Espazioak betetzeko tenorea

Gorka Erostarbe / 2015-09-10 / 1135 hitz

Hamabost urtetik gora igaro dira Donostiako Tabakalera arte garaikidearen zentro bat izateko ideia aurrenekoz plazaratu zenetik. Gorabehera asko izan dira, arduradun aldaketak, erakunde eta gobernuenak, krisiaren ondorengo murrizketa eta dimentsio berriztatzeak. Azkenean, Ane Rodriguez kultura zuzendari dela, bihar zabalduko ditu ateak ofizialki. 37.000 metro koadroko eremua hartzen du eraikinak, eta bost solairu ditu.

Tabakaleraren kultur proiektuaz gain, beste zenbait erakunde eta egitasmo pribatu ere hartuko ditu. Ekosistema kulturala deitu duten horren kide izango diren erakundeak Etxepare Euskal Institutua, Zineuskadi, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazioa dira. Horiek guztiek euren bulegoak Tabakalerako eraikinean izango dituzte. Horiez gain, kafetegia —abenduan jarriko da martxan—, jatetxea —azaroan irekiko dute— eta hotela ere —2016ko otsailetik aurrera— izango ditu Tabakalerak, eta baita beste egitasmo pribatu txiki batzuk ere: Habic Euskadiko Ekipamendu, Egur eta Diseinu Klusterra, Impact HUD ekintzaile sozial eta berritzaileen nazioarteko komunitatea, El Sekadero mikroantzerki eta kultura gunea, Arteuparte diseinuaren inguruko denda eta estudioa eta Lantoki egitasmo fotografiko alternatiboei eskainitakoa. Gune komertzial horiek plaza deituriko gunea inguratuko dute. «Herriko plaza baten tankerako zerbait bilakatzea nahi genuke, jendea biltzeko gune bat. Goitik argi naturala sartuko da, eta horrek lagun dezake», Ane Rodriguezen hitzetan.

Kultura proiektua nola gauzatuko duten, esparru bakoitza non egongo den eta lehen egitasmo nahiz programak zein izango diren aurkeztu zuten atzo Tabakalerako arduradunek.

UBIK,

SORKUNTZA LIBURUTEGIA

Kultura hedatu eta sortzeko baliabideak edonoren eskura

Herritar guztiei irekia dagoen sorkuntza liburutegia da, arte garaikidean espezializatua, eta Arantza Mariskal du arduraduna. «Ubiken zeregin nagusia kultura hedatzea izango da, bereziki kultura garaikidea. Era berean, ikaskuntza guneak eskainiko ditu herritarrentzat; irakurtzeko, ikus-entzunezko zerbitzuak eta, horrez gainera, mailegu zerbitzuak ere bai». Baina, sorkuntza gune izanik, «eskuragarri jarriko ditu sorkuntza bultzatzeko baliabideak, esaterako bideo eta audio ediziorako baliabideak, grabazio eremu txiki bat, plato bat, filmak ikusteko eta entzuteko eremu bereziak, eta ikerketa eremuak». Ubikek bigarren solairuan izango du bere ohiko espazioa baina abendura arte ez ditu zabalduko ateak sorkuntza liburutegiak.

HEZKUNTZA

Kultur proiektuaren eta herritarren arteko zubia

Hezkuntza proiektuaren helburu nagusia «Tabakalerako kultur proiektua, eragile eta testuinguru desberdinekin harremanetan jartzea da», Leire San Martin Hezkuntza arloko arduradunak azaldu zuenez. «Gaur egun, ez da ulertzen kultura garaikidearen zentro bat hezkuntza edo mediazio proiekturik gabe. Hezkuntzaren egitekoa da sortzen diren edukiak espezializatuta ez dagoen herritarrengana hurreratzea». Tabakalerako hezkuntza proiektua 2013ko udazkenean abiatu zen. Egia auzora hurbiltzeko helburuarekin, Auzo Paisaiak proiektua jarri zuten martxan, elkarrizketa eta bileraz osatutako prozesua. Hezkuntza proiektuaren xedeak da bitartekotza lana egitea, proiektu kulturala eta eraikina bera herritarrekin harremanetan jartzea, sorkuntza moduekin eta herritarren arteko harreman moduekin lotura duten programak sortzea, dena elkarlanean. Egun, esaterako, abian dute Mañana Goodbye egitasmoa, zeinetan Marion Cruza eta Pablo Marte artistek garai batean tabako fabrikan lanean arituriko emakumeekin lan egin duten. Sotoa deitzen duten gunean, solairu behekoenean, «hamabi kapituluz osaturiko ikus-entzunezko dokumental fikzionatu bat ikusi ahal izango da, Tabakalera eta inguruneaz ariko dena». Hilero kapitulu bat eskainiko dute. Hezkuntzako lantaldeak eraikineko lehen solairuan izango du bere espazioa.

HIRIKILABS, KULTURA DIGITAL

ETA TEKNOLOGIA

LABORATEGIA

Esperimentatzeko eta eraldaketa sozialerako tresna

«Teknologiaren erabilera sozial, kritiko, sortzaile eta kolaboratiboak uztartzen dituen kultura digitala eta teknologia laborategia da Hirikilabs», Diana Franco arduradunaren hitzetan. «Kultura garaikidearen ekoizpen zentroa izanik, ezin dugu alde batera utzi kultura digital eta teknologia laborategien gorakada. Esperimentatzeko eta prototipatzeko ezinbesteko gune bilakatu dira, eta garrantzi berezia daukate, herritarrek teknologia eraldaketa soziala sustatzeko baliabide gisa uler dezaten». Haren jarduerarekin, «Hirikilabsek teknologia erabiltzeko arrazoien eta moduen inguruko gogoeta sustatu nahi du, eta esperimentazioa, baita artistei eta sortzaileei beren proiektuak gauzatzen laguntzeko eta herritarrak ahalduntzeko baliabidea ere». Hirikilabsek hirugarren solairuan izango du bere kokagunea.

PRAKTIKA ARTISTIKO

GARAIKIDEAK

Sorkuntza eta erakusketa, profesionalizaziorako bidean

Azken urte eta erdian Sukaldean izeneko programazioaren bidez landu ditu Tabakalerak praktika artistiko garaikideari zegozkion dinamikak. «Orain, leku aldaketarekin, beste dimentsio bat hartuko du. Modu esponentzialean haziko da, eta gainera, Sukaldean genituen mugak direla medio, martxan jarriko ditugu abian jarri ezin izan ditugun hainbat alor: ekoizpenerako espazioak, nazioarteko egonaldiak, erakusketak, epe luzeragoko mintegiak, zinema programazioa eta abar», adierazi zuen Ane Agirre arduradunak.

Sortzaileari sostengua eta babesa eskainiko dizkio Tabakalerak hiru lan ildoren bitartez. Batetik, «informazioa eta laguntza» eskainiko dizkio profesionalizaziorako bidean. «Ohol handi batean informazio osoa izango dute deialdi eta egonaldiei dagokienez, baita webgunean ere, eta, horrez gain, lanari dagozkion gai juridikoetan ere laguntza eskainiko zaie profesional eta abokatuen zerbitzuen bitartez». Bestalde, Tabakaleraren helburua bada praktika horietatik abiatuta gai garaikideen gaineko hausnarketa sustatzea ere. «Horretarako, mintegi, lantegi, proiekzio eta erakusketa programazioa osatuko dugu, eta baita argitalpen lerro bat ere». Tabakaleratik antolatzen diren erakusketek produkzio berriko obra erakutsiko dute, bakarkako produkzioan edo koprodukzioan egindakoak. Bestalde, Tabakaleran egonaldiak egiteko aukera eskainiko zaie sortzaileei, bai nazioartekoei eta bai bertakoei; «eta euren lana erakusteko aukera ere izango dute». Egonaldi horietan parte hartu ahal izateko deialdiak eta baldintzak www.tabakalera.eu webgunean topatuko dituzte. Arte garaikidearen praktiken guneak bigarren eta solairuan banaturik egongo dira. Tailerrak eta egonaldiak gauzatzeko espazio malguak izango dituzte, «lau eta zortzi bitartean izan ditzakete, beharraren eta bakoitzaren espazio neurriaren arabera». Estudioak, tailerrak, argazkietarako gune bat izango dituzte, besteak beste. Irailaren 25ean jakingo dira Tabakalerako lehen sortzaile egonaldietan parte hartuko dutenak zeintzuk izango diren, eta azaroan Tabakaleran izango dira lehen egoiliar horiek.

IKUS-ENTZUNEZKO

PROGRAMAZIOA

Zinema komertzialetan ez dauden filmak

Ikus-entzunezko programazioa praktika artistiko garaikideen esparruaren barnean dago berez, baina ikus-entzunezkoak Tabakaleran duen garrantziaren eta presentziaren seinale da unitate propio moduko bat izatea. Gainera, programazioa finkatuen duen arloa da, eta ikus-entzule hiritarrari erakargarrien suertatuko zaiona. Tabakalerako ikus-entzunezko programaren arduraduna Victor Iriarte da. Ikus-entzunezko programak sorkuntza prozesua bere hasieratik lantzen du, hausnarketa akademiko eta kontzeptualetik hasi eta proiekzio gisa pantailan gauzatzen den arte. «Gure lan ildoak ondorengoak dira: zinema garaikidea, nazioarteko zinemaldietan dauden egileak eta erakusketa sare komertzialetik kanpo dauden pelikulak».

Tabakalerak zinema areto propioa izango du, lehenengo solairuan kokatua. 229 ikuslerentzako lekua dauka eta Euskadiko Filmategiarekin, Donostiako Zinemaldiarekin edo Donostia Kulturarekin partekatuko du. Pantailak 10,5 metro ditu zabaleran eta 4,5 metro altueran. Filmak 35 milimetrotan emango dituzte eta proiekzio digitaletarako «egungo makina ahaltsuena» dute, Iriarteren esanetan, 4k proiektorea.

Tabakalerako zinema pantailan etengabeko programazioa egongo da asteazkenetik igandera bitartean, hainbat esparru, ziklo eta programaziotan banaturik. «Modu honetara lehen ere zinematografikoa zen hiria are zinematografikoagoa bilakatuko da, orain arteko eskaintza osatuko baitugu». Urriaren 1ean, ostegunarekin hasiko dute programazio arrunta, Krzysztof Kieslowski zinemagile poloniarrari eskainitako Nosferatu zikloko lehen filmarekin. Lehenago Zinemaldiko Zabaltegi saileko hainbat film eskainiko dituzte. Tabakalerako programazioaren ardatzetako bat Fokuak izeneko programa izango da, zeinetan lauzpabost filmen ibilia duten zinemagileen atzera begirakoak eskainiko dituzten. «Urrian, esaterako, Andres Di Tella zinemagile argentinarraren dokumentalak erakutsiko ditugu, eta Di Tella bera etorriko da hitzaldia ematera», azaldu zuen Iriartek. Aurrerago Narimane Mari zinemagile frantziar-aljeriarrak Loubia hamra (babarrun gorriak) filma erakutsiko du, eta film horretako soinu banda egin zuen Zombie Zombie musika hirukoteak zuzenean eskainiko du musika.

Haurrentzako eta familientzako programazioak ere egingo dituzte Tabakaleran, eta igandeetan goizeko (11:00) eta arratsaldeko (18:00) emanaldiak izango dira. Prezioak oraindik finkatzeke dituzte, baina oso garbi dute «salneurri herrikoiak» izango dituztela, «ohikoak baino merkeagoak», 3,5 euro ingurukoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.