Xabier Erkizia, musikaria eta soinu artista: «Egun zerbait gainbaloratua badago, komunikazioa da hori»

Gorka Erostarbe / 2015-06-17 / 1.684 hitz

Audiolabek, Artelekurekin zuen lotura amaituta ere, elkartearen langintzetan buru-belarri dihardu; belarria beti adi, ingurunea behatzeko, eta burua beti martxan, jasotakoa ‘aditu’ eta zabaltzeko.

Hilabete batzuk igaro dira Audiolab soinu laborategiak Artelekurekin zuen lotura amaitu zela iragarri zuenetik. Honaino izeneko artikulua plazaratu zuen Xabier Erkizia Audiolabeko sortzaile eta kideak (Lesaka, 1975) euren blogean, bide batez bloga ere hamar urteko bidearen amaierara iritsi zela iragarriz. Proiektu horren sortzaile ez ezik alma mater-a izan da Erkizia hamar urteko ibilian. Arteleku joan zen, baina Audiolabek jarraitzen du elkarte modura. «Egun lau bat lagun gaude, Arteleku itxi ostean beste zenbaitek bere bidea egin baitzuen. Lehen talde finko bat baginen, 8-10 lagunekoa. Talde kolektibo hauek kontu ziklikoak izaten dira. Tamaina baino gehiago interesatzen zait jarrera, hala ere».

Audiolab zertan da orain?

Guretzat ere egoera arraroa da. Artelekutik Kalostrarako bidean ondo non gauden ez baitakigu. Kalostran bada grabaketa estudio bat, eta hor badauzkagu proiektuak martxan, baina zerbitzu modura egingo genuke lan bertan, elkartea bera ez dago Kalostran. Hasierako egitasmoa zen Artelekuk zerbitzu bat sortzea, soinuari eta musikari arreta berezia jarriko ziona. Gaur egun eredu horrek ez du balio Kalostran, ez baita zerbitzu anitzeko espazio bat, baizik eta zerbitzu mugatu eta itxikoa. Beste eredu bat da, eta beste garai baten beharrei erantzuten die. Guretzat, hasierako urteetan ondo egon zen Artelekuren babesean lan egitea, baina iritsi zen une bat kanpotik genituela lan proposamen gehiago barrutik baino. Guk Artelekutik ez genuen sekula soldata bat ateratzeko adina ere irabazi. Programatu egiten genuen, eta soberakina geratzen zena guretzat zen, urte osoko gasolina ordaintzeko ere ez ia.

Orduan, ez da garbi egon, kanpotik behintzat Audiolabek zenbateko autonomia izan duen edo ez duen izan lanerako…

Badira zazpi bat urte autonomia gehiagoz lan egiten ari ginela, eta gure bidea markatzen. Lehenengo urratsa izan zen elkartea osatzea, eta ofizialki ezagutaraztea. Eta elkarte gisa aurrera jarraitzen dugu. Proiektu mordoa dugu esku artean, eta Artelekuko lanetik libratzean guk are nabarmenago beste bide batzuk hartu ditugu. Esaterako, Tramontana izeneko nazioarteko egitasmo batean buru-belarri sartuta dago. Hurrengo hiru urteetan Oria, Deba eta Urola ibaien soinuzko erretratuak egiteko enkargua jaso dugu, eta bestelako tailerrak, ekitaldiak antolatzen ari gara udazkenerako.

Proiektu estimatua izan da Audiolab, oro har, nola hemen hala atzerrian ere. Gizartetik aldenduxea egon ote den egin zaio kritika, arte garaikideko beste esparru askori egin zaion kritika bera, alegia.

Ulertzen dut, baina bada topiko bat ere. Oro har, denok ezeroso jartzen gara ulertzeko eskakizun bat duen edozein jakintza parean topatzen dugunean, lehenengo keinua da ezerosotasunezkoa. Oso erosoak bihurtu gara, eta jaso nahi dugu dena xehatua. Orain generoaren kontuarekin gauza aipagarri bat gertatzen ari da; politikoki zuzen bihurtu da, eta denok esango dugu pentsamendu feministarekin gaudela, eta ondo dago lorpen hori, baina gero lau bider lauko musika bat egiten jarraitzen dugu, eta pose matxista batekin askotan. Batzuetan, halako boom batzuk sortzen dira, eta jende gehiagorenagan iristen dira, baina ahalegin horretan gastatzen dira, indarra galtzen dute, eta distortsionatzen dira, eta adi egon behar da. Uste dut lortu dugula iristea gizarteko hainbat esparrutara, baina beti kontziente izanik zer muga dugun. Esaterako, badakit elkarrizketa hau jende gehiagok irakurriko duela bihar eman dezakedan kontzertura azalduko direnak baino.

[Entzutea jarrera kontua da, Erkiziarentzat; eta hala jarraitzen du, soinuarekin, musikarekin, zaratarekin, isiltasunarekin duen edozeri erreparatuz, arreta kontzientea jarriz. Euskal Herriko Soinu Maparen proiektuarekin jarraitzen du, Akauzazteren Etzazuaka diskoko kantuak nahastu zituen oraintsu, eta Amoranteren lehen lana grabatzekotan da. Oraintsu amaitu du Billy Bao musikari nigeriar bilbotartuaren Lagos Sessions disko bikoitzaren ekoizpen lana ere. Uda honetan plazaratuko dituzte disko hori eta artista beraren Communisation. Lagos Sessions Nigerian bertako musikariekin egindako diskoa da. Gainera, «Nigeriako Buenavista Social Clubekoen» diskoa nahasten ari da. Faaji Agba izena zuen taldeak, eta kideetako bat izan ezik, beste denak hilak daude honez gero. Haiei buruzko dokumental baten soinu postprodukzioa amaitu zuen duela pare bat hilabete eta orain diskoarekin ari da. Eta ez da hor amaitzen esku artean dituen kontu guztien zerrenda. Italian egon berri da, soinuaren eta identitatearen arteko lotura aztertzen zuen hitzaldi sorta batean. Azaldu zuen XVIII. eta XIX. mendeko Europako bidaiariek HegoEuskal Herrira etortzean idi-gurdien zarataz nola idazten zuten “haiek zaldi gurdietara ohituak ziren”, eta bertakoentzat, berriz, zarata ez baizik ziztua zela. Alegia, fenomeno bera testuinguruaren arabera nola aldatzen den, izendapenetik hasita. «Gu zeren seme-alabak gara, Victor Hugoren kronikarenak edo entzun ez dugun baserritarraren kronikarenak? Ziztuzaleak ala zaratazaleak?»].

Paisaia soinuen antzera, Xabier Erkiziaren jarduera harrapatzea ez da erraza.

Bai, izan liteke. Beti arazoak izan ditut karrera kontzeptuarekin. Musikariak ikusten nituen nire inguruan, eta, normalean, garbi izaten zuten zein pauso eman musikari modura ibilbide bat osatzeko. Horren atzean badago akademiaren itzal bat ere, eta nik beti arazoak izan ditut horrekin; ziur aski, nik jaso dudan formazioarengatik. Ez dut interes berezirik karrera bat osatzeko. Pentsamendu akademikoak tranpa bat gordetzen du, eta da jakintzaren giltza non ote den. Askotan lengoaiak berak adierazten ditu tranpa horiek. Esaterako, kontserbatorioa. Zer dago kontserbatzeko? Ez naiz sobera eroso sentitzen giltzape horretan, ez uste dudalako jakintza hori bereziki desberdina dudala, edo gure esperientziatik eratorrita berezia dela… Niretzat, oso garrantzitsua izan zen musikatik soinurako pausoa egitea, edo soinutik entzumenerakoa zehatzago.

Noiz eta nola egin zenuen urrats hori?

Hori izan zen halako esperientzia bital baten ondorioz. Botoi txiki hori zapaldu eta aldaketa minimo hori egitean konturatzen zara antropologiaren munduan sartzen zarela ia, musika aitzakia hartuta.

Jarrera kontua da entzutea?

Bai, zalantzarik gabe. Beti ari naiz kontu hauekin bueltaka, eta batzuetan neure burua latoso ikusten dut kontu hauekin, gehiegizko insistentzia batean bezala, baina gero egia da, ni kezkatzen nauten gauzek, baita sozialek ere, anitzetan horrekin dutela zerikusia. Entzumenaren jarreraz ari garenean, ari gara arretaren politikaz hitz egiten. Bi hitz aldatuz gero, eta sinonimoak jarriz, arreta/entzumena eta jarrera/ politika… zentzu bera du, baina beste dimentsio bat hartzen du.

Eta denok harrapatzen gaitu arretaren politikak…

Facebook eta Twitter ikusi besterik ez dago: denok gara gaur egun norbera sortzeko gai den arretaren politikaren arduradun. Denok gara politikari zentzu batean. Ez dugu denok irudi aholkulari bat, baina posible balitz izango genuke.

Norberaren marketin arduradun gara.

Eta geroz eta behar gehiago dugu norberaren marketina egiteko. Informazio gaindosiaren ondorioa da. Uste dut denboraren perspektibarekin garbiago ikusiko dugula, egun zerbait gainbaloratua badago, komunikazioa da hori. Gailentzen zaigu komunikazioa edukiaren beraren gainetik. Ematen du esajerazio bat edo gauza alarmista bat, baina azken bost urteotan aldaketa nabarmena izan da. Sortzaile bati galdetuz gero gaur egun zer moduz doakion azken liburuaz edo diskoaz eta abarrez, sarri erantzungo du: «Elkarrizketa pila bat egin dizkidate». Zerbait gaizki dagoen seinale… Eta horrelako esaldi bakoitzak gehiago estutzen du katea, kontzienteki edo inkontzienteki hori entzuten duenak pentsatzen baitu hori dela arrakasta.

Eta hori arriskutsua da…

Oso, komunikazioari ematen zaio are botere handiagoa. Eta errazago komunikatzeko gaitasuna duen proiektu horrek tapatuko ditu komunikatzeko zailtasunak dituena, dela hizkuntzagatik, dela konplexutasunagatik… Beti gailenduko da Olatu Talka beste edozein ekitaldiren aurretik. Zergatik? Batek ez duelako azalpenik behar. Komunikazio hutsa da, eta horrek bere arriskuak ditu, zeren eta purutasun horretan mitifikatzen dira zenbait irudi, esate baterako, parte hartzaile hutsal izatearena… Ematen du hirietan izugarrizko jende pila dagoela aspertuta, ezin jakinda zer egin, eta erakunde publikoek egin behar dutela halako aisialdi parte-hartzaile itxurako bat jarri hor, gizaki hutsal horiek betetzeko edukiz.

Diozunak boterekeria kamuflatu baten tankera du.

Faxismoa da hori, eta ez parte hartzea. Berez, denok ados behar genuke gizarte parte-hartzaile bat izan behar horretan, eta onura batzuk dituela, baina hartzen du faxismoak erabili izan duen populismoaren zera hori. Parte-hartze bideratu bat da, arau batzuekin, guk nahi dugunean eta nahi dugun lekuan. Eta gero, ez. Eta hori gertatzen da horrelako makroekitaldi hauetan.

Hitz egiteko gaitasuna eskatu eta baloratzen da gizarte garaikideotan eta, zer esanik ez, politikari edo kargudun publikoengan. Baina, hain justu, ez ote da entzuteko gaitasuna falta?

Bai, hala da. Eta topikoa da esatea ez dutela autokritika egiten, eta egia da; baina, esaterako, duela gutxi Hasier Arraiz Bilduko burua autokritika egiten irakurri nuen elkarrizketa batean; jendea entzutea falta izan dutela esan zuen, eta pozgarria egin zitzaidan. Gailendu dena da edozein diskurtsoren informatibizazioa. Oratoriaren historiari begiratu bat eman beharko genioke, eta ikusi, esaterako, Grezia klasikoan filosofoek edo jakintza bat transmititzeko gai zirenek zerabiltela oratoria. Gerora, fraideek… Baina fraideek ere utzi zioten jakintza transmititzeari, eta sermoiak botatzen hais ziren. Tonua ere aldatu zuten, eta mantra moduko hori sortu… Eta mantra horretatik gertuago ikusten dut gaur eguneko politikarien jarduera.

Pulpitutik ari direla alegia.

Bai, eta behatzarekin seinalatuz. Behatzarekin gehiago kontatzen ahotsarekin baino. Ereduak aldatu egin dira, eta eredurik agerikoena da albistegietakoa. Pertsona neutroak, ahalik eta neutroenak, bai hizkeragatik, bai fisikoki… ia-ia manikiak, ETBko aurkezleak, adibidez. Ia ukiezinak. «Hau benetakoa al da?», pentsatzen duzu. Eta Arraizen autokritika hori gustatu zitzaidan, edukiari ere heltzen ziolako. Arraizek esan zuen gutxi-asko ez dutela jakin herritarren ahotsa entzuten. Nire iritzia da ez dutela jakin entzuten, hain zuzen, egon direlako obsesionaturik legegintzaldi osoa prentsaurrekoak ematen. Alegia, mezua, mezua eta mezua… Politikagintza profesionalak bultzatzen du joera hori, eta gero zabaltzen da gizartera, eta denok bihurtzen gara mitin konstante bat.

Eta zer egin arretaren politika aldatuz joan dadin?

Sistemak eratu behar dira entzuleak arazoaren pare jartzeko, eta horretan artea izan liteke eta bada tresna polit bat. Normalean, ekitaldi kulturaletara iristen gara erabat prestatuta. Sarrera erosita, kantu aurrerapena entzunda, elkarrizketa bat irakurrita… Iristen zara espektatibaz kargatuta. Eta hori hala izanik, zein puntutaraino ari gara benetan entzuten. Ez goaz Anariren kontzertu bat ikustera, goaz Anari ikustera.

Artea nola izan liteke baliagarri?

Arteak badu bere gaitasuna zalantzak sortzeko, galderak eraikitzeko, eta, artea geroz eta arriskatuago edo esperimentalago izan, are eta gaitasun handiagoa. Batzuetan, geroz eta absurdoagoa izan, are eta hobeto. Horregatik, Soinu mapa eta antzeko proiektuak. Modu kritikoan azaldu behar banu egitasmo hori, esango nuke: «A ze tontakeria!». Soinuak mapa baten jartzea? Gu, ari garenok defendatzen soinuak etengabe mugitzen direla eta ezin direla mugatu… Eta guk sartzen ditugu mapa eta marko batean! Baina errealitatea erakusteko moduak dira… Mapa bat ez du inork jartzen zalantzan, akaso mugak bai, baina mapa batek erabateko onarpena eta baliozkotasuna dauka… Eta jartzen duzu soinu bat mapa horretan, eta hain da absurdoa, hain da kontrajarria, ezen potentzialtasuna duela galdera bat sortzeko gutxienez. Bizitzaren konplexutasunari buruz hitz egiteko balio du arteak, batez ere. Beraz, entzumenaz ulertzen duguna zalantzan jartzeak arretaren politikan eragin dezake. Hizkuntzak berak arazoa mahai gainean jartzen du. Aditu hitza apenas erabiltzen dugun egun. Eta aditu euskaraz da entzun, baina baita ulertu ere, arreta jarri, adi egon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.