«Guztiz baztertu nuen eskalada, zer nahi nuen argi izateko»

Unai Ugartemendia / 2016-01-12 / 842 hitz

Urte amaiera ere eskalatzen pasatu du Chulillan (Valentzia, Herrialde Katalanak). Lagun artean. Hara joaterako, 2015eko Espainiako Eskalada Kopako txapeldun izatea lortu zuen. Ez zuen lehena txapela kontuetan. Oraindik oso gaztea den arren, eskarmentuan oinarrituta hitz egiten duen horietakoa da Itziar Zabala. Gogotsu, indarberritua eta ideia argiekin itzuli da berriro ere katuoinak jartzera. Hala ere, ez da bide samurra izan orain artekoa.

Hasteko, zorionak. Eskaladan hasi aurretik beste kirolik egiten al zenuen?

Betidanik gustatu izan zait kirola egitea. Ahal izan dudan kirol guztiak probatu ditut, baina eskalada probatu nuenetik, beste kirol gutxitan aritu naiz. Hala ere, beti prest nago edozer egiteko.

Haurra zinela, Diman (Bizkaia) Rockmasterra jokatzen zenean ikusi ahal izan zintugun. Zerk erakarrita hasi zinen eskalatzen?

Zorte handia izan dut jaio naizen lekuan jaiotzeagatik. Dima eskaladari oso lotua dagoen herria da, eta, horrez gain, adin ezin hobean suertatu zitzaidan Dima Rockmasterra. Guztiz berria zen niretzat, eta asko harritu ninduen horrek guztiak. Dimako eskalada hormara joaten hasi nintzen, eta nahi gabe eskalatzea nire pasio bihurtu zen.

Oso gaztetan hasi zinen nabarmentzen. Norekin entrenatzen zinen?

Oso burugogorra izan naiz betidanik, eta eskalada hormako bideak egin arte ez nintzen etxera joaten. Zerbait egin gabe geratzen bazen, goizean goiz berriro han nengoen bidea nirea izan arte eskalada hormako lagunekin. Eskalatzaile indartsuak joaten ziren bertara, eta horrek eboluzio azkarra izan zuen nigan. Eskalatzen hasi eta oso gutxira, nire lehenengo 7ak egiten hasi nintzen, Euskal Herriko txapeldun, Espainiako txapeldun, eta, bat-batean, nazioarteko txapelketetan ikusi nuen neure burua. Aitortu beharra daukat horrek oso alde onak izan zituela, baina sentitu nuen jolas bat izatearen esentzia galtzen ari zela.

Irakasle finkorik izan duzu?

Entrenatzaile batzuk izan ditut, eta asko ikasi dut haiengandik, baina beti saiatzen naiz guztiengandik gauza onak ateratzen eta motibatzen nauten eskalatzaileekin eskalatzen.

Nola barneratu duzu gazte-gaztetandik jende askoren ahotan izatea?

Eskalada oso era pertsonalean sentitzen dudan kirola da. Niretzat, kirol bat izateaz gain, nire bizitzako alde guztietan dagoena da. Oso gaztetandik eraman dut nirekin, eta oso era naturalean bizi izan dut.

Zerk eraman zintuen txapelketak alde batera uztera?

Lehen aipatu dizudan bezala, nazioarteko txapelketetan hasi nintzenean, jolasa izateari utzi zion niretzat. Maila horretan aritzeak konpromiso maila handia eskatzen du, eta jolasa edo lehiaketa izatea nahi nuen pentsatzeak eraman ninduen txapelketak alde batera uztera. Banekien eskalatu nahi banuen berez etorriko zitzaidala gogo hori, eta guztiz baztertu nuen eskalada, zer nahi nuen argi izateko.

Lehiaketatik at egon zinen denbora horretan zer egin zenuen? Beste kirolik?

Alde batera utzi aurretik, nire aisialdiko denbora guztia eskalatzeari eskaintzen nion, eta erabaki hori hartu nuenean, beste gauza guztiak egiteko baliatu nuen. Ikasketetan buru-belarri zentratu; bidaiatu, baina ez eskalatzera…

Txapelketak izan al ziren horren errudun?

Ez nuke errudun hitza erabiliko, ez naiz batere damutzen. Guztiz ondo etorri zitzaidan benetan eskalatu nahi nuela sentitzeko. Izan ere, oso gazte hasi nintzen horretan, eta erabakitzeko autonomia ez da nahikoa adin horretan, niretzat behintzat.

Inoiz pentsatzen al zenuen berriro ere bueltatzea?

Ez nuen horretan pentsatzen. Ez banuen eskalatzeko gogorik sentitzen, ez nintzen bueltatuko, baina ez zen horrela izan, eta inoizko gogo handienarekin hasi nintzen berriro ere.

Nork animatuta hasi zinen berriro txapelketetarako entrenatzen?

Ez zen lan zaila izan: katu hankak jantzi nituenean berriro ere indartsu sentitu nintzen. Patxi Usobiagak gomendatu zidan Alacanteko Espainiako Txapelketara joatea, probatzera, ea zer moduz sentitzen nintzen ikusteko.

Nerabezaroan esaten zenuen eskaladan lagunekin gozatzen zenuela. Orain berdin pentsatzen duzu, ala lehiaketan bete-betean murgilduta zaude?

Dudarik gabe, lehiaketa egun bateko kontua da. Egun hori iritsi arte egindako bidea lagunekin egiten dut, eta haien motibazio eta animoengatik ez balitz ez nuke berdin gozatuko.

Espainiako Kopako txapeldun izan berri zara. Esperotako itzulera izan al da?

Lehenengo txapelketara probatzera bakarrik joan nintzen, eta garaipena lortu nuen, espero gabe.

Horretarako entrenatu zara, ala nahi gabe lortu duzu garaipena?

Hasieran lehiaketa ez zen nire helburua, baina lehen proban oso ondo sentitu nintzen, eta hurrengoetarako entrenatzen hasi nintzen. Oso gustura nabil entrenatzen nire entrenatzaile Giannirekin eta Patxirekin. Gogotsu nago, haien entrenamenduak jarraitzeko.

Espainiako Kopan emakume asko ikusteko aukera izan dugu. Hori al da berez gaur egungo errealitatea? Ala txapelketa delako izan da?

Nik uste dut emakume askok eskalatzen dugula. Gutxi joaten dira txapelketetara, baina, zorionez, hormetan gero eta emakume gehiago ikusten ditut.

Gaur egun Patxi Usobiagarekin eta Gianni Faggianarekin entrenatzen zara. Nolakoak dira entrenamenduetan?

Nire entrenatzaileak izateaz gain, lagunak ere badira. Haien motibazioa ikaragarria da, eta eskalatzaile eta pertsona gisa ere miresten ditut. Horrek konfiantza osoa ematen dit haien entrenamenduan sinesteko, eta zorte handia dut haiek alboan izateaz.

Zer erakutsi dizute?

Hura ere antzera ibili zen, eskalada utzi eta berriro ere bete-betean ikusten dugu.

Oraindik oso gaztea zaren arren, non ikusten du bere burua Itziar Zabalak hemendik hamabost urtera?

Ba, hamabost urte barru egon nahi dudan lekuan egotea. Uste dut eskalatzen ibiliko naizela, eta espero dut gaur egun dudan pasio berberarekin izatea.

Euskal selekzioan ere aritutakoa zara. Zer-nolako harremana duzue zuen artean?

Guztiok ezagutzen dugu elkar, eta askotan haitzean ere batera eskalatzen dugu. Horrek giro oso ona sortzen du, eta plazer bat da niretzat euskal selekzioarekin lehiatzea.

Zer-nolako maila dago Euskal Herrian orokorrean?

Oso maila handia dago batez ere haitzean. Haitz asko dauzkagu, eta horrek emaitzak izaten ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.