«Aberastasunaren nozioa diruaren balio hutsera mugatzen da»

Jone Amonarriz / 2015-10-02 / 523 hitz

Berrogei urte baino gehiago daramatza Jose Manuel Naredok (Madril, 1942) ekonomia ekologikoaren alorrean murgildurik. Azken urteotan hainbat sari jaso ditu, bai Espainiakoak, bai nazioartekoak; baina gaiaren inguruan egindako hamaika ikerketak eta idatzitako dozenaka liburuk «gogobete» dute bera. Donostiako udaletxean izan da aste honetan, «espresuki hitzordu horretarako» prestatutako hitzaldia emateko.

Zer da ekonomia ekologikoa?

Ekonomia ekologikoa erredundantzia bat da niretzat. Ekonomia ordinarioa eta ekologikoa sustrai berean batzea eta ikuspuntu kointegratzailea ematea da, funtsean, ideia nagusia; baita izakiaz kezkatzea ere, noski. Eta hori dena, ekologiaren ikuspuntu zabaletik, biosferaren parte garelako. Ekonomia ekologikoaren arazoa konbentzionalarekin duen dibortzioa da. Konbentzionalak murrizketa monetarioarekin jarraitzen du, kostu-irabazien ikuspegiaren korralera eramanez, ingumena eremu horretara bideratzeko. Eta hori kontraesan galanta da, ingurumenak berak sortu baitu ekonomia horren ikuspegia. Boterean daudenak ez dira ari kontuan hartzen munduan gertatzen ari dena.

La economía en evolución izeneko liburuaren laugarren edizioa kaleratu duzu aurten. Zer aldatu da lehenengotik?

Eguneratu egin dut garaiak aldatu egin direlako, eta panorama akademikoa ere bai. Gakoa da sistema ekonomikoaren nozioak oinarrizko instituzioek gorpuzten dituztela: jabetza absolutua — inposatzen dena — eta dirua  —murrizketa monetario hori bideratzeko —. Modu horretan, aberastasunaren nozioa diruaren balio hutsera mugatzen da.

Zein dira beherakada ekologiko eta sozial horren kausak?

Murrizketa monetarioak oinarri gisa hartzen du aipatutako giza izaera hori. Etekin nahiak eta borroka lehiakorrak jabetze gosea indartzen dute. Gauzak erauzketaren kostu hutsaren arabera balioztatzen dira, eta ez horiek berritzea kostatzen denaren arabera. Alor instituzionalari dagokionez, propietatea, dirua eta instituzio hierarkikoak ontzat hartzen dira, eta enpresak eta alderdi politikoak bultzatzen dira, ekonomiak ikusezin bihurtzen dituen horiek albo batera utziz. Giza harremanak interesak gidatzen ditu.

Etengabe daude presente sistema ekonomikoaren kontraesanak. Nola bizi duzu hori?

Bizitzak zerikusi txikia dauka ekonomia gose horrekin, nire kasuan, behintzat. Fisikoki eta sozialki atsegina den ingurune batean bizitzeak eta harreman onak izateak bizi kalitate ona ematen du. Gutxieneko diru bat edukiz gero, gainontzeko guztiak ez dauka zerikusirik diskurtso ekonomiko horrekin.

Planetaren hondamendia deitzen diozun horri erantzuna emateko garaiz gabiltza?

Hondamendi hori pixkanaka ari da gertatzen. Kolapsoaren inguruan hitz egiten da, baina hondatzen ari den guztia aldatu edo ordezkatu daiteke. Jendea ez da gogoratzen lehen paisaia bat zegoela, suntsitu egin duguna, eta Lurra gain behera doala. Oroimen oso txarra dugu. Gainera, irudi berdea delakoa saltzeko hamaika inbertsio egiten ari dira, zera esanez: «Lasai, lanean ari gara horri guztiari buelta emateko. Ez da ezer pasatzen; ez kezkatu». Hori engainu bat besterik ez da.

Herritar bakoitzak zer egin dezake horri aurre egiteko?

Protestatu eta mobilizatu. Gizartearen parte hartzea ezinbestekoa da erabaki propioak hartzea ahalbidetzeko. Enpresa kapitalistatik at dauden instituzioak eta sareak eratuz soilik egingo diogu aurre krisi sozialari.

Webgune bat ireki duzu sarean zure lanak argitara emateko.

Boterearen erresonantzia kutxak dira hedabideak, oro har, eta, beraz, apenas dagoen interesik nik ikertu ditudan gaietan. Oro har, isiltasun handia dago. Dena den, ekonomia kritikoaren eta ekologikoaren presentzia ia unibertsitate guztietan dago orain; eta, alde horretatik, ez naiz lehen bezain bakarrik sentitzen. Informazioaren alorrean, krisiarekin ere antzerako zerbait gertatu da. Bat-batean, asaldatu egin dira, «Zer gertatu da?» galdetuz. Nik, bere garaian, behin eta berriz esan nuen nora gindoazen.

Eta ez zizuten kasurik egin.

Ni ez naiz dibulgatzailea. Alde horretatik, neure burua gogobetetzearekin konformatzen naiz. Nahiago dut denbora kontu atseginagoetan inbertitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.