Mikel Rodriguez, idazlea: «Ez dut Euskal Herri idiliko bat irudikatzen, gatazkatsua baizik»

Mikel Lizarralde / 2015-04-01 / 907 hitz

Lehen eleberria du ‘Aratz. Begiradaren atzetik’, espioiak, genetika esperimentazioa eta boterearen aurkako borroka uztartzen dituen lan mardula. Bi zatitan banatua da, eta bigarrena aurki kaleratuko du.

Historian lizentziaduna da Mikel Rodriguez (Lesaka, 1984), baina kazetaritza izan du ogibide, eta azkeneko urteetan BERRIAn lan egiten du, Mundua sailean. Historiarekiko eta nazioarteko gatazken inguruko interesari komikiarekiko, superheroien istorioekiko eta animazioarekiko zaletasuna gehituta sortutako eleberria da Aratz. Begiradaren atzetik. «Eta komikitik eratorrita, animazioa, telesailak… Nire inspirazio iturriak ere hor egon dira batik bat. Nik egin nezakeena idaztea zen, baina eszena eta iruditan imajinatzen nuen istorioa». Eta istorioak zerbitzu sekretuak, esperimentu genetikoen ondorioz arrunten gaindiko ahalmena duten gizakiak eta gazte idealista baten ibilerak uztartzen ditu. Nobela luzea izanik, bi partetan banatzea erabaki zuten egileak berak eta Gaumin argitaletxeak; aurreneko zatia abenduan kaleratu zuten, eta udaberrian atera nahiko lukete bigarrena.

Noiztik zabiltza Aratzekin?

Urte anitz. 2010eko udazkenean-edo hasiko nintzen idazten. Denbora nuenean idazten nuen, eta bukatuko nuen 2012ko udazkenean. Argitaratu den arte bertze urte pare bat igaro dira; beraz, badira lau bat urte. Fernando Morillori bidali nion testua, ezer espero gabe, eta denbora pasatu zen, baina, gero, interesa erakutsiz erantzun zidan. Aitzinetik ere idatzi izan dut, baina niretzako gauzak izan dira. Hau ere horrela planteatu nuen, baina egia da emaitzan nabaritzen dela nolabaiteko irakaspen bat. Dena dela, ez nuen pentsatzen argitaratzea.

Eleberriak baditu generoko literaturaren ezaugarri batzuk. Fantasiazko edo zientzia fikziozko literaturaren elementuak. Eta, halere, testuinguru errealista batean kokatzen dituzu.

Hagitz gogoko ditut fantasia eta mundu fantastikoak, baina hau ez nuen horrela planteatu. Ahalmenak dituzten izakien istorioak ere azpigenero bat dira, baina normalean mundu normal batean kokatzen dira, mundu erreal batean. Fantasia bada, baina gaur egungo mundu erreal batean.

Euskal Herri independente ukroniko batean kokatu duzu kontakizunaren parte bat. Ez bereziki Euskal Herri baketsu eta idiliko batean…

Nobelaren helburua ez da inoiz izan kontatzea zergatik den Euskal Herria independentea. Nire asmoa zen esperimentazio genetikoen ondorioz ahalmen bereziak eskuratzen dituztenen inguruko istorio bat kontatzea, eta horrek eskatzen zidan gibelean gobernu bat, estatu bat izatea. Halakoetan, lehendabizi beti etortzen zaizkigu gogora AEBak. Baina ez nion zentzurik ikusten horri. Eta pentsatu nuen: zergatik ez Euskal Herri independente bat. Eta hasi nintzaion independentzia horri jatorri bat bilatzen…

Eta XIX. mendera jo zenuen, Napoleonen garaiko gerretara.

Garai hartan izan zen estatuak sortzeko testuinguru bat, eta hor kokatu nuen independentziaren jatorri hori. Baina beti testuinguru bat sortzeko erabili dut hori, ez independentziari buruzko istorio bat kontatzeko.

Zerbitzu sekretuz josita dagoen mundu bat irudikatu duzu. Horrek zenbat du errealitatetik edo irudimenetik?

Berez, irudimenetik du dena. Gerra Hotzaren antza duen mundua da, baina 2010ean, idazten hasi nintzenean, pentsatu nuen ea zer zentzu izan zezakeen errusiarrak eta estatubatuarrak lehian ibiltzeak… Gero, errealitateak erakutsi digu ez dagoela hain gainditua hori.

Aratz (mutila) izan daiteke liburuko protagonista, baina beste hainbat pertsonaia ere ageri dira: Aratz (neska), Aitziber, Etxebe, Espartza espioia… Denak ondo marraztuak daude. Lan handia eskatu dizu pertsonaien definitze horrek?

Bai eta ez. Nik banuen eskema bat, nolabaiteko gidoi bat, eta nahi nuen pertsonaiak ondo definitu. Irakurleak garbi izatea nolakoa den bakoitza. Bakoitzaren nortasunean arreta handia jarri nuen. Protagonistaren kasuan errazagoa zitzaidan, berak ahotsa duelako, eta Espartzarekin, berdin. Haren motibazioak azal nitzakeen. Bi nesken kasuan, aldiz, ez nuen pentsatu ahots propioa ematea. Ez direnez pertsona errealak eta ahalmen bereziak dituztenez, egokia ikusten nuen distantzia bat hartzea. Baina egia da istorio honi bueltaka hasi nintzenean, egin nuen lehenengo gauza izan zela pentsatu nolakoak izanen ziren pertsonaiak. Eta, batik bat, istorioaren ardatza diren Aratz eta Aitziber aktiboena. Arriskua nuen estereotipoetan erortzeko, baina karakterizazio garbia behar zuten.

Hiru planotan eraiki duzu nobelaren egitura. Batetik, Aratzek eta Espartzak lehen pertsonan kontatzen dute beraiena, eta, bestetik, hirugarren pertsonan daude kontatuak Aitziber eta Aratz aktiboen ibilerak.

Bai, hiruko lasterketa bat da, eta une batean bat egiten dute hiru istorio horiek. Eskema bat egin nuen, eta hasiera nahiz amaiera garbi nituen, eta gero osatuz joan nintzen hiru ikuspuntu horiek baliatuta.

Une batzuetan gertaera bera ikuspuntu ezberdinetatik dago kontatua. Horrek osatuz doan puzzle izaera bat ere ematen dio nobelari.

Idazten hasi nintzenean ez nuen pentsatu ere egiten argitaratzearekin, eta, ondorioz, ez nintzen ohartzen zein neurritaraino ari nintzen korapilatzen istorioa edo egitura. Baina horrela irudikatzen nuen istorioa, puskaz osatuz doana.

Aratz, anarkista da; Etxebe, komunista, eta bi aktiboak ere statu quo-aren aurka borrokatzen dira. Zure begirada haiena da hein handi batean.

Bai, hau ez da helburu politikoekin idatzitako liburua, baina barruan badu politika. Normalean, superheroien munduan, Marvelekoan, protagonistek statu quo hori babesten dute, eta nik bertze aldean kokatu nahi nituen eleberriko pertsonaia nagusiak. Aratz eta Etxebe pertsonaia ideologizatuak dira, eta Aratz eta Aitziber, aldiz, ez. Baina statu quo-aren aurka borrokatzen dira. Erakutsi nahi nuen talka hori, askatasuna nola uler dezakeen esklabotza ezagutu duen batek edo ezagutu ez duen bertze batek. Espartza, berriz, estatuarekin erabat engaiatua den pertsona bat da, eta sinesten du egiten duen horretan. Nik ez dut ezagutzen halakorik, eta bazen erronka bat halako funtzionario militante baten larruan sartzea.

Bada liburuan hari bat, zentrala ez dena baina bere garrantzia duena. Borroka armatuarena. Ez abertzaletasunari lotutako borroka bat, baizik eta Europako beste herrialde batzuetan 1970eko hamarkadan jazo zenarekin lotura duena. Euskal estatu imajinario hori ez da inguruko herrialdeekiko oso ezberdina…

Mendebaldeko Europan kokatutako euskal estatu bat irudikatuta, ez zen zaila pentsatzea hemen ere ezkerreko borroka armatu ez- abertzale bat izatea, Alemanian, Italian, Grezian izan den bezala. Ez dut Euskal Herri idiliko bat imajinatzen, baizik eta gatazkaz beterikoa. Ikusita independenteak izan gabe zer jokaera izan dugun historian, estatu propioa izanda ere gerrak eta gatazkak izanen genituzke. Alde horretatik, ez ginateke ezberdinak izanen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.