Kulturaren aulki laranja

Urtzi Urkizu- Edu Lartzaguren / 2015-02-10 / 524 hitz

Euskarazko sorkuntza hedabideetan gutxi lantzen delakoan, ‘Ttalaka.org’ ataria sortu zuten iaz hiru adiskidek. Telebistako saio bihurtu da orain, Hamaika TBren eskutik.

Interneteko atari gisa hasi, eta horretatik telebistara sartu. Ttalaka.org iaz sortu zuten, kultur ekitaldiak eta, oro har, aisialdia euskaraz gozatu nahi dutenen erreferentzia izateko asmoz. Agenda izateaz gain, bideoz eta bestelako edukiz bete dute hilabeteotan ataria. Orain, berriz, telesaio bihurtu dira. Ttalaka.org-eko bideo bilduma Hamaika telebistan zabaltzen hasi dira. Jokin Aierregaraik, Maitane Aierregaraik eta Arkaitz Sukuntzak osatzen dute Ttalaka taldearen muina. Euskal kultura hedabideetan «gutxi lantzen» delakoan, sortzaile eta ikusleen arteko zubia eraikitzea erabaki zuten, «hutsune hori nolabait betetzeko».

Astelehenean ematen dute 21:00etan, eta gero berriz asteartean (12:30), ostegunean (18:00), ostiralean (11:00) eta larunbatean (15:00). Euskara eta euskal kultura dira gaia beti, eta saioak bi atal nagusi ditu. Lehen atalean, kulturaren arloko sortzaile bat aulki laranja batean eseri eta elkarrizketatu egiten dute. Haren ibilbide profesionalaz hitz egiteaz gain, elkarrizketatua modu pertsonalagoan ezagutzen saiatzen dira.

Bigarren atalean, Euskal Herrian egiten diren kontzertuen, antzerki estreinaldien, kultura arloko topaketen eta bestelako ekitaldien berri ematen dute. Ikusle eta kultur eragileekin elkarlanean aritu nahi dute: «Proposamenak onartzen ditugu, geurea proiektu parte hartzailea delako».

Telebistarako jauzi egin izanak «aurrerapausoa» dela diote, sarean ez dabilen jendearengana heltzeko aukera ematen dielakoan. Hamaika telebistarekin elkarlanean hasi aurretik, Berria.eus atarian erakusten zituzten Ttalaka.org-eko bideoak. Trukea zen: BERRIAk eskainiriko azken albisteak ere ikusgai ziren ttalakarien gunean, aldi berean.

Blogariak lagun

Aisialdian euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzea da Ttalaka taldearen helburua. Batez ere sarean egiten dute lan, han ikusten dutelako «hutsunerik handiena».

Horretan, hiru pertsonako muinez gain, blogari talde bat dute laguntzeko. Hamabi blog dituzte denera, kulturaren hainbat alor jorratzeko. Esaterako, Naiara Gonzalezek zinema aretoetan ikus daitezkeen filmen kritika egiten du Wilderrek egingo lukeen bezala blogean. Antzerkia eta, oro har, arte eszenikoen inguruan aritzen dira Aitziber Garmendia, Dorleta Urretabizkaia, Sara Cozar, Arkaitz Gartziandia eta Egoitz Sanchez. Antzerki munduko jendea da, eta oholtzaren atzean gertatzen dena ere lantzen dute.

Musikaren inguruko bi blog dituzte. Eremuko dunen atzetik dabil izenburupekoan, musikari baten bizitzaz hitz egiten du Tania de Sousa abeslariak lehen pertsonan. Besteak Estereotankea du izena, eta Ibon Fernandez Gazteako esatariak egiten du.

Teknologia lantzen dute, berriz, Informatikalari 2.0 blogean: Arkaitz Sukuntza oinarrizko informatikaz aritzen da, Mikel Olaiz diseinuaz, eta Sergio Novella bideo jokoez. Horrez gain, modari buruzko bi blog dituzte: Ainhoa Elizegiren Zaharrak berri eta Jokin Aierregarairen Astindu Ganbaran. Urko Egaña bertsolariak hitz neurtutan kontatzen ditu pil-pilean dauden gaiak Bertso kontari blogean. Sukaldaritzaz aritzen da Luken Vigo Sasoian Sasoiko tartean. Euskontu blogean, euskontu.com guneko eskaintzez aritzen dira, eta AT! tartean, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen bizimodua azaltzen dute, protagonisten ahotik. Ttalaka.org-ekin bat egin duen azken bloga Argazkilaritzataz da. Idoia Unzurrunzaga argazkilariak kudeatzen du.

Beste bi blog sortzeko lanean ari dira orain: Sormenetik tartean, euren arte lanez eta sorkuntza prozesuez idazten dute Maitane Bernardok, Asier Hernandezek eta Ione Zabalak. Irratigintzan ere badabil Ttalaka taldea: PodKast blogean, Donostiako Casares Irratiko Ttalaka irratsaioaren saioak azaltzen joango da Maddi Zaldua.

«Batzuk baliabide askoz gutxiagorekin euskarazko edukiak sortzeko gai bagara», diote, «ETBk askoz gehiago egin dezakeela uste dugu». Euskal Telebistaren ekoizpenenean beherakada nabaritu dutela diote, «krisiaren aitzakian», baina proposamen positiboa egiten diote: «Eduki propioak egiteko dirurik ez badago, elkarlanak bila ditzakete».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.