«Gatazkaren muturreko alderdia bizi ez dutenen egoera islatu nahi nuen»

Igor Susaeta / 2015-09-30 / 1242 hitz

Orain 20 urteko Donostian kokatu du ‘Koldar hutsa zara’ nobelaren lehen zatia, eta absolutuek eragiten dituzten zalantzen berri eman, Peru gazte eszeptikoaren bidez. Egilearen esanetan, berak uste baino «identifikatuago» sentitu da jendea.

Ez dauka sakelako telefonorik, eta bizikleta zahar baten gainean, bururako kaskoa jarria duela, agertu da Aritz Gorrotxategi hitzordura (Donostia, 1975). Bai gauza batek eta bai besteak ere esaten dute zerbait pertsona bati buruz. Zuzenbidea ikasitakoa, azken hamabost urteotan hiru poesia liburu, narrazio bat, kronika liburu bat eta lau eleberri kaleratu ditu; azkena, duela hiru hilabete, Koldar hutsa zara (Erein) izenekoa. Jorratzen duen gaia dela-eta, horri buruz ematen duen ikuspuntua kontuan hartuta, iruditzen zaio duela hamar urte ezin izango zuela argitaratu: « Igual hil egingo ninduten [barrez]; edo mehatxatu, edo…», bota du dramarik egin gabe. Gidoigile moduan arituta, literatur tailerrak emanez eta beste eginez ateratzen du bizimodua. Philip K. Dick eta J. M. Coetzeeren lan bana euskarara itzulitakoa ere bada.

2015ean egonagatik, Euskal Herriko gizartearen zati bati kosta egiten al zaio, oraindik ere, Koldar hutsa zara-ko lehen zatian kontatzen dituzunak onartzea? Izan ere, aurkezpenean adierazi zenuen eleberriak, berez, izaera probokatzailea duela.

Bazuen eta badu izaera probokatzailea, baina kasu batzuetan izan dudan esperientzia katarsiarena izan da neurri batean. Jende askok, agian, garai hartan gauza asko isildu zituen edo oharkabean pasatzen utzi zituen, eta nobelan agertzen diren gauza asko tankera horretakoak direla uste dut, ez? Probokazioa izan zitekeena batzuentzat izan da gogoratzea ia-ia ahaztua genuena eta ahaztua eduki nahi genuena.

Jende bat identifikatuta sentitu da, hortaz, kontatu duzunarekin. Edo gehiegi esatea al da?

Uste baino identifikatuagoa sentitu da jendea. Nobelan bada adibide bat, nahiz eta zeharka agertu… Bada adibide bat gure herrian oso nabarmena dena. Aralar sortu zenean, gogoratzen dut ezker abertzale ofizialaren erantzuna nahiko bortitza izan zela: putreak zirela, traidoreak… Eta hara non, handik lauzpabost urtera, ezker abertzale ofizialak Aralarren tesi nagusi hori, ETA desagertzearena edo alde batera geratzearena, onartu zuen, bere kabuz hartutako erabaki batzuen ondorioz. Pentsatzen duzu, beraz: «Zer gertatu da, orduan, jende askorekin?». Zergatik ziren Aralarrekoak putreak, adibidez, eta oraingoak ez? Jende askoren ustez, eztabaida hori eta barne zalantza horiek liburuan ere agertzen dira. Horregatik, pentsatu baino kasu gehiagotan katartikoa izan da.

Garai hartako memoriari buruzko ikuspuntu politiko jakin baten falta sumatzen al duzu?

Bai, sumatu dut.

Baita literaturan ere?

Literaturan ere bai, noski. 1990eko hamarkadaren garai hura, xingola urdinarena-eta, oso gutxi tratatu da; eta oso garai interesgarria da. 40 urte dauzkat, eta nire belaunaldiko batzuek idatzi dute euskal gatazkaz, baina idatzi dute haurrak zireneko garaiaz, ez gazte edo heldu ziren sasoiaz.

Peru 20 bat urteko gazte donostiarraren bizipenen bidez ematen duzu horren guztiaren berri: Euskal Filologiako ikaslea, oso eszeptikoa, literaturazalea, ukitu bohemio nabarmenekoa, artaldeei alergia diena. Zergatik erabili duzu gisa horretako pertsonaia bat eleberria gidatzeko?

Nahi nuen Peru pertsonaia deseroso bat izatea irakurlearentzat, zuk esandako ezaugarriengatik. Gaztetan bandotan banatzen ginen, eta berehala gauza bat zen horrela eta horrela, eta, hor ez zegoena zen kontrakoa, eta… Badago halako joera bat mundua erdibitzeko eta ez erlatibizatzeko. Nahi nuen pertsonaia eszeptiko bat, gaztetako absolutuen mundu horretan pixka bat ezberdin pentsatuko zuena, gauzak ezbaian jarriko zituena, ez zena identifikatuko ez batekin ez bestearekin. Gatazka garaian ematen zuen egon behar zenuela edo hemen edo hor, eta lazo urdinekoak ziren espainolak, eta besteak abertzaleak. Iruditzen zait jende askok ez zuela hain garbi hori hala zenik. Perurekin hori islatu nahi nuen: askotan muturrek edo absolutuek eragiten dituzten zalantzak.

Peruk sentitzen du kolektibotik aldentzeko beharra. Hain zuzen, ni-ak gu-tik ihes egiteko dauzkan zailtasunak ere adierazi nahi izan al dituzu?

Egia da taldeetan murgiltzen garenean, izan alderdiak, sindikatuak edo elkarteak, ideologia edo ideia batzuk baldin badaude tartean, indibiduoa pixka bat jan egiten dutela, normalean. Era berean, bakarrik zaudenean, gauza asko ere ezin dituzu lortu. Diferentea izatea da zeure kabuz pentsatzea, eta Peruk nahi duena da, neurri batean, bere kabuz pentsatzea. Baina bere kabuz pentsatzeak ez du eramaten pertsona hobeago edo integroagoa izatera.

[Jean-Paul] Sartretik hona egon da, oro har, konpromisoaren ideia bat oso errotua gurean, alderdiarekin eta beste, baina uste dut horrekin hautsi beharra dagoela. Sartre baino lehen bazegoen munduan jende konprometitua, eta egongo da aurrerantzean ere, eta dotrinarekin ezkontzea eta hori bukaeraraino eramatea arriskutsua da. Konpromisoa ez da ulertu behar alderdi edo ideologia batekiko leialtasun gisa, modu zabalago batean baizik.

Duela 20 urteko Donostiako gizartearen argazkia erakusteak bezainbesteko pisua izan al du egin berri duzun hausnarketa plazaratzeak?

Neurri batean, bai. Kontua ez zen, soilik, garai baten eta garai haren kontu estetikoen-edo berri ematea… 20 urte pasatu dira; ez dira gehiegi, baina bada puska bat. Garai hartan, absolutuen eta muturren ondorioz, oso liskartuta geunden. Lausotu da hura egun, eta gaude leuntze prozesu batean. Leuntze prozesu horretan ona iruditzen zait gauzak gogora ekartzea. Esango nuke nobelan ez direla gauzak gogora ekartzen epaituz; edo pertsonaia bat bera ere ez dela jartzen bestearen gainetik. Nik nahi nituen pertsonaiak agertu bere kontraesan, ahuldade eta bere aziertoekin, eta, era berean, garaiaren ezaugarri batzuk mahai gainean jarri.

Elementu horiek guztiak oreka batean mantentzeak eman al dizu lan gehien?

Ahalegindu behar duzu erpin asko agertzen. Batzuei, igual, ez zaie hainbeste gustatu, ez duelako trama jakin bat. Nire asmoa zen hori: garai bat, pertsonaiak, sekuentzia batzuk, hizketak… Esan izan da nobela korala dela, baina nik esango nuke pertsonaiena dela, ideiena ere bai. Orduko bizitasuna islatzea zen asmoa. Ziurrenik, gogoeta gero egiten dugu askotan, beste perspektiba batetik.

Protagonisten arteko elkarrizketek dezenteko pisua dute, oso errealistak dira.

Bizi izan ditut horrelakok, eta nik neuk eduki ditut arazoak. Jende dezente ezagutzen nuen gauza bat pentsatzen zuena, eta zu beste modu batekoa bazinen… Ez bakarrik hori: ezagutzen ez nuen jendea kargu eske etorri izan zait batzuetan. Fitxatuta al nengoen? Ni, paradoxikoki, EAkoa nintzen orain urte pila bat, eta orain oso barregarria da; izan ere, EA eta ezker abertzalea elkarrekin daude [umorez], baina EAkoa izan nintzenean arazoak izan nituen HBko jende batekin. Traidorea nintzen, eta beste. Ikusten duzu orain gauzak nola dauden, eta pentsatzen duzu bitxia dela.

Bigarren zatian, egun kokatutakoan, Peruren zein alderdi nabarmendu nahi izan duzu?

Nik uste dut bigarren zatian bere koldarkeria nabaritzen dela batez ere. Peruk gogoeta interesgarriak egiten ditu, zintzoak, baina azkenean ez da bustitzen. Esan daiteke bere posizioa onartuta daukala, eta hori defendatzeko bere teoria propioa asmatzen du. Eta, aldi berean, hipokrisia asko ikusten du; adibidez, jende asko ezkerrean dagoena, baina daramana bizimodu oso pijoa, oso aberaskumearena. Kontraesan horiek ikusita, berak erabakitzen du ez duela itxurakeria hori egin nahi, nahiz eta, era berean, ikusten dugun amore eman duela eta ez duela jarraitu gaztetako bidea, dena eraldatu nahi zuenarena. Ikusten ditu besteen kontraesanak, eta bereez ere jabetu den arren, ez dizkio bere buruari aitortu nahi.

Erabat etsita dago Peru…

Bai, baina bere etsipenarekin ez du adierazten «hau kaka bat da», baizik eta «nik nire lekutxoa egin dut munduan, eta hor konpon». Irakaslea da bere bikotekidea bezalaxe, badute dirua, nahiko ondo bizi dira, eta erabakitzen du inguruan ikusten duen antzerki horien parte ez izatea, baina, era berean, eroso bizitzen jarraitzea.

Gauzak lausotu dira azken 20 urteotan, baina liburua ez da baikorregia.

Ez, ni berez ez naizelako oso baikorra. Uste dut eszeptizismo eta pesimismo hori konpentsatu egiten dela liburuak daukan umore eta ironiarekin. Eszeptikoa naiz berez, ez soilik gatazkari dagokionez.

Gertatutakoa ez ahazteko ariketa da liburua?

Ez da gogorarazteko, kargu hartzeko, baizik eta esateko «aizu, bai, baina hona iristeko bide hau egin da, eta gauza asko gertatu dira». Ez zait gustatzen esaten dutenean gatazkaren kontakizuna egin behar dela. Kontakizun asko daude. Kartzelan 20 urte edo gehiago pasatu dituenak beste kontakizun bat egingo du; bizkartzain batekin ez dakit zenbat urte pasatu dituenak beste bat. Nik nahi nuen islatu gatazkaren egoera muturreko hori bizi ez duen jendearen egoera; alegia, gatazka eztabaidagai izan dugunona. Gatazkaren periferia azaltzen da liburuan. Ezkerretik, beharbada, planteatu beharko genuke konpromisoaren zentzu berri bat, zabalagoa, gizatiarragoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude