Doktore tesien gorakada EHUn

Ainhoa Sarasola / 2015-10-02 / 378 hitz

Bere ikerketa jarduera ebaluatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta, orain lau urte bere buruari jarritako helburuak bete ez ezik, gainditu ere egin ditu arlo gehienetan. 2011-2014ko Ikerketa Planaren emaitzak aurkeztu zituen atzo EHUko Gobernu Kontseiluan, eta ikerkuntza jarduera «finkatu» egin dela ondorioztatu du. Lau urteotan gora egin du defendatutako doktore tesien kopuruak, aurreikuspenak gaindituta gainera, eta igo egin dira Europatik jasotako finantzaketa, nazioarteko aldizkarietan argitaratutako lanen kalitatea eta enpresen sorrera ere. Euskaraz landutako tesi kopuruak ere gora egin du lau urtean: 25etik 43ra igo dira.

2011n 319 doktore tesi defendatu ziren EHUn, eta iazko urterako 400 azterlan jasotzeko xedea zehaztu zuen unibertsitateak. Helburua aise bete da, baita %20 gainditzea lortu ere, 479 lan aurkeztu baitziren iaz. Halaber, nazioarteko tesien kopuruak ere —atzerriko unibertsitate edo erakunde batekin elkarlanean gauzatutako lanen kopuruak— gora egin du lau urteotan: 80 izan ziren 2011n, eta 175 iaz. Euskaraz sortutako ikerlanak gehitu behar zaizkio, halaber, gorakada orokorrari. «Balorazioa oso positiboa da», Fernando Plazaola EHUko Ikerkuntza arloko errektoreordearen hitzetan. «Jarritako kopuruak ez dira nahikoak izan; ekoizpen zientifikoa handia eta kalitatezkoa izan da».

Aldizkari zientifikoetan argitaratutako lanen emaitzak ere nabarmendu ditu Plazaolak. Iaz 2.000 artikulu argitaratzeko xedea zuen unibertsitateak, eta 2.615 izan ziren azkenean. Kopuruan ez ezik, lanen kalitatean ere aurrerapausoa izan da. Izan ere, jakintza arlo bakoitzaren kalitate handieneko aldizkarietan —lehen kuartila edo Q1 deritzonetan— argitaratu dituzte artikulu horietatik 1.400. «Gure ikerketa taldeen lehiakortasuna agerian geratu da», Plazaolaren esanetan. «Jakintza arlo guztietan egin dute gora bai tesiek bai artikuluek. Unibertsitatean egiten den ikerketa gero eta inpaktu handiagoa izaten ari da, eta, gainera, agerian dago ikerketaren kalitatea hobetu egin dela urteotan arlo guztietan».

Ikerketa proiektuetarako, urteotan 35 milioi euro lortu ditu EHUk Europako Batasunaren VII. Esparru Programatik. «Europan oso indartsu sartu gara. Aurreko programaren aldean, sei aldiz finantzatze handiagoa lortu dugu. Asko areagotu da gure nazioartekotasuna».

Enpresa berriak sortzea

Enpresa eta administrazioekin sinatutako kontratuek, ordea, behera egin dute lau urteotan, nahiz eta iaz gorakada txiki bat sumatu zuten. «Krisi egoeran jardun gara, eta hainbat iturritatik finantzatzea gutxitu egin da, baina, hala ere, etekinak nahiko onak dira», Plazaolaren ustez. 35 milioi euro fakturatu ditu EHUk 2011tik.

Enpresa berrien sorkuntzan, berriz, hobera egin dute datuek, eta iazko aurreikuspenak bikoiztu egin dituzte: 49 enpresa sortu dira, eta bi herenetan ikasleen parte hartze zuzena izan da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude