Mundua olatu gainean

167zbka. – 2015/11 / 567 hitz

Hemezortzi urte dira kayak surfean Euskal Selekzioa dugula. Bi urtetik behin lehiatzen den Munduko Txapelketaren azken bortz edizioetatik lautan izan dira txapeldun. Etxean bertan ere hainbat txapelketa antolatzen dituzte, Donostiako Zurriola Cup kasu.

Piraguarekin olatuetan maniobrak egitean datza kayak surfa. Surflariak taulan zutik doazen legez, kayak surflariek itsasora egokitutako piragua erabiltzen dute. Ontzia, oro har, ibaian ibiltzen duten berdina da, baina olatuak hartzeko egokitzapen batzuk ditu: surf taulak bezala gila du, eta ertzak bereziak ditu olatuari heldu eta abiadura hartu ahal izateko.

Euskal Herrian, kirol honen lehen hazia 1997an erein zuten Luis Anando eta Txema Carreto piraguista bizkaitarrek, ibaiko piragua hartu eta itsasoan olatuak hartzen hasi zirenean. Ordurako bazuten kirol honen berri, eta mundu zabalean jendea zertan ari zen deskubritzeko gogoz, urte horretan bertan Eskozian, Thruson, lehiatzen zen Munduko Txapelketan parte hartzera animatu ziren. Bertan, olatuak hartzeaz gain, informazioa biltzeko lanetan aritu ziren, eta lan hari esker azken urteetan munduko erreferentzia bilakatu den Euskal Herriko Kayak Surf Selekzioak lehen urratsak emateari ekin zion.

Euskal Herrian gero eta zale gehiago dituen kirola da, eta bertako kayak surflariek hiru txapelketa nagusi lehiatzen dituzte: Euskal Herriko txapelketa, Iberiar Kopa eta Munduko Txapelketa. Denboraldi arrunta udaberrian hasten dute, eta guztira, lau edo bortz proba izaten dituzte. Proba horietako emaitzen arabera euskal rankinga osatzen da, eta kayak surflaririk onenek bi urtetik behin lehiatzen den Munduko Txapelketarako pasea lortzen dute.

Txapelketak bakarka jokatzen dira, baina talde edo selekzioen sailkapenak ere egiten dira, horietako kideek lortutako emaitzak batuta. Bi kategoria daude: piragua laburrekoa edo HP (High Performance) eta piragua luzekoa edo IC (International Classic). 15 eta 20 minutuko txandak dituzten kanporaketak lehiatzen dira lehendabizi, horietan lau palistak parte hartzen dute, eta bi hoberenak sailkatzen dira. Partaideek txanda bakoitzean hamar olatu bitarte hartu ditzakete, eta bi olaturik onenetan lortutako puntuazioa hartzen da kontutan. Olatuaren neurri eta luzeraren, palistaren estiloaren eta olatuaren unerik zailenean egindako maniobren arabera banatzen dira puntuak, batetik hamarrera.

Zurriola Cup
Euskal Herrian lehiatzen diren txapelketen artean azkena urrian egin berri den Donostiako Zurriola Cup txapelketa izan da. Urtetik urtera hazten ari den txapelketa da, bai parte-hartzaile kopuruan, iaz 38 lagunek parte hartu zuten eta aurten 66 izan dira, baina baita estatusean ere. Julen Arrizabalaga Euskal Selekzioko kide eta Zurriola Cupeko antolatzailearen hitzetan, “txapelketa hau inguruko erreferente bilakatzea eta urtetik urtera kalitatea eta parte-hartzea handitzea” dituzte helburu.

Helburu horiek erdiesteko bidean, aurtengo edizioa berezia izan da. Euskal zirkuituko hirugarren eta azkenaurreko froga izateaz gain, Gipuzkoako Txapelketako eta Iberiar Kopako bigarren froga ere izan da, eta, ondorioz, Euskal Herriko kayak surflariez gain, lehen aldiz, Espainia, Frantzia eta Portugalekoek ere parte hartu dute.

“Gaur egun, 50 bat federatu ditugu Euskal Herrian, eta urtetik urtera gero eta lagun gehiago ari dira gure selekzioan inplikatzen”, dio Arrizabalagak. Selekzioa osatzen duten taldeak, espero zitekeen bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan daude. Bizkaian Barrikako, Mundakako, Baikoko Itxasondo eta Lekeitioko Dzanga taldeak daude, eta Gipuzkoan Zarauzko Hondar Kayak eta Donostiako Real Club Náutico, Club Atlético eta Real Club de Tenis.

Urtetik urtera gero eta gehiago dira Euskal Herrian kayak surfera gerturatzen ari diren kirolariak, eta joera hori indartzen joateko asmoa dute Euskal Selekziotik. Horretarako, Julen Arrizabalagaren ustez, “gaztetxoak entrenatzen dituzten klub gehiago sortzea eta euskal zirkuituko proben garapena sustatzea” lirateke lehentasunak.

Alde horretatik, gauzak ondo egiten ari da Euskal Selekzioa, eta horren erakusgarri da azken Munduko Txapelketetan neska zein mutil, gazte zein heldu, txapelarekin bueltatu direla, eta esan bezala, selekzioa bera ere kirol honetan jaun eta jabe izan da. Txapeldun beteranoetakoa den Edu Etxeberriarekin izan gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.