Igo egin da, berriz, etxean gaztelania jaso zutenen portzentajea —%10etik %14ra—, eta gaztelania eta euskara batera eskuratu zituztenena —%8tik %15era—. Erabileran dago beste galera handia: euskaraz badakitenen artean, %57 aritzen dira etxean batez ere euskaraz; orain hamar urte, %69. Gehiago aritzen dira euskara eta gaztelania tartekatuz —%17tik %20ra igo da—, eta gehiago gaztelania hutsean: %14tik %21era. Ez dute zehaztu sendien egitura, alegia euskaldun horiek etxean erdaldun elebakarrak ote dituzten.

EREMU MISTOA

Hogei urtean, bikoitza

Lekua irabazten segitzen du euskarak eremu mistoan —Iruñerria barruan—: hogei urtean bikoiztu baino gehiago egin da euskaraz dakitenen portzentajea. Euskaldunak %12,4 dira. Euskara ulertu bai baina mintzatzen ez direnen portzentajea ere bikoiztu egin da, nahiz moteltzen ari den hazkundea —%6etik %10,5era igo zen 2001ean; ordutik, %11,8ra igo da—. Erdaldun elebakarrak gutxiago dira, baina gehiengo handia: ia lautik hiru. Hezkuntzan egindako ahaleginak eragin handia eduki du. Alderaketa 5-14 urteko gaztetxoekin: euskara ulertu ere ez zuten egiten %82k 1991n; orain %49 dira. Euskaraz %32k dakite —%12 ziren 1991n; 2001ean, %24 eskas—. Aurrerapausoaren beste datu bat: eremu mistoko biztanleen %99 bizi ziren euskaldunak %10 baino gutxiago ziren herrietan 1991n; orain, %3 daude egoera horretan.

Etxeko hizkuntz egoera aztertuta ere, ageri da eskolaren isla. Etxean umetan euskara ikasi zuten herritarrak %2,7 dira. Zerbait jaitsi da portzentajea. Bi datu aipagarri: umetan euskaraz ikasi zutenen portzentaje handiena zaharrena da, 65 urtetik gorakoena; igoera handiena umeetan izan da.

Etxe gehixeagotan aritzen dira euskaraz, baina ahula da datua: %2,2 lagunek jarduten dute batez ere euskaraz etxean. Euskara eta gaztelania tartekatuz ere gehixeago aritzen dira, baina eskasa da kopuru hori ere: %4,4. Ondorioa: etxeen %91n erdaraz aritzen dira.

Euskaldunen hizkuntz ohiturei erreparatuta, proportzioan beherakada nabaria du etxeko erabilerak: 1991n, %24,6; 2001ean, %22,3; eta 2011n, %16,2. Umeen artean da egoera gordinena: 14 urte baino gutxiagoko euskal hiztunetan, %19 euskaraz aritzen ziren etxean 1991n; orain %10 ere ez. Kopuru absolutuetan ez da beherakada nabari —mila lagun gehiagok erabiltzen dute euskara—, baina biztanleriaren igoera nabarmena da —gaztelania indartu du horrek—.

EREMU EZ-EUSKALDUNA

Pausoka tokia egiten

Aurrerapausorik handienak eremu ez-euskaldunean ematen ari da euskara. Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, zinez eskasa zela abiapuntua, eta oraindik oso ahul dagoela euskara. Ezagutzari dagokionez, bikoiztu egin da azken hamar urtean: %3,8k dakite euskaraz. Euskara ulertu bai baina hitz egiten ez dutenak ere nabarmen gehiago dira: %7,6. Hogei urteko balantzea hau da: 1991n, herritarren %2 pasatxo ziren euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai; orain, %11,5. Hezkuntzaren ekarpena nahitaezko aldagaia da igoera azaltzeko. Hara: 5-14 urterekin, %1,75ek zekiten euskaraz 1991n, eta %1,8 ziren ulertzeko gai. Orain, %12,4k badakite euskaraz, eta %18,4k ulertzen dute.

Etxeko egoerari erreparaturik, eskolaren pisua bistakoa da. Euskara herritarren %0,6ren lehen hizkuntza da —ia bikoiztu egin da portzentajea hogei urtean—; bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, aldi berean eskuratu zituzten %1,4 herritarrek —1991ko ehunekoaren aldean, laukoitza da portzentajea—. Euskara etxean erabiltzen dutenen kopurua ere gisa berekoa da, oso txikia: %0,4k batik bat euskara erabiltzen dute —%0,1 ziren 1991n—, eta euskara eta erdara %1,6k —1991n, %0,3k—.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.