Zaharra ahituta, berririk gabe

Juan Luis Zabala / 2015-03-05 / 603 hitz

Mikel Ayllonek ‘Ez tiro egin anbulantziei’ kaleratu du.
Igartza bekaren laguntzaz idatzi du nobela.

Gizarte distopiko batean kokatu du Mikel Ayllonek (Laudio, Araba, 1980) Ez tiro egin anbulantziei eleberria (Elkar): greba handi bat egin zen aspaldi, baina ez zuen ondorio onik ekarri gizartearentzat. Greba hartaz geroztik, ez dago urik iturri publikoetan; guztiz debekatuta dago, besteak beste, jarleku publikoetan esertzea edo argazkiak egitea; egunkarietako albisteak makinek idazten dituzte… Horrela deskribatuta itxuraz oso bestelakoa badirudi ere, egun eta hemengo gizarteak badu sakoneko antzik bere nobelan agertzen denarekin, Ayllonen ustez, liburuaren hasieran ageri den Antonio Gramsci idazle eta pentsalariaren aipuak berdin balio baitezake bi gizarteontzat, nobelako distopikoarentzat bezala egun eta hemengoarentzat: «Mundu zaharra hiltzen ari da, eta ez dator berririk. Argi-ilun horretan jaiotzen dira munstroak». Igartza saria bekaren laguntzaz idatzi du Ayllonek liburua. Haren argitalpena aurkeztearekin batera, Elkarrek, CAFek eta Beasaingo Udalak sari horren hurrengo deialdia zabaldu dute. 35 urte baino gutxiago izatea da deialdira aurkezteko bete beharreko baldintzetako bat; beste bat, helduentzako literaturan gehienez liburu bat argitaratua izatea.

Atzekoz aurrera ordenatutako hiru zatitan kontatzen da nobelako istorioa, eta, atzekoz aurrerako hurrenkera horri jarraituz, preludio batekin amaitzen da. «Ez da nobela arrunta», egilearen ustez. «Ekintza gutxi dago, baina horrek ez du esan nahi istorio nagusi bat ez dagoenik». Istorio nagusia, ordea, «kontakizunaren azpitik doa», nobelak beste alderdi batzuk nabarmentzen dituen bitartean. «Irudi batekin ilustratzearren, esan daiteke film bat egiteko muntaketa lanean mozten dituzten zatiekin eginda dagoela kontaketa —beharbada ez daukatelako nahikoa eztandarik, edo interesik, ekintzarik, edertasunik, nahikoa sexurik, artifiziorik edo nahikoa dena delakorik—, zati nagusiak alboratuta, beti lehen planoan egoten diren horiek». Horrez gain, atal bakoitzak bere kontaketa modua du. Irakurlearen «arreta osoa» bereganatzeko ahalegin bat dago idazleak egin dituen aukera formal horien guztien atzean.

Paradigmen gainbehera

Eleberriak kontatzen duen istorioa «zintzoa eta zuzena» dela uste du egileak, eta egungo munduari eta gizarteari buruz gogoeta egitera bultza dezakeela irakurlea. «Denok ikusten dugu, nola edo hala, orain artean balio izan duten paradigmak —kulturalak, ekonomikoak, politikoak, denetarikoak…— gain behera daudela, bukatzen ari dela mundua begiratzeko, ulertzeko eta antolatzeko izan dugun modua, eta errealitatea arrakalaz betetzen ari zaigula. Gero eta argiago dago jende askok hasieratik oso argi zeukana: korrikaldi zoro honek ez ginderamatzala inora; gero eta pertsona gehiago ari direla —edo ari garela— bazterrean gelditzen, modu leun batean esateko. Arraza berri bat sortzen ari ote den ere esaten da, eta nobelan munstroak aipatzen dira: batetik bestera korrika doazen pertsona gris horiek guztiak».

Bi pertsonaia nagusi ditu eleberriak: Sylvie, ekintzailea; eta Gerard, Sylviek ekintza baterako laguntzaile gisa hautatu duen gizona. «Sylvie ohartuta dago mundu berri baten beharraz, eta berak uste du badakiela zer egin behar duen mundu berri horren etorreran laguntzeko. Egin egingo du hori, mundu berri bat lortzeko egin behar dela uste duena. Hautu bat egingo du, hautu okerra izango da, eta horren ondorioz sortuko da liburuak irudikatzen duen gainbehera guztia». Gerard, berriz, «munstrotzen hasitako» gizaki bat da. «Ohartzen da mundu zaharra gainbeheran dagoela, baina ez daki zer egin behar duen. Haren mezu nagusia da ez dela ezer egin behar, gauzak berez baino ez direla aldatzen, urari bere bidea egiten utzi behar zaiola. Beraz, ez du ezer egingo, barrurantz bilduko da, eta, halakoetan gertatzen den bezala, bere erabakimenaren hutsunea fatalitateak beteko du».

Nolanahi ere, itxaropenari leiho bat zabaltzen dio nobelak amaieran, atzekoz aurrerako hurrenkerari jarraituz hasierako egoeran uzten baitu irakurlea.

«Ayllonek adarretatik ibilita sustraietara jo du», Jon Benito idazleak atzo liburuaren aurkezpenean esan zuenez. «Sustrai horiek galdera arruntak dira. Zer gertatzen da? Zergatik gertatzen da gertatzen dena? Zergatik jokatzen dugu jokatzen dugun bezala? Eta testuinguru honetan, zer ari zaigu gertatzen? Pertsonaiek beren buruei egiten dizkieten galderak dira. Baina guk ere, liburuan aurrera egin ahala, egiten dizkiogunak geure buruari».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude