Defendatzen dugun kultura

Elsa Pamparacuatro / 2015-09-18 / 364 hitz

Batzuk dakizuenez, aktorea naiz. Artearen munduan hasi nintzen 14 urte nituela, eta nire ogibidea izan da 2015eko maiatzaren 31ra arte, nire enpresa utzi dudala artea eta kultura instituzio barrutik defendatzeko.

22 urte nituela Kukutza III ezagutzeko zortea eduki nuen. Joan nintzen lehenengo aldia gogoratuko dut. Zirkua irakasten zuten, eta Bizkai osoan akrobazia, eskujokoak, airezkoak, bihurrikatzea eta abar ikasi ahal ziren toki bakarra zen hura. Horrez gain, nazioarteko artistak ikusteko aukera ere bazegoen.

Joaten jarraitu nuen. Dantza, antzerkia, musika… ekintza horiek izenda ditzaket, nahiz eta beste asko ahaztuta uzteko arriskua hartu dudan. Urteak joan, urteak etorri, nik han harrapatuta jarraitu nuen, norbaitek «amets fabrika» izendaturiko eraikin horretan.

Jende atsegina, konpromisoduna, hurbila biltzen zen Kukutzan, baina batez ere, langileak ziren, egunero-egunero leku harrigarri hori zutik mantentzeko lan ikaragarri egiten zuten.

Nire semeak ere arratsalde asko igaro zituen Kukutzako hirugarren pisuan: kantuan, flamenkoko takoietan edota tinbalen erritmoan dantzan, edo txiribueltak ematen eta buruz beheraz zebiltzanekin. Buruz behera bai, baina horrela egonagatik ez zituzten gauzak alderantziz ikusten.

Bi mundu ikuskera: Gurea bata. Mundutik zehar zabaldu behar den kultur eredua, parte-hartzailea, irekia, soziala, autogestioan, denen izerdian oinarritutakoa. Herritik eta herritarrentzat egindakoa.

Haiena, berriz, eredu zapaltzailea, gutxi batzuentzako kultura defendatzen duena, sortzeko edo eraikitzeko baino, eraisteko diru gehiago gastatzen duena. Ez dute burdinazko makilekin bakarrik jotzen, orain «denon justizia» deitzen dioten horrekin jotzen dute. Justizia, ordea, denon interesak interes pribatuen gainetik defendatzea da. Justizia herriak egindako lanari lehentasuna ematea da, eta ez zoru hutsei. Justizia da gure zergekin mantentzen ditugun eraikin hutsak herritarrei ematea. Ez da justizia, aldiz, Errekaldeko kaleetan harrituta ikusi genuena, ezer ulertu ezinik. Ikusi genituen segurtasun indarrak denon interesak defendatzetik urrun; gerra egiten zuten guk paradisua sortu genuen lekuan bertan. Egun horretan ni ez nintzen han egon, nire alaba jaio berria zelako. Bestela, litekeena da neroni izatea 18 hilabeteko zigorrari aurre egin behar liokeena gurea defendatzeagatik.

Aktore izateari utzi nion kultur eredu honako hau defendatzeko: pertsonak ez dira dirua, gure dirua zulo beltzetan sartu ordez, denbora oparitzen duena. Herria sortzen duena arratoiz beteriko orubeak baino lehenago.

Kukutza III arantzaz beteriko sastraka da. Gaztetxe barik geratu ginen guztioi ziztatu dizkigute arantzak. Hura bezalako leku autogestionatu gehiagorekin eta gure lagunen absoluzioarekin aterako zaizkigu arantzak. «Amets fabrika» defendatzeagatik, zigorrik ez!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.