Euskalerria Irratia / 2015-06-10 / 921 hitz
Auzoaren izena Arrotxapea da, eta azken ‘a’ hori ez da itsatsia. Beraz, Arrotxapeko, Arrotxapera, Arrotxapetik… deklinatzen da.
Arrotxapea auzoak jaiak ospatuko ditu asteburu honetan. Horren karietara, Arrotxapeko Euskalgintza plataformak auzoaren izenaren inguruan egindako txostena berreskuratu dugu, Ezkaba aldizkaritik. Toponimia aditu bi hartu zituzten erreferentziatzat: Jose Maria Jimeno Jurio zena eta Mikel Belasko. Bion lanak aztertu eta gero, ondorioztatu zuten Aurrotxapea dela auzoaren izen euskalduna.
Iruñea euskalduna
Aitzina, Iruñea zaharra gune euskalduna zen. Euskara zen herritarren komunikazio hizkuntza nagusia eta euskaraz egiten ziren eguneroko harremanak, auzokideekin zein merkatariekin (errotariarekin, arotzarekin, albaitariarekin…). Dena dela, Elizak eta orduko agintariek latina eta erromantzeak erabiltzeari ekin zioten eta ondorioz ezagutzen diren lehen dokumentu idatzietan hizkuntza horiek izan dira nagusi. Honela, mendeetan zehar dokumentu ofizialak latinez edota erromantzez idatziko dira, baina idazki ofizial horiek ezingo dute errealitatea ezkutatu, horietan eguneroko hizkuntza, herriaren hizkuntza, euskara zela agertuko baita behin eta berriz.
Adibidez, 1765 urtean, Iruñeko artzapezpikuak berak, Gaspar de Mirandak, Artzapezpikutzako herritarren bi heren baino gehiago euskaldunak zirela azaltzen du idazki batean. Are gehiago, urte batzuk lehenago euskaldun elebakarrak are gehiago zirela ere argitzen du, hala nola, elebitasuna zabaltzen ari dela maisuek gaztelania irakasten dietelako haur nahiz helduei.
Mende bat beranduago ere, 1874 urtean, Iruñeko kaleetan euskara nagusi zela erakusten digu beste idazki batek. Garai hartan Iruñeko udaleko idazkari zen Leandro Oliverrek idazki batean aitortzen duenaren arabera, hiriko merkatari kaleetan euskara zen nagusi. Are gehiago, auzokide euskaldunekin (elebakarrekin) aritzeko denda guztietan gutxienez euskaldun bat behar zela ere esaten du:
“… el vascuence se hablaba constantemente en las calles del Carmen, Navarrería y Santo Domingo, y en todos los comercios era necesaria una persona al menos que hablara euskera…”
Arrotxapea euskalduna
Arrotxapean ere euskara nagusi zela frogatzeko gure auzoko toponimia ikustea besterik ez dugu. Izan ere, toki izenen azterketa oso bitarteko garrantzitsua izaten da hizkuntzalarientzat hizkuntza baten bilakaera ulertzeko, nahiz eta oso zaila izan toponimo bat noiz jaio eta noiz hiltzen den objektiboki ezartzea, toki izena ageri den dokumentuaren data datu erlatiboa izaten den heinean.
Iruñeko gainontzeko auzoetan gertatzen den moduan, geurean ere euskarazko hamaika leku-izen daude auzoko txoko eta bazterrak izendatzeko eta, jakina, auzoaren beraren izena egoera honen adibide garbia dugu. Leku-izenak jendeak bere inguru fisikoa (ibaiak, mendiak, bazterrak, bideak, etxeak…) izendatzeko erabiltzen dituen izenak dira eta garai bateko auzokideek beraien ama hizkuntza, euskara, alegia, erabili zuten auzoko guneak izendatzeko. Mendeetan zehar agintari eta idazkari arrotzen inposaketa gainditu ondoren hainbat eta hainbat leku-izenek bizirik jarraitzen dute gaur egun. Beste asko bidean galduko ziren arren, toki-izen horiek garai batean Arrotxapea auzo euskalduna zela erakusten digute.
Nola du izena?
Iruñean Erdi Aroan jasotako toponimo gehienak euskal jatorrikoak dira, baita gure auzoaren izena ere, lehen esan bezala. Hauek dira garai hartan jasotako aldaera guztiak:Arrotxapea, Juslarrocha, Debajo de la Rocha, Sub la Rocha. Etimologikoki oso argia da Arrotxapea izenaren izaera hibridoa: Alde batetik, “Rocha” dugu, “arroka- roca” hitz erromanikoaren aldaera, euskarazko ahoskerara egokitua. Izan ere, euskarak ez zuen, jatorrizko ahoskeran, hitz hasierako r- soinua onartzen eta, horregatik, jasotako maileguei hasieran bokal protetikoa ezartzen zitzaien (lat. reguina-eus. erregina, rom. rata- eus. arratoi…). Hitzaren lehenengo zati honek Arrotxapeko Ataria zaintzen zuen La Rocha dorreari erreferentzia egingo lioke. Bestalde, euskarazko “–pea” atzizkia, horren “azpian” zegoena izendatzeko. Benetan esanguratsua da jatorri euskalduneko aldaera erabat erromanikoak ziren gainontzeko aldaeren artean gailendu izana. Are gehiago, jatorrizko Arrotxapea izan zen gaztelerara egokitu zena, Rochapea sortuz. Hauxe izan zen gaztelera nagusitu ahala gizartean ere zabaldu zen forma, XX. mendeko 2. erdialdera arte.
Orduan, Iruñeko nahiz Arrotxapeko biztanleek auzoaren izena berreuskalduntzeko beharra sentitu zutenean, ordura arte dokumentatu gabeko Errotxapea izendapena izan zen zabaldu zena, Arrotxapea formaren kaltean. Historikoki dokumentatutakoa Arrotxapea izan arren eta izendapen ofiziala ere horixe duen arren, Errotxapea izendapenak oso zabalduta dago auzokideen artean.
Hala ere, Arrotxapea badoa poliki-poliki euskaldunon artean errotzen. Eztabaida formala gauzatu ez bada ere, oso modu naturalean, auzoa ari da bere jatorrizko izena berrreskuratzen, Berria egunkarian, Eukal Herria Irratian, auzoko Euskalgintza osatzen duten taldeen artean…, Ezkaba aldizkarian ere bai, horren aldeko hautua egin baitu ikasturte honetan.
Arrotxapeko leku-izenak
Auzoaren beraren izenaz gain, asko dira XVI. mendean lehenbizikoz agertzen diren Iruñeko leku-izenak, eta oraindik ugariago XVII. eta XVIII. mendeetakoak. Esaterako, gure auzoan edo inguruan honelakoak aurki ditzakegu: Santa Engraziaguibela (1.670ean dokumentatuta lehenbizikoz), Errotazar (1.685ean), Sanjorgeondoa (1.784an), Buztinchuri (1.825ean)…
Gure bazterretako erdarazko izen gehienak (elizarekin zer ikusirik dutenak salbu) XIX. mendekoak dira: “Cuatro Vientos” (La casa de los …) eta “Paseo de los Enamorados” esaterako. Hala ere, azken urte hauetan jatorrizko hainbat izendapen berreskuratzen ari dira auzoko hainbat talderen eskutik. Berreskurapen hauen artean aipa ditzakegu Ezkaba (Aldizkaria), Mendialdea (Auzo elkartea), Arriurdineta (Elkartea), Arriasko edota Txantxarrana (Erraldoien konpartsa)…
Horiek batzuk baino ez dira eta ikerlariei esker beste asko ere badirela badakigu. Jimeno Jurio eta Salaberrik “Toponimia de la cuenca de Pamplona” liburuan aipatzen dituzten batzuk edota auzoko Ezkaba aldizkarian dokumentatu diren zenbait, esate baterako:
Ugarkagain: Errotazar kalearen parean, Errotazar izen lekua baino zaharragoa. Santo Domingoren aldaparen pean dagoen errota zaharraren aurrean, ibaiaren barnean ikus ditzakegu uharka baten aztarnak. Gaur egun ibai parkea den ertza. XVI. mendean dokumentatuta dago.
Zumadia: Cuatro vientos (XIX. mendea). Eremu horretan zume batzuk omen zeuden. XIII. mendean dokumentatuta dago.
Kosterapea: (Aldaparen/pea) Atari berritik Zumadiaraino, ibaiaren ezkerreko ertza. XVII. mendean dokumentatuta dago. Oblatas eta Trinitarios izenekin ezagutzen den bazterra.
Ahaztu gabe garai historiko zehatz batean auzoko herri mugimenduak egindako ekimen polit hura gure auzoaren izena euskaratzen, nire iritzi apalean, hori bezain polita litzateke orain dugun ezagutza aintzat hartu eta auzoko euskarazko jatorrizko izena normalizatzea. Are gehiago, gaztelaniaz hitz egiten dugunean ere bai, Iruñeko auzoetako berezko izenak agerrarazten: Arrosadia, Mendebaldea… Arrotxapea. Hemengo aspaldiko jendeak ez baitzuen Rosales, El Oeste… edo Bajo la Roca esaten.