«Platoan sentitu dut ez dudala telebista ezagutzen»

Edu Lartzanguren / 2015-09-26 / 476 hitz

‘Zuek hor!’ gaueko saioaren lemazain berrietako bat da arraunlari ohia. Estudioan eginiko entretenimenduan dabil lehen aldiz, eta beste erritmo batera ohitzeko borrokan.

Ibon Gaztañazpi (Orio, Gipuzkoa, 1977) arraunlaria izan da urte luzez, abokatu lanean ibili da —baina ez zuen gustuko—, igeltsero, arotz, irakasle AEK-n… Kazetaritza ikastea erabaki zuen 28 urterekin, eta gustura dabil orain horretan. BERRIAn ibili da, Euskadi Irratian eta ETBko Herri people saioa aurkezten aritu da azken boladan. Estafeta 2 saioan, sanferminak barrutik erakutsi zituen. Zuek hor! saioaren bigarren denboraldia estreinatu zuen irailaren 16an.

Kaleko piztia zarela erakutsi duzu aurkeztu dituzun beste saioetan. Orain estudioan ari zara Zuek hor! saioan. Klaustrofobiarik sentitzen al duzu?

Telebistan, albistegietan ibili naiz, kiroletan, hainbat saiotan, baina, batez ere, kalean. Platoan sartzea zeharo ezberdina da, eta telebista ez dudala ezagutzen sentitu dut. Inoiz ez dut entretenimendurik egin, are gutxiago late show delako bat. Dena berria izan da, eta estreinaldian urduri ibili nintzen. Gero lasaitu egin nintzen.

Zerk harritu zaitu gehien Zuek hor! egiteko lanean?

Halako saio baten atzean dagoen egitura handiak. Herri people saioan, kamerari bat eta biok ibili gara Euskal Herrian barrena. Baina honen atzetik sekulako taldea dago.

Marta Elvirarekin aurkezten duzu saioa. Oso berritsua zara. Kostatu al zaizu txanda itxoiten ikastea hari hitz egiten uzteko?

Marta eta biok duela bi urte aritu ginen elkarrekin Euskal Herria zuzenean saioan. Oso ondo moldatu ginen. Lagunak gara, eta iruditzen zait hori igartzen dela. Telebistan bikotea osatzea ez da batere erraza. Koordinatu behar da, ondo ulertu elkar, bestea ez zapaldu… Ni, bakarrik ibilita, ohituta nago nahi adina galdera egitera. Ikusiko dugu funtzionatuko ote dugun, baina konfiantza badugu: ez dago arazorik hark ni une batean haizea hartzera bidaltzeko edo isiltzeko esateko.

Lehenengo saioak egin ondoren, zer esan behar izan dizute aldatzeko?

Mozteko, luzatzeko joera daukadalako. Eta erritmo gehiago emateko. Telebista erritmoa omen da, eta saio hau gehiago. Horren bila doaz: gonbidatua elkarrizketa sakon eta mamitsu batera bideratu beharrean, gurekin une gozo bat pasatzea. Ni ohituta nago galderak eta galderak egin eta gonbidatuari tripak ateratzera.

Azkenean esango duzu telebista arraunean egitea bezalakoa dela: koordinazioa eta erritmoa?

Arraunean erritmo bizian egin daiteke, edo patxadan. Neuri telebista lasaia gustatzen zait. Orain hau egitea egokitu zait, eta ikusten dut orain joera hau dela: erritmoa, erritmoa, erritmoa. Hori behar omen du jendeak, batez ere prime time-an. Ez da erraza tarte horretan aritzea, kateen arteko lehia handia dagoelako, eta hau egitea tokatzen da. Baina, nire ustez, erritmo motelagoko saioek tokia izatea behar-beharrezkoa da. ETB besteek markatzen duten bide horretan sartu da, agian sartu behar zuelako. Saiatu beharko ginateke, halere, geure entretenimendu eredu propioa sortzen. Kontuan hartu besteek egiten dutena, bai, baina kopiatu ez. Jendea ez da baboa, eta konturatu egiten da saio bat kopia hutsa denean.

Rock abeslariak bezala, telebistako aurkezleak ere gutxienez pasioa exijitu behar dio bere buruari?

Ez dakit hitza pasioa den edo zein den, baina sanferminak, Kontxako Bandera edo Europako Sega Txapelketa izan, benetako interesa duzunean kontatzen ari zaren horretan, hori igarri egiten da, uhinak eta papera zeharkatzen ditu. Benetakotasuna transmititzen duzu. Jendea, gainera, horren gose dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude