Minbizia

Idurre Eskisabel / 2015-10-29 / 465 hitz

Irrati jator batean kritikotasun eraldatzailearen goia jotzeko lehian dabiltza bi solaskide. Sistemaren eta, bereziki, sistemak alienatutako jendeen aurka ari dira egurrean, nor baino nor gehiago. Erraietaraino asaldatu ditu nonbait Madrilen berriki gertatutakoak: arropa merke saltzen duen kateatzar multinazional batek bost solairuko megadenda distiratsua ireki du kale nagusian, eta «kapitalismoaren tenplutzarra» gutxi balitz bezala, txarrena omen jendea saldoka joan dela erostera. Hainbeste, eze segurataz hesituta barrura sartzeko txandak egin behar izan dituzte gainezkatzerik gerta ez dadin.

Kuleroak euroan, galtzerdiak beste hainbestean, umeentzako pijamak bostean eta jeans-ak 8an, horra hor jendea liluratzeko beita merkea, solaskideetako batek ironia tentetuta esan duenez. Artaldearen metaforari heldu dio gero. Halaber, ardura politikoz jokatzen duen herritarra izanik, ilara horiek ikusita lotsa sentitu duela adierazi du, ulertaraziz espeziekideengan pertsona adimentsuak baino gehiago estimulu errazenen aurrean kitzika eutsiezina sentitzen duten hamsterrak ikusten dituela.

Beste solaskideak, erabateko onberatasunez jantzita, ironiatik baino gehiago pedagogiatik aritzea erabaki du, haurrak bezala jendea moldatzeko modurik eragingarriena azalpen mamurtuak ematea delakoan. Horrenbestez, datu eta argudio zerrenda aletu du, hala nola kuleroak euroan saldu eta, hala eta guztiz, ugazabek probetxu ateratzeak esan nahi duela milaka jende (umeak barne) miseriaren truke eta baldintza miserableetan ari direla lanean gure hego-ekialdeetan. Are, ohartarazi du «hemengo» langileei ere miseria baino ez diela eskaintzen: 700 euroko soldatak larunbat gaueraino luzatzen diren lanaldien ordainetan. Finean, erakutsi du saltoki horietan erosten duena konplize dela esplotazio kateatzar horrekin.

Amaitzeko, solaskide biak bat etorri dira azpimarratzen zoriona ez dagoela gauzak —esaterako, kuleroak— konpultsiboki pilatzean, eta egin beharreko ariketa dela gutxiagorekin bizitzen ikastea.

Uhinez bestaldera, berriz, 50 metro koadroko etxebizitza bateko sukaldean, solaskide horien jardun dotorea belarritik sartu ahala gosaritarako hartu berri duen kafesnea mintzen ari zaio urdailean andre bati —inguruetako preziorik merkeenak eskaintzen dituen hipermerkatuko kaferik merkeenarekin eta esnerik merkeenarekin prestatutako kafesnea, bidenabar—. Bere burua ispilatuta ikusi baitu irratiko solaskideen erretratuan, herritarrarena barik, ez buru, ez bihotz, eta ez borondaterik ez duen azpijende borrerotuarena den argazkian. Berak ere saltokitzar horietan erosten baititu kuleroak, euroan. Beretzat, alaba nerabearentzat, eta 5 urteko txikiarentzat. Eta han erosten baititu galtzerdiak, jertseak, prakak, berokiak, zapatak… denentzat… beste inon ezin duelako. Pentsatu du gustura gonbidatuko lituzkeela irratiko solaskideak bere etxera, gutxiagorekin bizitzera. Eta, era berean, pentsatu du irratiko solaskideek inoiz ez dituztela aipatzen miseria baten truke garbitzen duen etxeko andrearen kaxoietan pilatzen diren 50 euroko kuleroen borrerotasun eta konplizitateak; edo berari hilean pagatzen diona baino dezente garestiago ordaindutako berokiarenak. Baina, hala eta guztiz, errudun sentitu da Bangladeshko edo batek daki nongo haurrengatik.

Eta inguruetako kafesnerik merkeena urdailean mintzen ari zaion bitartean, albistegia hasi da irratian, eta titulu handien ahots larriz prozesatutako haragiak minbizia eragiten duela iragarri du esatariak; hau da, txahalki biologikorik ordaindu ezinean berak etxekoen sabelak berdintzeko erosten dituen saltxitxa, hirugihar eta hanburgesek minbizia sortzen dutela. Urdaileko mingotsaren gogorrari erreparatuta, pentsatu du amorrua, ezina eta errua ari direla bere baitan tumore zornetsu bat ereiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.